Espainiako inbestidura saioa. Mertxe Aizpurua. EH Bilduren bozeramailea Kongresuan

«Eskuinak arriskuan ikusten du orain arte izan duen posizioa»

Aizpuruak uste du igandean jasandako «erasoa» eskuineko hiru taldeek aldez aurretik «antolatutako plan bat» izan zela. Ziur da hasi berri den legealdian indar independentistak «erabakigarriak» izango direla.

MARISCAL / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Igandean, Espainiako inbestidura saioan, eskuineko taldeen ahotikirainak eta mehatxuak entzun behar izan zituen Mertxe Aizpuruak (Usurbil, Gipuzkoa, 1960),hitza hartu zuenean. «Eraso» horiek «ideologia faxista» bat erakusten dutela iritzi dio EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak, eta ziur da aurrerantzean ere antzeko jokabideak ikusiko direla. Pedro Sanchez presidente aukeratuta, itxaropentsu mintzo da Aizpurua: «Espero dugu soluziobideak jarriko dituen legealdia izatea».

Igandean eskuineko diputatuen irainak entzun behar izan zenituen, eta hitzaldia behin baino gehiagotan eten zizuten. Halakorik espero al zenuen?

Aurreikusten nuen eskuinak horrelako jarrera bat erakustea, baina ez nuen espero hainbestekoa izatea. Eskuineko hiru taldeek antolatutako plan bat izan zen.EH Bildukoak agertzen garen bakoitzean gure aurka egiten dute, baina ezin da ukatu igandekoa izugarrizko erasoa izan zela. Ez nuen espero horrelako erasorik.

Hala ere, soseguari eutsi zenion. Nola bizi izan zenuen?

Ez zen erraza izan. Hemizikloan oihartzun handia dago, eta dena gainera etortzen zaizula ematen du. Lasaitasunari eustea erabaki nuen, nahiz eta etengabe ari zitzaizkidan hitzaldia eteten. Haien asmoa zen ni nahastea eta haria galtzea, baina argi nuen nire hitzaldiari jarraitu behar niola, eta hala egin nuen. Agerian geratu zen nire hitzaldian salatu nuen hori bera: bizirik dagoela estatuaren egituretan txertatuta dagoen frankismoa. Igandekoa izan zen adibiderik garbiena.

Politikoki zer analisi egiten duzu? Zeren isla da eskuineko taldeen jarrera hori?

Konturatu dira arriskuan dagoela orain arte mantendu duten posizioa, hau da, estatuaren egiturak bere horretan mantentzeko nahi hori. Beti esan dugu estatuaren arazoari soluzioa emateko egiturazko erabakiak hartu behar direla eta funtsezko aldaketak ezinbestekoak direla; eta eskuinekoek ikusi dute hori dena arriskuan dagoela. Atzera jo nahiko lukete, baina, aukerarik ez dutenez, oihukatzea da euren bide bakarra, iraintzea eta jarrera ezkorra izatea. Arriskuan ikusten dute euren proiektua, eta beren ideologia faxista plazaratu beste aukerarik ez dute. Horixe gertatu zen igandean, eta imajinatzen dut hemendik aurrera ere horrela izango dela.

Meritxel Batet Kongresuko presidenteak zuzen jokatu zuela uste duzu? Irainak eta mehatxuak jaurti zituztenei urrunegi joatea ahalbidetu zien?

Sinetsita nago beste talde bateko diputatuak izan balira horrelako irainak eta mehatxuak egiten zituztenak aretotik kaleratuko zituela. Batetek isilarazi egin zituen diputatu horiek, eta errespetua eskatu zuen adierazpen askatasunaren izenean, baina nago irainen aurrean beste zerbait egin zezakeela. Arazoa da hemendik aurrera eskuinari mugarik ez bazaio jartzen horrela jarraituko duela. Beraz, aurrerantzean muga batzuk jartzea komeni da.

Beste taldeen erantzuna nolakoa izan da? Babestuta sentitu zara?

Momentuan bertan elkartasun keinu batzuk izan nituen ERCko kideen aldetik, Unidas Podemosen diputaturen bat ere altxatu egin zen protestatzera, eta, eserlekura bueltatu nintzenean, Pablo Iglesiasen, Laura Borrasen eta beste batzuen besarkadak jaso nituen. Beraz, momentuan bertan jaso nituen babes eta elkartasun keinu fisikoak eta esplizituak. Gerora ere PSOEko diputatu batzuk etorri zitzaizkidan pertsonalki elkartasuna adieraztera. Sare sozialen bitartez ere elkartasun handia jaso dut.

Zer espero du EH Bilduk legealdi berri honetatik?

Errealista izan nahi dut, eta ez dut esango espero dudala soluzioak emango dituen legealdia izatea, baina gustatuko litzaidake soluziobideak jarriko dituen legealdia izatea. Guk esperantza hori daukagu, nahiz eta ezkortasun puntu bat ere izan. Zalantzak ditugu benetan gobernu honek indar eta kemen guztiarekin helduko ote dion arazoak soluziobidean jartzeari. Hala ere, uste dugu gaurtik aurrera aukera bat irekiko dela, eta aukera hori aprobetxatu egin behar dugula. Gu prest gaude aukera berri hau baliatzeko eta partida jokatzeko.

Pedro Sanchez presidente izan da aldeko 167 eta kontrako 165 botorekin. Bi botoren aldea baino ez. Tarte txiki horrek agerian uzten du Sanchezek oinarri ahula izango duela agintaldian. Negoziazioa ezinbestekoa izango da datozen lau urteotan.

Nahitaez. Eta independentistok erabakigarriak izango gara. Sanchezek gurekin kontatu beharko du ezinbestean, aurrera egin nahi badu politika sozialetan, lurralde arazoak konpondu nahi baditu edota aurrekontuak onartu nahi baditu. Finean, legealdi honek irautea nahi badu, beharrezkoa izango du gure parte hartzea. Beraz, horrek ere aukera batzuk irekitzen ditu. Horixe da paradoxarik kuriosoena: independentiston abstentzioak ahalbidetu egin diola gobernuari krisi honen erdian lasaitasun puntu bat izatea. Ezkerreko ikuspegia duen gobernua posible baldin bada Espainian, independentiston botoei esker eta abstentzioari esker izango da. Hau da daukagun paradoxa, baina errealitate baten isla ere bada.

Uste duzu leiho bat ireki daitekeela erabakitzeko eskubidearen eztabaidari heltzeko?

Guk herriak dituen arazoei soluziobideak jarriko dizkien proposamenen alde egingo dugu. Eta herri agenda batez hitz egiten dugunean, ez gara alderdiaren programa batez ari, ez gara ari ezer mahai gainean jartzen autobide baten kilometro batzuen truke. Herri agenda batean sartzen dira, besteak beste, lurraldetasunaren afera, gai sozialak eta ekonomikoak. Baita elkarbizitzarekin lotutakoak ere, tartean, presoen gaiari eta gatazkaren ondorio guztiei soluzioak bilatzeko premia, gaur egun Euskal Herrian egoera guztiz anakroniko bat bizi dugulako arlo horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.