Erorien Monumentuarekin zer egin erabakitzerakoan, eztabaida bizia sortu da Nafarroan ezkerraren eremuan. PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik babesa eman diote azaroaren 20an iragarritako akordio politikoari, eta eraikin hori sakon eraldatzearen alde agertu dira; elkarte memorialistek, Zurekin Nafarroak eta beste hainbat eragilek, ordea —CCOOk, ELAk eta Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, kasurako—, eraikina bota egin behar dela deritzote. Eztabaida horrek eragindako harrabotsa dela eta, oharkabean igaro da eskuina ere mugitzen ari dela.
Politikoki, UPNk eta PPk defenditzen dute dagoen bezala utzi behar dela eraikina, elementu faxistak kendu zaizkiolako eta iruindarrek hiri paisaian identifikatzen dutelako, «normaltasunez». Ahots apalez, UPNk udaleko osoko bilkuran adierazi du 36ko gerra eta frankismoa gaitzesten dituela baina, aldi berean, arrazoitu du eraikina dagoen bezala utzi behar dela, elkarbizitzaren parte delako.
Ikusi gehiago
Antzematen da gaiak deserosotasuna sortzen duela, baina eraikina dagoen bezala uzteko mugimenduak izan du beste adierazpide politiko bat azkenaldian. Izan ere, maiz gertatzen den bezala, erreakzioa eragin du eraikina eraldatzeko asmoak. Abendu amaieran, Navarros todos y la historia completa —euskaraz, Guztiok nafarrak eta historia osoa— herritar plataforma sortu zen. Aurkezpenean, Telmo Aldaz eledunak adierazi zuen «kezkatuta» daudela «erakundeek inposatu nahi duten historiaren ikuspegi oker eta gezurrezkoa dela eta».
Azken asteetan, hainbat urrats adierazgarri egin dituzte. Iragan astean, herri ekinaldi legegilea aurkeztu zuten Nafarroako Parlamentuan, Erorien Monumentua kultur intereseko ondare izenda zezaten. Ez du aurrera egingo, eskuineko alderdiek ez dutelako gehiengorik asmo hori gauzatzeko. Proposamen horrek bat egingo du legebiltzarrean auziaren inguruko beste bi proposamenekin.
Emandako arrazoiak
Ezkerrean izan den eztabaidaren aldean, eskuineko plataforma horrek oso bestelako planteamendua egin du. Oinarrian, eraikinari balio artistikoa aitortu dio, eta hirigintzaren ikuspegitik eraikina dagoen bezala uztea babesten du. Eraldatzea eta suntsitzea «iruindarren kaltetan» litzatekeela diote.
Hortik aurrera, agerian utzi dute memoriaren inguruko ikuspegi atzerakoia. Izan ere, azaldu dute «hiriaren historiaren parte» dela, eta ezin dela ukitu. Eraldatzea «suntsitzea» litzateke, haien esanetan: «Pentsaera bakarra inposatu nahi duten talibanen gauza da monumentua suntsitzea. Historia eta memoria ostu nahi dizkigute».
Historiaren parte dela ebatzita, ez diote erreparatzen eraikinak zuen helburu politikoari: diktaduraren gorazarrea. Plataforma horren irudiko, eraikinari jada eman zaio beste esanahi bat, «azken hamarkadetako elkarbizitza demokratikoari esker». Haien interpretazioan, egungo demokraziak «eskuzabal» jokatu zuen eta «hildako guztien oroitzapena gordetzen du», 36ko gerraren biktimen senideek eurek diotenari jaramonik egin gabe. Eraikina suntsitzeak, berriz, «haustura soziala» eragingo duela diote.
«Pentsaera bakarra inposatu nahi duten talibanen gauza da monumentua suntsitzea. Historia eta memoria ostu nahi dizkigute»
NAVARROS TODOSEskuineko elkartea
Euren argudiaketa tranpatian, defendatzen dute egungo memoria demokratikoa «selektiboa» dela, «egia historikoaren etsai» dela, eta «helburu totalitarioei» erantzuten diela, herritarren gehiengoari inposatu nahi zaiolako «gutxiengo aktibista, zaratatsu eta tolerantziarik gabeko batek dioena». Haien iritziz, Erorien Monumentuaren esanahi politikoa ez zaie inposatu iruindarrei, eta normaltasuna demokratikoaren parte da; ondorioz, eraikin horri esanahi faxista goitik behera eraldatzeak edo monumentua bera botatzeak «ez du zilegitasunik».
Gainera, bitxia da elkarbizitzari buruzko haien ikuspegia, «talibanak eta terroristen aldekoak» izatea aurpegiratzen baitiete monumentua eraldatu nahi dutenei.
Auzitegietan salaketa
Dena den, interesgarria izango da ikustea UPNk eta PPk zenbateraino bat egiten duten plataformaren argudioekin, eskuin muturraren tesietatik gertu baitaude. Ikusi beharko da eskuineko alderdiek gai horretan non kokatzen diren, eta ea barne lehiarako baliatzen duten, jakinda plataforma horren aldarriak ustez oso jende gutxik babesten dituela Iruñean.
Parlamentuan ez dute aukera handirik, baina auzitara ere jo dute. Administrazioarekiko epaitegietan salaketa aurkeztu dute, eta tramitean da. Arkitekto baten txostena aurkeztu dute bertan, eraikina kultur intereseko ondaretzat jo dezaten. Ikusi beharko da auzi horrek bide luzea duen edo ez, eta epaileek arrazoi ematen dioten elkartearen nahi horri. Horrek, aldi berean, etorkizun hurbilean eraikina eraldatzeko edo eraisteko aukera oztopatu dezake.
Beste bi proposamen Parlamentuan
Eskuinaren ekinaldi horrek bat egingo du denboran beste bi ekinaldirekin. Alde batetik, PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik, eraikina faxismoaren kontrako interpretazio zentro bihurtzeko bidean, 2013ko memoria historikoaren legea aldatzea proposatu dute —xedapen bat gehituko diote, sinbologia faxistako elementuak eraisteko modua emateko—.
Bestetik, elkarte memorialistek eskaera bat erregistratu dute hiru alderdiei aurkeztutako lege proposamen hori geldiarazteko, eta prozedura azkar bidez ez dadila egin eskatzeko. Exijitu dute atzeratu dadila, eztabaida soziala antolatzeko denbora izateko.