Elena Santxo (Ribaforada, 1989) 19. postuan dago PSOEren zerrendan, eta, sozialistek aurreko bozetan 21 parlamentari izan zituztela aintzat harturik, Bruselara joango dela uste du. Ilusioz eta urduri biziko du igande gaua. «Emaitza txarreneko inkestek gutxienez 20-21 parlamentari ematen digutenez, esan daiteke nire postua nahiko ziurtatuta dagoela». Azkenean lortuz gero, Erriberako lehen europarlamentaria litzateke.
Ribaforadatik Bruselara. Bertigoa sentitzen duzu?
Maria Txibite presidenteak proposatu zidanean, bertigoa sentitu nuen, baina gogo handia dut hara joateko.
Nola egin diozu aurre kanpainari?
Lan handia eta ekitaldi ugari eginez, hauteskunde hauen garrantzia azpimarratu nahirik. Ahalik eta ordezkaritza handiena lortu nahi dugu. Nafarroan zein Espainian sozialistak pedagogia egiten ari gara nabarmentzeko zein garrantzitsua den bozkatzea eskualdeei eta herrialdeei begira. Gure proposamenak azaltzen ditugu. Beste alderdi batzuk, PP eta Vox kasurako, izen ona zikintzeko kanpainan daude murgilduta. Edo ez dute programarik edo jendeak ez du nahi eskubideetan atzera egitea eta baldintzak okertzea.
PSOE sendo badago ere, Europan alderdi sozialdemokratak beherantz ari dira. Zergatik?
Europako Batasunean eta munduko hainbat tokitan, eskuin muturraren olatuak indarrez jo du. EBren balioak arriskuan jartzen dituzte. Horren kontrako adibidea da Espainia. Pertsonak aintzat hartzen dituen gobernu aurrerakoi bat dugu, eta beharbada horregatik daude hala eskuina nola eskuin muturra tematuta gobernuaren aurkako jazarpen kanpaina horretan.
Herritar askok urrun sentitzen dute Europako Batasuna. Zer erantzuten diezu?
Gure egunerokoan eragiten diguten legeen %70 Europatik datoz. Batik bat legealdi honetan, asko erreparatu zaie estatu bakoitzaren eskualdeetako berezitasunei. Horregatik, oso garrantzitsua da nori ematen zaion botoa; orain inoiz baino garrantzitsuagoa da Nafarroak ahots propioa izatea.
«Kanpaina honetan entzun dugu eskuin mutur on baten eta gaizto baten artean bereizi behar dela. Ez dago eskuin mutur on bat eta gaizto bat. Dena da gauza bera».
Zer dago jokoan?
Zera dugu jokoan: gizarteak, inor atzean utzi gabe eta kohesionatuta, aurrera egitea; etorkizuna eta ingurumena zaintzea; Europa feministago baten alde egitea; lanpostu kualifikatuagoak izatea…
Eskuin muturraren goraldiaz asko hitz egin da.
Kanpaina honetan entzun dugu eskuin mutur on baten eta gaizto baten artean bereizi behar dela. Ez dago eskuin mutur on bat eta gaizto bat. Dena da gauza bera. Eliteak bultzatzen ari dira, eta arriskuan jartzen dute gure ongizatea eta gizarte eskubideak.
Aurreko Europako Batzordea nola ikusi duzu?
Orokorrean, ondo, batik bat Espainiak egin duen lana. Atzera begiratuz gero, aurreko krisian EBk eskuak lotu zizkigun, eta orduko gobernuak men egin zuen. Orain, berriz, COVID-19aren harira, Pedro Sanchezek [Espainiako gobernuburuak] eta Teresa Ribera gure hautagaiak Europara jotzeko ekinaldia hartu zuten, eta zer behar genituen azaldu zuten. Handik etorri dira ekonomia suspertzeko proiektu estrategikoak, argindar tarifa merkeagoa… Diferentzia horiek eraman gaituzte orain egoera hobeago batean egotera. Beste herrialde batzuentzat ispilu bat gara.
Hitzarmenik egongo al da Europako Alderdi Sozialistaren eta Europako Alderdi Popularraren artean?
Ez dut kristalezko bolarik. Parlamentuaren osaera nola geratzen den ikusi beharko da, eta batik bat zer asmo dituzten aurrera egiteko. EB batuaren, justizia sozialaren eta bakearen alde egin nahi badute, han izango gaituzte.
«Alderdi Sozialistak irmo bultzatu du Agenda Berdea. Uste dugu larrialdi klimatikoa errealitate bat dela eta aurre egin behar diogula. Parez pare, klima larrialdia ukatzen dituztenak ditugu».
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek aipatua du eskuin muturrarekin hitzartzeko aukera.
Haiek zuritzen ari da. Herrialdeen arteko batasuna lortzea zuen helburu jatorrian Europako Batasunak, eta oinarri horren aurka jotzen dute haiek. Ez da soilik Von der Leyen. Eskuina ere eskuin muturrera ari da gerturatzen. Oso kezkagarria da.
Agenda Berdea urardotzeko arriskua dago?
Igandeko emaitzen menpe dago hori. Alderdi Sozialistak irmo bultzatu du Agenda Berdea. Uste dugu klima larrialdia errealitate bat dela eta aurre egin behar diogula energia berriztagarriekin, beste energia eredu berriekin. Parez pare, klima larrialdia ukatzen dituztenak ditugu. Urtetan, eguzkiari zergak jarri dizkiote. Urteotan eman diren aurrerapausoak lausotu daitezke, eta arriskuan jarri ingurumena eta pertsona askoren bizitza.
Trantsizio horri begira, sektore estrategikoetan (auto elektrikoak, berriztagarriak) oso lehiakor izango da Txina. Nola aurre egin horri?
Neurri horiek Europako Batasunean hitzartu behar dira, eta gure industria blindatu behar dute. Lehiakortasuna bermatu behar da, indartsuago izan gaitezen.
Nekazarien protesten inguruan zer duzu esateko?
Baliagarriak dira guztiz ongi ez dagoen egoera bat hobetzeko. Era berean, salatu nahiko nituzke gutxi batzuek egindako protestak. Eraso egin dute, gatazka bilatu dute. Modu baketsuan gehiengo batek egindako lana zikindu dute. Legealdi honetan, Nekazaritza Politika Bateratuak inoiz baino diru gehiago inbertitu du, eta Alderdi Sozialistak nahi du NPB berdintasunean oinarrituta egotea, ahalik eta tramitazio sinpleena izatea. Bestetik, nahi dugu eskualdeak aintzat hartzea eta eremu bakoitzaren eskakizunak aintzat hartzea. Horregatik da garrantzitsua Nafarroak ahots propioa izatea.
Next Generation funtsei begira zer eragin izan dute Nafarroan?
Ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoen artean, auto elektrikoarena eta nekazaritzarena dira sonatuenak. Gainera, neurriak jarri dira parke eolikoak berritzeko, eta horrek ekarriko du aerosorgailu gutxiago baina potenteagoak jartzea. 19 milioi banatu dira 5.000 biztanletik beherako herrietan autokontsumorako eguzki plakak jartzeko. Europako funtsei esker 0-3 urte arteko haur eskolen doakotasuna bultzatu da, lanbide heziketan 6.000 ikasleri gehiagori eman zaie eskola, uraren zikloa modernizatzeko inbertsioak egin dira…
Galdera-Erantzuna
Barrutik ezagutzen al duzu Europako Legebiltzarra?
Bisitaren batean egon naiz, eta erraldoia da. Esan didate hasieran nahiko nahasgarria dela, eta apurka egokituko naizela.Nork eman dizkizu gomendioak?
Adriana Maldonado izan da Nafarroako europarlamentari sozialista, eta harreman ona dut harekin.Zer aholkatu dizu?
Esan dit Bruselan egunerokoa oso frenetikoa dela eta asko aldatzen dela egun batetik bestera.Pentsatu duzu han zer egin?
Alderdiak askatasuna ematen du zer egin. Batzuek nahiago dute han bizi, beste batzuk joan-etorrian ibiltzen dira. Nik apartamentu bat alokatu nahiko nuke, eta posible den bakoitzean hona etorri.