Eskuin muturreko indarkeria

Eskuin muturreko taldeek 1975-1985 bitartean egindako 26 atentatu zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak

Hiru hilketa biltzen ditu txostenak: Montejurrako atentatuan hildako bi, eta Angel Gurmindoren hilketa Hendaian. Jose Migel Etxeberria ‘Naparra’-ren desagerpena ere erregistratu dituzte.

Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko otsailaren 9a
12:32
Entzun

Eskuin muturreko taldeek Nafarroan edo nafarren aurka egindako 26 atentatu erregistratu ditu Nafarroako Gobernuak. Terrorismo ezezaguna. Eskuin muturrak Nafarroan egindako atentatu terroristak (1975-1985) izeneko txostena aurkeztu dute gaur goizean Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak, txostena egin duten Javier Dorado eta Ignacio Perez Macias ikerlariek. Denetariko atentatuak erregistratu dituzte, eta horien artean hiru hilketa daude: Montejurrako atentatuetan hildako biak, eta Hendaian hil zuten Angel Gurmindorena. Jose Migel Etxeberria Naparra-ren desagerpena ere erregistratu dute. Horiez gain, liburu denden aurkako erasoak, alderdi politiko edo sindikatuen egoitzen aurkakoak, edo ostalaritzako establezimenduen zein San Ferminetako peñen aurka egindakoak ere bildu dituzte.

Perez Macias Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko Zuzenbidean doktorea da, eta ikerketaren inguruko xehetasunak eman ditu. Haren arabera, ikerketa hau ez dago itxita, eta bertan bilduta dauden erasoez aparte gehiago ere izan ziren. Zehaztu du, ez dela ikerketa historiko bat, baina errealitatera ahal beste gerturatzen saiatu direla. «Eskuin muturreko taldeen indarkeriazko ekintza asko zigorrik gabe geratu ziren, ez baitzen egon ez salaketarik, ez prozedura judizialik». Datu batzuk biktimek emandako testigantzetatik bildu dituzte. Hori dela eta, atentatu gehiagoren berri eman dezakeen orori dei egin die Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko.

Hamabi biktimekin hitz egin dute txostena osatzeko, eta, ikerlariak nabarmendu duenez, «ez daukate kalte ordain ekonomikoa eskatzeko inongo asmorik». Interesatzen zaiena da egia jakitea eta gertatutako ezagutaraztea. Orain txostena eginda, Ollok uste du hemendik aurrera gobernuak ildo horretatik joko duela. «Ekitaldi publikoak egin beharko dira zorra kitatzeko, eta familiei egia, justizia eta erreparazioa eskaintzeko».

Sakabanatutako talde ugari
Perez Maciasek eskuin muturreko talde horien bereizgarriak zein izan ziren zerrendatu du. Indarkeriaren erabileraren alde egiten zuten taldeak ziren, eta euren artean sakabanaketa handia zegoela ere zehaztu du. Hain justu, txostenak eskuin muturreko 25 talde zerrendatu ditu. «Euren helburuak oso zehatzak ziren, euren ideologiaren aurkakoak ziren eragile edo taldeen aurkako erasoak egin zituzten, baina liburu denda edo kultur eragileen aurka ere egin zuten».

Txostenak ondorioztatzen duenez, «kuantitatiboki ETAren indarkeria baino txikiagoa izan arren, eragindako kaltea handia izan zen, demokrazia sendotzeko bidean aurrera egin nahi zuen gizarte batean». Eskuin muturreko indarkeriaren sufrimendu pertsonalaren eta sozialaren arrastoak bere erreparazio soziala izan beharko lukeela ere nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.