Alderdia sasoi betean delako mezua helarazi die PSNk militanteei. Atzo eta gaur, ospakizun airea izan dute Alderdi Sozialistaren XIII. Kongresuan izandako hitzaldietako askok; tarteka giroa festa baten gisakoa izateraino kasik. Eta, hain zuzen, Iruñeko Baluartera bertaratutakoen pozak kongresuaren amaierako ekitaldian jo du goia: Maria Txibite berriz izendatu dute PSNren idazkari nagusi, eta alderdiak zuzendaritza talde berria aurkeztu du. Gainera, PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako presidente Pedro Sanchez ere mintzatu da orduan, eta bereziki baikor aritu da PSNk aurrerantzean eginen duen bideari buruz. «Segurtatzen dizuet Maria [Txibite] izanen dela gobernuko lehendakari 2027tik aurrera ere!», adierazi du, ausart. Eta horra hor, agerian, bi ondorio, zurian beltz. Bat: PSNk begiz joa duen mugarri nagusietako bat hurrengo udal eta foru hauteskundeak dira. Bi: alderdia bolada gozoan da.
Jakina zen Maria Txibite izendatuko zutela berriz ere PSNko idazkari nagusi. Ez zen sorpresarako batere tarterik, hura baitzen hautagai bakarra. Edonola ere, bozketaren emaitzak alderdiaren barrenean daukan babesa bistaratzeko balio izan dio Txibiteri —botoen %99,4 jaso ditu —, eta, hala, «indarberriturik» ekin dio laugarren agintaldiari, alderdiaren lema estreinakoz hartu zuenetik 11 urte igaro diren honetan.
Izan ere, 2014tik da idazkari nagusia, eta kargu horretan gehien iraunen duen buruzagia izateko bidean da. Gabriel Urralburuk baizik ez du marka handiagoa: 1982tik 1994ra izan zen alderdiburu. Hala eta guztiz, aipatzekoa da Txibitek kargua hartu bezain pronto hautsi zuela marka bat: hura da PSNko idazkari nagusi izandako emakume bakarra.
Ikusi gehiago
Ekitaldiaren hasieran, banan-banan eta txalo artean hartu dituzte aurrerantzean PSNko zuzendaritza taldea osatuko duten kideak. 35 dira zerrendan; Txibite buru denetik, inoizko kopuru handiena da hori, eta hamabi izen berriak dira. Idazkaritza berriak ere sortu dituzte: Demokrazia Sendotzeko Idazkaritza, kasurako —Carla Abadia Sain izanen du buru—. Bestalde, barne mugimenduak ere izan dira zerrendan: Ramon Alzorriz koska bat igo da organigraman, eta idazkariorde nagusi da gaurtik aurrera. Orain arte, Antolakuntza idazkaria izan da; aurrerantzean, Ester Iso ariko da kargu horretan —Udal Politikako idazkari izan da orain arte—.
Zuzendaritza osatzen dutenen artean, bestalde, 35etik hamazazpi dira emakumeak. PSNren aurreko zuzendaritza taldearekin konparatuta, andreen kopuruak gora egin du, baina ez, ordea, portzentajeak: 2021etik gaurdaino, taldeko 26 kideetatik hamabost ziren emakumeak.
Mehatxuei so
Batik bat, etorkizunera begira PSNk zehaztuak dituen gidalerroak nabarmentzeko baliatu du Maria Txibitek hizketarako tartea. Aurrez, baina, bideo bat proiektatu dute pantailan. Kongresuaren leloak ireki du ikus-entzunezkoa —Nafarroa gidatzen—, eta, segidan, zerrendatu egin dituzte alderdiaren erronketako eta motibazioetako batzuk. Audioa gaztelania hutsean izan da; azpitituluak ere bai. Eta halakoxea izan da Txibiteren hitzaldia ere, bi salbuespenekin: «Arratsalde on» esan du, eta, erdarazko esaldi baten erdian, auzolan hitza erabili.
Biziki hunkituta azaldu da Txibite jendaurrera. «Ezin dut ezkutatu emozioa, eta, ahalko banu ere, ez nuke nahi», aitortu du. Nabarmendu du «guztiz konprometitua» hartu duela berriz alderdiaren lema, eta prest dagoela «gaur egungo testuinguru zailean» lan egiteko. Populismoa jo du mehatxu nagusitzat, AEBetako presidente Donald Trump aipatu du hori azaltzearekin batera, eta azpimarratu du, besteak beste, PSNk «irmo» eginen duela lan «jendeak demokraziaren inguruko konfiantza berreskura dezan». Dioenez, horretarako gai den proiektu bat dute esku artean. «Esaterako, zerbitzu publikoak indartzea da proiektuaren helburu nagusietako bat», erantsi du. Eta etxebizitzaren auzian eragin beharra ere aldarrikatu du, «ez dezan merkatuak erabaki nork duen etxebizitzarako eskubidea eta nork ez».
Eskuin muturra eta olde erreakzionarioa hainbat alditan izan ditu ahotan Txibitek. Behin eta berriz egin die erreferentzia, batik bat nabarmentzeko alderdi sozialistak «aski indar» duela haiei kontra egiteko. Edonola ere, egoeraren larritasunean egin du azpimarra, eta argitu du «edonon» dagoela «korronte antidemokratikoaren» eraginik. «Nafarroako Parlamentuan ere bai. Eta esan dezagun garbi: Voxek parlamentuan zuen taldea desegin izana notizia ezin hobea da Nafarroarentzat!», esan du. Voxi ez ezik, UPNri eta PPri ere eskaini dizkie hainbat kritika. Ordea, Nafarroako ezkerreko gainerako alderdiei buruzko aipamenik ez du egin.
Madrilen babesa
Hitza hartu aurrean, besarkada estua eman dio Sanchezek Txibiteri, eta, keinu bidez ez ezik, ahoz ere nabarmendu du harengan duen konfiantza. Etorkizunari so, Sanchezek hainbat alditan aipatu ditu 2027rako aurreikusita dauden Nafarroako udal eta gobernu hauteskundeak. Nabarmendu du asko izanen dela jokoan. «Jokoan dago ea gehiengo aurrerakoi baten agindupean ariko garen, edo eskuinaren mende; eta, ondorioz, ea aurrerapenak izanen ditugun, edo motozerrak. Alderdi sozialista beharko dugu orduan!».
Txibitek bezala, Sanchezek ere nazioartean eskuin muturra izaten ari den gorakada salatu du, eta «sare sozialetan zabaltzen diren informazio faltsuei» egotzi die horren erantzukizunaren parte bat. Bestalde, gai hauek ere aipatu ditu ordu erdi eskas iraun duen solasaldian: Valentziako presidente Carlos Arturo Mazon, Gaza, migrazioa eta Ukraina, besteak beste.
Baina, batez ere, esperantza transmititu nahi izan du Sanchezek Baluarten, eta Nafarroaren etorkizunari buruzko mezu batekin bukatu du hitzaldia: «Denborak arrazoia ematen digu. Politika aurrerakoiak martxan jartzen dira, eta, denborarekin, aise ikusten dira emaitza positiboak. Eta, bestela, etor daitezela ikustera Maria Txibite zertan ari den hemen!».
Ikusi gehiago
Internazionala kantatuz eman diote akabera PSNren XIII. Kongresuari, baina aurreikusi baino kasik ordubete lehenago ailegatu da une hori. Izan ere, eguerdi partean, PSNk arratsaldeko egitaraua ordubete inguru aurreratzea erabaki du ustekabean. Bai amaierako ekitaldia, bai eta aurrez eginiko Informazio faltsuak eta desinformazioa, Europarentzako mehatxu izeneko mahai ingurua ere. Ordu bertsuan, Iruñerriko GKSk protesta baterako deialdia zuen egina Baluarte jauregiaren pareko plazan, lelo honekin: Gerrari ez! Estatuen berrarmatzeari ez!.