Eskuin muturraren eta jarrera erreakzionarioen gorakadari aurre egiteko feminismoa «helduleku» dela defendatu du Euskal Herriko Bilgune Feministak. Heldulekuak argi izeneko agiria kaleratu du Emakumearen Nazioarteko Egunari begira, eta adierazi du feminismoak eskaintzen dituela «datorrenari» aurre egiteko tresnak, bai eta egungo testuingurua ulertzeko eta borrokatzeko oinarriak ere.
Bilgune Feministak uste du gaur egungo testuinguruan, non eskuin muturra eta jarrera erreakzionarioak gero eta indartsuagoak diren, are eta ezinbestekoagoa dela feminismoa. «Politika neoliberalak ezartzen ari diren honetan, eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista, arrazista eta koloniala birfundatzen ari den honetan, emakume* eta gorputz disidenteok etsaiaren jopuntuan gaude, eta desberdintasuna areagotzen ari da», adierazi du. Gainera, ohartarazi du feminismoaren aurkako jarrerak eskuinean ez ezik ezkerrean ere zabaltzen ari direla, eta horiei aurre egitera deitu du: «Euren burua pribilegioak galtzeko arriskuan ikusi dutenak ere oldartu dira. Ezkerraldeetan ere badugu nori eta zeri aurre egin».
Horrekin batera, egungo sistemaren «zapalkuntza» mekanismoak askotarikoak direla azpimarratu du: «Bere horretan mantentzen diren mekanismoek elkar loturik funtzionatzen dute, egitura bat osatzen dute, askotariko egituraz osatutako egitura bat». Bilgune Feministaren iritziz, egitura horren ondorioz, «etengabeko indarkeria egoerak» pairatu behar dituzte emakumeek.
Hori dela eta, dei egin du aurrerantzean ere egungo sistemaren egitura denei aurre egiteko, bi norabidetan: «dimentsio» bakoitzean alternatibak eraikiz, eta «faxismoari» aurre egiteko antolatuz. Helburu horiei helduta, kalera atera eta borrokan jarraitzera deitu ditu «emakume eta gorputz disidente oro». «Feminismoa da desio dugun Euskal Herrirako heldulekurik argiena».