Herri zapaldua da Galizia, baina, mendebaldeko herri zuri gisa, baditu pribilegio batzuk ere, Maria Reimondez idazlearen arabera (Lugo, Galizia, 1975). Horrelako herrietako bizilagunek badute egiteko bat: «Jabetu behar dugu bakoitzak zer tresna dituen gure komunitateetan arrakalak irekitzeko, arrakala horietatik zerbait berria sor dadin». Iaz argitaratu zuen Reimondezek A casa do amo liburua (Nagusiaren etxea, 2024); galizieraz idatzitako literaturan dauden diskurtso kolonialak eta arrazistak aztertu ditu bertan. Haren ustez, ezinbestekoa da begirada kritikoa sustatzea eta aliantzak sortzea eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko.
Euskal Herrian izango da egunotan Reimondez. Bihar, Nola izendatu minak izeneko mahai inguruan parte hartuko du, Ibai Atutxa eta Cira Cresporekin batera, Bilboko Bira kulturgunean, 19:00etan. BERRIAk, Jakinek eta Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu dute solasaldia.
Galizieraz idatzitako literatura berrikusi duzu, ikuspegi dekolonial eta antirrazista batetik. Harritu zaitu aurkitu duzun horrek?
Ez nau harritu, ez dudalako ezeren bila joan beharrik izan. Obra gehienak irakurrita nituen. Garrantzitsuena ez da kantitatea, baizik eta lan horien jarraitutasuna. Horrek erakusten du badagoela diskurtso kolonial bat. Liburuaren helburua ez da katalogo sakon bat egitea, baizik eta irakurle gisa topatu ditudan eta egitura kolonial eta arrazista baten sintoma diren lan batzuk aipatzea, literaturan orain arte ez baita horri buruz hausnartu.
Zein da pertsonak iraindu, exotizatu eta objektu bihurtzen dituen diskurtsoaren helburua?
Norberaren irudia sortzea. Europak bere irudia besteekin alderatuta eraiki du. Logika kolonialaren arabera, Europak bere burua toki aurreratu gisa irudikatu ahal izateko, beste toki batzuk atzeratu gisa irudikatu behar ditu, barbaro eta basati gisa. Horrela, esplotazioa justifikatzen dute. Diskurtso hori oso agerian geratzen ari da orain, adibidez, [Donald] Trumpekin. Ameriketako Estatu Batuak ezkutuan aritu dira urte luzez, eta orain ezer estali gabe ari da jarduten presidentea. Gazako herritarrak kanporatu nahi dituzte hondartza bat egiteko. Diskurtso kolonialak honela funtzionatzen du: besteak atzeratutzat aurkezten dituzte, erasoak justifikatzeko.
Zer eragin dute diskurtso horiek pertsona arrazializatuen eta migratzaileen bizitzan?
Haiei galdetu beharko genieke, euren erantzuna jakiteko. Hala ere, gure espazio zurietan pertsona arrazializatuek abantailaz beteriko bizitza dutela defendatzen duen edonork ez du inolako interesik entzuteko, ezta enpatiarik ere. Uste dut edonorentzat direla agerikoak mota guztietako indarkeriak. Literaturaz hitz egiten dugunean, indarkeria sinbolikoaz ari gara askotan. Liburuan agerian utzi dut nola sentituko den Txinako neska migratzaile bat bere jatorri bereko neska bat gauza bihurtzen duen kontakizun bat irakurtzen duenean. Edo nola sentituko diren neska beltzak poema batzuek animalia bihurtzen dituztela eta objektuak balira bezala tratatzen dituztela ikusita.
«Feminismoak ezin dira ulertu pentsamendu dekolonial eta antirrazistarik gabe, eta alderantziz. Intersekzionalitateak tresnak ematen dizkigu zapalkuntza ikuspegi global batetik ulertzeko»
Zer garrantzi du pentsamendu feminista dekolonialak diskurtso horiek seinalatzean?
Bata ezin da bestea gabe ulertu. Feminismoak ezin dira ulertu pentsamendu dekolonial eta antirrazistarik gabe, eta alderantziz. Intersekzionalitateak tresnak ematen dizkigu zapalkuntza ikuspegi global batetik ulertzeko. Hizkuntza ez hegemonikoek ere aukera ematen digute horretarako. Gazteleraz hitz egiten duen eta identitate guztiz hegemonikoa duen pertsona batentzat zailagoa izan ohi da pentsamolde horretatik ateratzea. Guk badakigu erdigunean ez dagoen hizkuntza bat edo batzuk hitz egiten ditugula.
Liburuan diozu Galiziaren nagusia Espainiako Estatua dela, baina, era berean, nagusiaren etxean bizi dela. Non kokatu behar da Galizia?
Gontz moduko batean. Posizio horrek funtzionatuko badu, begirada kritiko bat behar da, eta besteengan eragiten ditugun indarkerien inguruan hausnartu behar dugu. Zoritxarrez kontu batzuetarako, eta zorionez beste batzuetarako, Galiziak, nazio proiektu gisa, ez du inor aktiboki esplotatzeko aukera eman dion entitate ekonomikorik izan. Noski, horrek ez gaitu galiziarrok erantzukizunetik salbuesten, gu ere esplotazio kolonialeko partaide izan baikara.
Zein aukera ematen ditu posizio horrek?
Aliantzak sortzeko aukera ematen digu. Eskuin muturrari aurre egiteko, inoiz baino garrantzitsuagoa da hori. Horrez gain, bidea ematen digu beste leku batzuekin konektatzeko, hizkuntza hegemonia faltaren bidez, askotan. Ate hori ireki behar dugu, eta, ireki ahal izateko, beharrezkoa da gai horiek mahai gainean jartzen hastea. Nahiz eta Galizian dagoen pertsona arrazializatu kopurua ezin den alderatu beste lurralde batzuetako kopuruarekin, hemen ere badira galiziar arrazializatuak, eta eskubidea dute hizkuntza komunitate baten parte sentitzeko etengabe euren burua justifikatzen aritu beharrik gabe.
Hegoaldeko komunitateak zapaltzen dituen egiturak eta Galizia zapaltzen duenak badituzte funtsezko elementu komun batzuk, baina Galiziak ere baditu pribilegioak, Mendebaldeko herri zuri bat baita. Zein da haren edo Euskal Herriaren egitekoa?
Jabetu behar dugu norberak zer tresna dituen gure komunitateetan arrakalak irekitzeko, arrakala horietatik zerbait berria sor dadin. Nik liburu hau argitaratu dut, Galiziako literatura sisteman toki bat dudalako. Bestalde, eztabaidak sortu behar ditugu, eta gatazkarekin bizitzen ikasi. Horrelako kontuei buruz hitz egiten dugunean, oso erraza izango da aliantzak sortzea hizkuntza aniztasunarekiko sentsibilitate handia duten pertsonekin; pentsamendu oso hegemonikoa duten pertsonekin, ordea, zailagoa izango da adostasunak lortzea hizkuntzari dagokionez.
«Nahiz eta Galizian dagoen pertsona arrazializatu kopurua ezin den alderatu beste lurralde batzuetako kopuruarekin, hemen ere badira galiziar arrazializatuak, eta eskubidea dute hizkuntza komunitate baten parte sentitzeko»
Hori da modua eskuin muturrari aurre egiteko?
Eskuin muturrak sinplifikazioa bilatzen du beti, eta guk pentsamendu konplexu eta sakon baten alde egin behar dugu. Gerrak irabazi behar direla dioen logika maskulino horretatik aldendu behar gara. Ezin dugu pentsatu borroka bat irabazi dugula eta kito. Galizieraz badugu esamolde bat: Sachar a eira. Lurra lantzea esan nahi du; amaierarik ez duen lana da. Eskuin muturrak lurra bota eta dena estali nahi du, azalkeriazko geruza bat jarri eta pertsonen arazoei ustezko erantzun bat eman. Erraza da horrela lan egitea, eta zaila horren kontra jardutea. Hori da gure erronkarik handiena. Zalantzarik gabe, garai erabakigarri batean gaude. Zoritxarrez, Europan badakigu nora garamatzan eskuin muturrak. Horrek energia handia eman behar digu lurra lantzen jarraitzeko.
A casa do amo-n aipatutako gaiak izango dituzu hizpide biharko mahai inguruan, baina beste liburu bat ere aurkeztuko duzu Euskal Herrian: Furia.
Ama galtzen duen eta egoera zail batean dagoen neska bati buruzko nobela bat da. Boxeoan aurkitzen du salbazioa. Galiziako Jules Verne saria irabazi eta gaztelerara itzuli nuen iaz. Agian ez da nabarituko, baina oso itzulpen politikoa izan da. Istorioa Murtziara [Espainia] lekualdatu dut, Galizia gauza ez bihurtzeko eta jendeak ez dezan pentsa Rianxoko emakume batek gazteleraz hitz egiten duenik. Nire helburua da irakurleek istorioan jartzea fokua.