Eskuin muturraren kontra mobilizatuak

Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herrian izan duen igoera deitoratu dute elkargoko hautetsiek. Askotariko ikuspegiak dituzte Frantziako Asanbleako bozei buruz.

Colette Capdevielle Baionako hautetsia, elkargoko biltzarrean. GUILLAUME FAUVEAU
Colette Capdevielle Baionako hautetsia, elkargoko biltzarrean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko ekainaren 16a
05:00
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoko hautetsi anitzek «kezka» agertu dute Europako Parlamenturako hauteskundeetan Batasun Nazionalak atera dituen emaitzen ondotik, eta hari aurre egiteko beharra azpimarratu dute. Elkargoko biltzarra zuten atzo goizean, Baionako Arteen Hirian, eta Frantziako Asanblearako hauteskundeak aitzinatzearekin sortu den egoeraz iritzia eman zioten egunkari honi hautetsi anitzek.

Akordioa lortu dute EH Baik eta PSk, eta Fronte Popularraren hautagaitzek ezkerreko abertzaleak integratuko dituzte Ipar Euskal Herrian. Colette Capdevielle sozialista izanen da bosgarren hautesbarrutiko hautagai, eta Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta EH Baiko kidea izanen du ordezko. Parisko negoziazioetan Frantzia Intsumisoari esleitu zioten hautesbarruti hori, baina «tokiko hautetsiek negoziatzen ari zirenei helarazi zieten zein den lurralde horretako errealitatea», Capdeviellen hitzetan. Baionako hautetsiak erran du Batasun Nazionalaren programa «ikaragarria» dela, eta, Iriartekin batera, erran du Fronte Popularraren programa eta Euskal Herriko aldarrikapenak defendatuko dituztela, hala nola euskararen koofizialtasuna, etxebizitzaren arloan lege aitzinamenduak lortzea eta bilakaera instituzionala. Capdeviellek erran du mahai gainerat eramanen dutela estatus bereziko lurralde elkargo baten aldarrikapena. «Deszentralizazio etapa berri bat behar da. Hori guzia eramanen dut nirekin».

Batasun Nazionalak indartzen segitzen duen bitartean, «erantzukizuna» hartzeaz mintzatu da Iriart: «Gure alternatibak eta proposamenak esplikatzeko, herritarrei mintzatu behar diegu». Frantziako ezkerrarekin lan egiteko beharra aipatu du: «EH Bairekin igortzen dugun mezua hori da: elkarrekin izan behar dugula, kanpaina egiteko egun, eta Euskal Herria eraikitzeko bihar». Haren hitzetan, «errazki» adostu dituzte engaiamenduak. «Bide bat urratu behar da, eta bide horretan gara». Capdeviellek erran du «espero» duela lortu den akordioak gerora ere eragina izanen duela.

Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) PSko auzapezak erran du eskuin muturraren gorakada azken urteetako joera izan dela. Tokiko hauteskundeetan bestelako boz bat nagusitzen bada ere, uste du joan den igandekoa «bihurgune» bat izan zela. «Ez da arinki hartu behar, eta erantzun behar dugu. Horregatik, biziki pozik naiz fronte hori sortu delako». Haatik, aitortu du nahiago izanen zuela seigarren hautesbarrutian PSko bat izan balitz hautagai eta ordezkoa EH Baikoa. «Ni neu ez nintzen hautagai, 2026an auzapez izaten segitzeko aurkeztu nahi dudalako, baina militante sozialista bat proposatua nuen». Hala ere, erabakia onartu du, eta erran du kanpaina eginen duela Peio Dufauren alde. «Biziki gauza ona da akordio hori lortu izana».

Ez  dute bihotz berotasun bera erakutsi Alain Duzert Baionako hautetsiak eta Louis Labadot Mauleko auzapezak. PCFko kideak dira biak. EH Bairekin akordio bat egiteko haiek gabe egin diren «sekretupeko» elkarrizketak gaitzetsi dituzte. «EH Bai oposizioan dut herriko etxean; eskertuko nuen norbaitek erran izan balit», adierazi du Labadotek.

Eskuinean batasunik ez

«Lotsa naiz», adierazi du Maider Arostegi Miarritzeko (Lapurdi) auzapez eta Errepublikanoetako kideak. «Lotsa naiz herrialdean gertatzen ari denarekin, eta lotsa naiz nire familia politikoan gertatzen ari denarekin». Batasun Nazionalarengana hurbildu den Eric Ciotti Errepublikanoetako presidentearen jarrera gaitzetsi du. Halaber, gogor mintzatu da Fronte Popularraren kontra ere: «Fronte horren programa katastrofe bat da herrialdearentzat; zinezko katastrofea. Finantzatu eta aztertu gabeko promesak dira, populismo hutsa». Batasun Nazionalaren eta Fronte Popularraren artean hautatu beharko balu zer aldetara joko lukeen galdetuta, ez du trenkatu: «Ikusiko dugu».

Ciotti Errepublikanoetako buru hautatu zutenean utzi zuen alderdia Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak, eta orduan erabaki egokia hartu zuela berretsi du aste honetako gertakariak ikusi ondotik. «Ez naiz harritua; horrek eragin zuen nik alderdia uztea; triste naiz nire familia politikoa ikustean». Haren hitzetan, akatsa da Errepublikanoek Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan hautagaiak aurkeztea, eta erran du Florence Lasserren hautagaitza babestuko duela. Olivek parez pare eman ditu Fronte Popularra eta Batasun Nazionala.   

Jeltzaleak, beha

Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) hautetsi eta EAJren Ipar Buru Batzarreko presidenteak erran du kezka iturri handia direla eskuin muturraren emaitzak. «Orain arte babestuak bezala sentitzen ginen; Frantziako eztabaidek eta haiei lotuak diren erantzun txarrek kutsatuak dira». Desberdintasunen handitzea eta horrek herritarren erosahalmenean duen eragina aipatu ditu. «Jendeek protestaz, sinesmen faltaz, erantzun desegoki bat ematen diete egiazko arazo batzuei».

Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan izanen ditu hautagaitzak EAJk, baina aukera gutxi dute bigarren itzulira pasatzeko. Hautesbarruti bakoitzean izanen den konfigurazioaren arabera hartuko du erabakia Ipar Buru Batzarrak, Etxelekuren hitzetan. «Beti argi izan gara eskuin muturrari buruz: demokraziaren, giza eskubideen eta Euskal Herriaren etsaiak dira; edozein kasutan, haiei oztopo egitera deituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.