Batasun Nazionala Frantziako Asanblean gehiengoa lortzen ikusteko arriskuak mobilizazio andana eragin du Ipar Euskal Herrian. Langile sindikatuek deituta, protesta bat baino gehiago egin dituzte Baionan Marine Le Penen alderdiari bidea itxi behar zaiola aldarrikatzeko, eta horietako batzuek Fronte Popular Berriaren alde bozkatzera deitu dute. Azken asteetan eragile andana mobilizatu dira eskuin muturraren kontra.
Xuti Gazte taldeak ere boz antifaxistarako deia egin zuen joan den astean Azkainen (Lapurdi) egin zuen agerraldian. «Eskuin muturra gelditu behar dugu, eskubideak eta askatasun espazio gehiago ez galtzeko. Macronismoaren zein eskuin muturraren aitzinean, Ipar Euskal Herrian gazteok gure bizitzak molde duinean bizitzeko neurriak behar ditugu», adierazi zuten. Fronte Popularraren alde bozkatzera deitu zituzten gazteak.
Euskal Konfederazioaren iniziatibaz, euskalgintzako eragile andanak ere hartu du hitza, eta eskuin muturreko alderdien kontra «karrikan zein hautetsontzietan» mobilizatzera deitu dituzte euskal herritarrak. Horrez gain, Euskal Herriko erakundeei dei egin diete gizarte inklusiboago, solidarioago eta euskaldunago baten alde lan egitera.
Ostiralean hasi zen EHZ festibala Arberatzen (Nafarroa Beherea), eta eskuin muturraren kontrako adierazpen bat zabaldu zuten. «Eskuin muturraren munduaren ikuskera arrazista, matxista, autoritarioa eta zapaltzailea normalizatu da leku guzietan», deitoratu dute. Eskuin muturra eta haren aliatuak borrokatzeko engaiamendua erakutsi du EHZk, «bere ideiak garatzen diren espazio guzietan».
«Fartsa elektorala»
Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak «Fartsa elektoraletik at, faxismoa borrokatu» afixak ezarri ditu Ipar Euskal Herrian zehar. Manifestazioa egin zuten atzo «hauteskundeetatik harago joan beharko lukeen antifaxismo baten beharra» aldarrikatzeko. «Eskuin muturra oztopatu beharrean gara. Eta hauteskundez hauteskunde, faxismoaren kontra deus gutxi egiten duten politikariak bata bestea baino mozorro antifaxistagoarekin agertzen zaizkigu. Hauteskundez hauteskunde, baina, eskuin muturra are indartsuago itzultzen da».