Eskuin muturraren aurrean «akordio zabalak eta gutxieneko programak» eskatu ditu Otegik

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak EAJri esan dio igandeko bozak ez direla abertzaleen artean lehiatzeko. Uste du posible dela subiranisten arteko akordio bat.

Arnaldo Otegi, gaur, Donostian. EH BILDU
Arnaldo Otegi, gaur, Donostian. EH BILDU
aitor biain
2024ko ekainaren 3a
14:00
Entzun

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak igandeko Europako Parlamenturako hauteskundeen garrantzia azpimarratu du, ultraeskuinak nabarmen gora egiteko oso aukera posible eta «arriskutsuaren» harira. Horri aurre egiteko, haren ustetan, «akordio zabalak eta gutxieneko programak» behar dira bai Euskal Herrian, bai Espainian, eta baita Europan ere: «Sektarismo gutxiago eta eskuzabaltasun handiagoa». Horregatik, iritzi dio aitortzarik gabeko nazioek elkarrekin aurkeztu beharko luketela hauteskundeetara.

Europako bozetako kanpaina azken txanpan sartu dela eta, agerraldia egin du Otegik Donostian. Francoren, Abascalen, Netanyahuren, Mileiren, Gernikaren eta Gazaren argazkiak atze-oihalean zituela, Otegik adierazi du «faxistak kenduta» alderdi eta hautagai guztiek kanpainan ahoan darabiltela eskuin muturraren mehatxua eta hari aurre egiteko beharra. Eta «pozgarria» da hori, haren ustetan, baina gogorarazi du «arazo hori» ez dela berria, eta ohartarazi du mezuen artean ñabardurak daudela.

«Orain eskuin muturraren aurkako diren hainbatek koherente izan beharko lukete galdera batzuk erantzuteko orduan: Norekin itundu zen 78ko erregimena Espainiako Estatuan? Alderdi Popularrak noren zazpi ministrorekin eratu zuen Espainiako Estatua? Nork jarri zuen estatuburua Espainian? Nortzuk ari dira neofaxistei ateak irekitzen Europan?», itaundu du Otegik, eta zera erantsi: «lokatzaren makina aspaldi jarri zen martxan».

Alde horretatik, nabarmendu du EH Bilduren jarrera argia dela, eta «beti» izan dela antifaxista. Eta azpimarratu du koalizio subiranista koherentea dela esaten duenaren eta egiten duenaren artean: «Guk ez genuen Von der Leyenen alde bozkatu».

«Euskal Herria Gernikaren herria da, eta ekainaren 9an Gernika berri bat margotu behar dugu, Euskal Herriari, Europari eta munduari esateko gu bakearen aldekoak, antifaxistak, independentistak, sozialistak eta feministak garela». 

ARNALDO OTEGI EH Bilduko koordinatzaile nagusia

Horregatik, EH Bilduko koordinatzaile nagusia ziur da igandean «beste kolore bat» izango duela hauteskunde mapak Euskal Herrian, «beste behin ere» Europako beste eskualde eta estatu batzuetatik bereziko dituena. «Euskal Herria Gernikaren herria da, eta ekainaren 9an Gernika berri bat margotu behar dugu, herritarra, arte politikoz jositakoa, Euskal Herriari, Europari eta munduari esateko gu bakearen aldekoak, antifaxistak, independentistak, sozialistak eta feministak garela».

Eta erantsi du «euskal errepublikak» Bruselan ordezkatuko duen enbaxadorea hautatuko duela igandean. Horretarako, baina, herritarrei eskatu die EH Bilduren alde bozkatu dezatela, «garai historiko honetan bozkatzea faxismoari aurre egiteko langileen eta nazioen tresnetako bat dela jakinda».

EAJri mezua

Kazetarien galderari erantzunez, Otegik azaldu du alderdi jeltzalea «etengabe» ari dela EH Bilduri buruzko aipamenak egiten kanpainan. Eta, haren hitzetan, Europako bozak ez lirateke abertzaleen arteko lehiarako izan behar. Are gehiago, uste du alderdi abertzale eta independentistak elkarrekin aurkeztu beharko liratekeela Europan, eta baita Espainian ere.

Hain justu ere, Galeusca koalizioa ekarri du gogora EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, eta adierazi du posible dela EAJrekin, EH Bildurekin, Geroa Bairekin, ERCrekin, BNGrekin, Juntsekin «eta baita ezker konfederalarekin» ere akordio bat egitea. Gutxieneko akordio horren oinarrian egon beharko luke erabakitze eskubideak eta autogobernuaren bermeak. «Ez dugu esperantza galtzen; egunen batean egingo dugu».

Ildo horretan, Otegik azpimarratu du EAJ ez dela koalizio subiranistaren «etsaia», eta jeltzaleei «hausnarketa» egiteko eskatu die. Izan ere, gogorarazi die EH Bilduk «erraza» lukeela kritika egitea esanez EAJ Coalicion Canariarekin batera aurkezten dela, eta alderdi horrek amnistiaren aurka bozkatu duela. «Nork bere bazkidea aukeratzen du, baina gu ez gaude hemen EAJrekin eztabaidatzeko, ultraeskuineko faxistak gelditzeko baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.