«Eskuin muturrak bizitzak goberna ez ditzan», botoa eskatu du Sumarrek

«Bada garaia gobernuko presidentea emakume bat izateko. Yolanda Diazek merezi ditugun politikak egingo ditu», esan du Espainiako Kongresurako Sumarren Gipuzkoako zerrendaburu Pilar Garridok, kanpainaren amaieran.

Sumarren ekitaldia, gaur. BERRIA
xabier martin
2023ko uztailaren 21a
16:46
Entzun

Sumarren Gipuzkoako zerrendaburu Pilar Garridok botoa nori eman zalantzan daudenei eta abstentzionistei mintzatu zaie, ezkerreko koalizioaren hauteskunde kanpaina bukatu duen Donostiako ekitaldian: haien botoa Sumarren aldekoa izan dadila eskatu die. Guillermo Presa Arabako zerrendaburuak, Joserra Becerra Gipuzkoako hautagaiak eta Arantza Gonzalez Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako koordinatzaile eta Donostiako zinegotziak ere parte hartu dute ekitaldi horretan.

«Ezin da etxean geratu inor ere. Zuen konfiantza eskatzen dizuet Euskadin bizitza onak, seguruak eta askeak bermatu nahi badituzue, eskuin muturra gure bizitzan sar ez dadin», adierazi du.

Garridok ziurtatu duenez, Sumarren aldeko botoa baino ez da «bermea gutxieneko soldata igotzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, pentsio duinak lortzeko, klima aldaketaren aurkako neurri eraginkorrak hartzeko, etxebizitza arrazoizko prezioan eskuratzeko eskubidea ziurtatzeko, eta kalitatezko osasun publikoa eta unibertsala izateko». Euskal herritar guztientzako «bizitza duinak eta zintzoak» bermatu behar direla azpimarratu du.

Igandean botoa ematera deitu du, «ilusioz eta itxaropenez». Yolanda Diaz «merezi ditugun politikak» egingo dituela esan du: «Emakumeak errespeta gaitzaten, ez gaitzaten ez bortxatu eta ez hil, eta eskuin muturrak dakarren basakeriari aurre egiteko». Boto guztiek berdin balio dutela gogoratu du, eta «bi aukera baino ez» daudela erantsi du: «Edo eskuin muturreko gobernu bat, iraganera itzuliko gaituena, edo koalizio aurrerakoi ezkertiarreko gobernu bat Sumarrekin, herritarrek behar dituzten neurriak hartuko dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.