Ipar Euskal Herrian egundaino lortu ez zituen emaitzak lortu ditu Batasun Nazionalak. Gehien bozkatua izan da herri gehienetan, eta, aitzineko Europako hauteskundeekin alderatuta, 12.000 boto gehiago eskuratu ditu. Baionan berean, 2022ko Asanblea Nazionaleko hauteskundeekin alderatuta, 2.000 boto gehiago eskuratu dituzte Batasun Nazionalak eta Marion Marechalen Frantzia Harroa zerrendak.
IKUSI GEHIAGO
Lapurdiko herri guzietan kasik lehen indarra da Jordan Bardellak eraman zerrenda. Getarian, Miarritzen, Basusarrin eta Makean baizik ez da lehen indar gisa kokatu. Baina, Getarian salbu, herri horietan ere gutigatik ez du lortu lehen izatea. Europako hauteskundeak aintzat hartuta, azkeneko hamar urteetan bi halakotu egin du boto kopurua: Le Penen alderdiak 13.256 boto zituen 2014ko bozetan, 17.415 2019koetan, eta 29.529 aurtengoetan. Etenik gabeko hazkundea, beraz.
Nafarroa Beherean eta Zuberoan gauza doi bat ezberdin joan bada ere, lehen aldikoz Batasun Nazionala lehen atera da herri frankotan. Alduden eta Irulegin ez ezik, Baigorriko ibar guzian ere lehen indarra da; Baigorrin berean ere bai. Baigurako aldean, halatsu. Bidaxunen ere nagusitu da, baina Amikuzen nahasiago dira emaitzak. Garazi aldean eta Zuberoan bezala, funtsean.
Adierazgarri da Jean Lassalle biarnesaren Landa Aliantza barnealde horretako anitz herritan lehen atera dela, Frantziako eskualdeetan ez bezala. 10.147 boto eskuratu ditu Ipar Euskal Herrian, orotara.
PS, bigarren
PS-Plaza Publikoa zerrendak ere emaitza onak eskuratu ditu Ipar Euskal Herrian: bigarren indarra da, 22.190 botorekin, eta Renaissance zerrendak baino 700 boto gehiago lortu ditu. Zuberoako hainbat herritan, Alderdi Sozialista da lehen, hala nola Maule-Lextarren.
Macronen Renaissance zerrendak egin du hirugarren Ipar Euskal Herrian, 21.508 boto jasota; orain dela bost urteko deialdian lehen indarra izan zen, orain baino ia 9.000 boto gehiagorekin. Zortzi herritan izan da lehen indarra, hala nola Donibane Garazin.
Jean Lassalle biarnesaren Landa Aliantza lehen indarra da barnealdeko anitz herritan, Frantziako eskualdeetan ez bezala
Parte hartzea %53 ingurukoa izanik, igandeko bozkak Frantziako emaitzekin lerrokatuago agertu dira Ipar Euskal Herrian, Landa Aliantzaren eta Alderdi Sozialistaren salbuespenekin. Horrez gain, agerikoa da berdeen gainbehera. 2019an, EH Baik sostengatu Eskualde eta Herri Solidarioak taldearekin aurkeztuak ziren jada.
Bost urtez 10.000 boto galdu dute berdeek; hain segur, partez Alderdi Sozialistari, partez Frantzia Intsumisoari joan zaizkio botoak. Nafarroa Beherean eta Zuberoan nabaritu da erortze hori, bereziki.
Eskuin muturraren kontra, elkarretaratze antifaxista egin dute Baionan, 19:00etatik aitzina, herriko etxearen aitzinean bilduta. Manifestazioa ere egin dute.
EH Bai: «Pentsaezina zitzaiguna gertatu da»
EH Bai alderdiak eskuin muturraren emaitzak Frantziako gobernuen azken urteetako politikari lotu ditu: «Zerbitzu publikoen kontra joateko, klase popularrak prekarizatzeko eta eskuin muturraren ideiak berriz hartzeko izan duten etengabeko joerak, eskuin muturra frantses instituzioetan kokatzeko oinarritzat balio izan du».
Ipar Euskal Herriko emaitzak ere aztertu ditu eta kezka erakutsi: «Tristeki ohartzen gara eskuin muturrak herri eta hiri ainitzetan sartzea lortu duela. Atzo pentsaezina zitzaiguna gertatu da». Larritzat jo duen egoera horren aurrean dei bat zabaldu du: «Ipar Euskal Herriko ezkerreko alderdi guztiek arduraz jokatu behar dute alternatiba sinesgarri bat proposatzeko eskuin muturrak eta gobernu makronistak bideratzen dituzten politika libertizida, xenofobo eta ultra-liberalen parean».
Eskuin muturrak Parisen gehiengoa lortzeak ondorio larriak lituzkeela gehitu du EH Baik, baita Ipar Euskal Herrian ere: «Ipar Euskal Herrian kolokan ezarriko lituzke azken hamarkadetan plantan ezarri ditugun alternatibak: euskararen defentsan, laborantza herrikoian, tokiko ekonomian, herrian bizitzeko eskubidean, emazteen tokian eta gure gizartea osatzen duten beste hainbat gaitan».
Alderdi abertzaleak bere militanteak bilduko ditu ondoko egunetan «eszenario katastrofiko bati aurre egiteko plantan ezarri behar diren ekimenez eztabaidatzeko». Hiru asteko epea jarri dio bere buruari «proiektu osoki feminista, ekologista, antikapitalista eta euskalduna» plantan ezartzeko. Horretarako, kide duen EH Bilduren moldea eredutzat hartu du: «EH Bilduko kideen arrakasta elektoralak bidea erakusten digu».
Baionako Herriko Etxe aitzinean deitua izan den elkarretaratzearekin bat egin du EH Baik, bestalde.