Europako hauteskundeen biharamunean, harridura eta kezka eragin zituen Ipar Euskal Herriko emaitzen mapak. Batasun Nazionalaren kolorea zen nagusi 158 herritatik 92tan. 29.516 boto eskuratu zituen eskuin muturrak, duela bost urte lortu zituenak halako hiru kasik.
Mehatxu horren testuinguruan iragan ziren hiru aste berantago Frantziako Asanblearako bozak, eta aspaldi ikusi gabeko parte hartzea izan zen. Orduan, 44.214 herritarrek hautatu zuten Batasun Nazionalaren boto papera. Eskuin muturra lehen indarra izan zen Aturrialdeko kasik herri guzietan, eta biziki emaitza onak lortu zituen Lapurdi barnealdean eta kostaldean.
Hogei urte baino gehiago pasatu dira Jean Marie Le Pen —RN alderdiaren oinordekoaren sortzailea— Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulira pasatu zenetik. Lurrikara handia eragin zuen, eta sekulako mobilizazioak izan ziren, bai Frantziako Estatuan eta bai Ipar Euskal Herrian ere. 2024an, gero eta normalizatuagoa da eskuin muturraren alde bozkatzea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Alta, karrikan presentzia txikia du.
Katoliko integristak
Betidanik izan dira eskuin muturreko sektoreak Ipar Euskal Herrian, baina sekula ez da agertu mugimendu antolatu eta egituratu zabalik. 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean, Aljeriako gerlaren testuinguruan sortu zen Frantziako SACeko (Herritar Ekintza Zerbitzua) militanteak aritu ziren jardunean, nagusiki abertzaleen kontra. Baina gaullismoari lotutako mugimendua zen.
Bozetan, Le Pen aita-alaben alderdiek izan dute babes handiena eskuin muturrean; baina bazterrean gelditu izan dira gaur arte. Eskuin muturreko antolakunde batzuk entseatu izan dira Ipar Euskal Herrira iristen —hala nola Bloke Indentitarioa—, antolatu izan dituzte bilkura publikoak, baina erantzun antifaxista jendetsuak aurkitu izan dituzte parean. Azken urteetan izan dira salbuespenak. 2022ko presidentetzarako hauteskundeen testuinguruan, Miarritzeko (Lapurdi) Irati gela bete zuen Eric Zemmour eskuin muturreko polemistak.
Katoliko integristen inguruan ere izan da mugimendurik, Marc Aillet eskuin muturreko apezpikuak bultzatuta besteak beste. Emakumeen eskubideen kontra mintzatu izan dira anitzetan, bereziki abortatzeko eskubidearen kontra. 2012an, Bizitzaren aldeko nazioarteko kolokioa antolatu zuen Miarritzen. 2013an, bikote homosexualei ezkontzeko eskubidea aitortu zien legearen kontrako mobilizazioak ere izan ziren Ipar Euskal Herrian.
Eskuinaren beherakada
Errepublikanoek, gaullismotik heldu den RPR, UMP eskuin klasiko horrek, bere baitarik sinesgarritasuna galdu duela iritzi zion Bixente Vrignon France Bleu Pays Basque irratiko kazetariak, Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzuliaren atarian. Era berean, Batasun Nazionalak ustezko itxuraldatzean zerbait kausitu duela esplikatu zuen: «Eskuinez mozorrotu dira, eta mozorrotzeko operazioa lortu dute handizki».
Mundializazioaren eragina ere aipatu zuen, eta baita Frantziak nazioartean galdu duen prestigioa ere. «Laborariei esplikatzen zaie orain merkatu global batean direla eta ezin dela dena menperatu». Hortik eskuin muturrak saldu diskurtsoaren eroste bat gerta daitekeela aztertu zuen.
Urte hasieran izandako protestekin lotu zuen hori Panpi Sainte Marie ELBko kideak Ipar Euskal Herriko Hitza-n. «Coordination Rurale sindikatuaren eskakizunetan da gasolina merkeago behar dela, paper administratibo gutxiago bete nahi dituztela, ez dela kanpoko produkturik jinarazi behar... Sinplismo horrek badu arrakasta, eta horri gehitzen zaio jendea ez dela kontent FDSEA sindikatuak egin duenarekin. Kexu hori dutenek ikusten dute CR sindikatua badela, hurbiltzen dira, eta gero erraza da RNrantz joatea, ideia berdintsuen inguruan harmonia bat badelako».
Politika telebistari so
Hedabideen rola ere maiz aipatu da eskuin muturrak Ipar Euskal Herrian izan duen gorakada esplikatzeko. Vincent Bollore eskuin muturreko enpresaburua hainbat hedabideren jabe egin da, eta eskuin muturreko ideologia zabaltzeari ekin dio eguneko 24 orduetan. Cnews telebista katea da horietan aipagarriena.
Honela zioen ekainean Jean Joel Ferrand ekonomia irakasleak Ipar Euskal Herriko Hitza-n: «Bizimodua aldatu da. Gero eta indibidualistagoa da, herri anitz lo egiteko leku bilakatu dira, eta bizimodu horrek eskuin muturreko botoa indartzen laguntzen du. Jendea 24 orenez ari diren telebista kate horiei lotua da, eta kontzientzia politikoa ez da gehiago eraikitzen plazan eta herriko karriketan, ezta tabernan ere; telebistaren aitzinean eraikitzen da».
Eta telebistan eta sare sozialetan, Batasun Nazionalekoak ez dira diskurtso xenofobo eta arrazista zabaltzen duten bakarrak. Errepublikanoek, macronistek eta hedabide nagusietako kazetari eta editorialistek normalizatu dituzte orain dela hamarkada batzuk eskuin muturrak zabaltzen zituen ideiak.
Frantziako Asanblearako lehen itzuliko boto banaketari so, hor dago emaitza: Batasun Nazionala, Errepublikanoak eta Ensemble —Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aldeko koalizioa— hautatu zutenak batuta, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren herena baino gehiago dira. Ehun mila herritar baino gehiago aberatsenen aldeko politika sozioekonomikoak babesten dituztenak; ehun mila herritar baino gehiago Poliziaren bortizkeriak babesten dituztenak; ehun mila herritar baino gehiago iazko abenduan onartu zuten immigrazio legea babesten dutenak. Bada eskuin muturra deritzana, eta badira eskuin muturra elikatzen duten ideiak.