Herritarrei arreta ematea, eta administrazioaren jarduera oker edo legez kontrakoak direla medio herritarrek egindako kexuei erantzutea. Horixe Arartekoaren helburu nagusia. Martxoan 25 urte bete ziren Juan San Martin Euskal Autonomia Erkidegoko lehen ararteko izendatu zutela. Hilabete berean, hamahiru urte bete ziren Maria Jesus Aranda Nafarroako lehen ararteko izendatu zutenetik.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan badute defendatzaile moduko bat, baina urrun: Parisen. Frantzian, 1973 eta 2011 artean, Errepublikaren Arartekoa egon zen. 2011z geroztik, Errepublikaren Arartekoaren zenbait eskumen Eskubideen Defendatzaileak hartu ditu. Dominique Baudisek du kargua. Sei urterako hautatu zuten; epea amaiturik, ezingo du karguan jarraitu.
Juan San Martin zenaren lekukoa Xabier Markiegik hartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan. 1995. urtea zen, eta Mercedes Agundez arartekoaren ondoko izendatu zuten. Bost urtez zeregin horretan aritu eta gero, jarduneko ararteko bihurtu zen. Agundezen ustez, «funtsezkoa» da gaur egun Arartekoaren erakundea mantentzea: «Herritarren eskubideak benetakoak eta eraginkorrak izatea bermatzen du». Administrazioaren jarduera «okerra» zuzentzeaz gain, Arartekoak herritar guztien «benetako berdintasuna» sustatzen du.
Iñigo Lamarcak hamar urte daramatza arartekoaren kargua betetzen. Figura Suedian sortu zela gogorarazi du, 1809an, Ombudsman izenarekin. Orduko helburu berak ditu gaur egungo Arartekoak. Lamarca: «Arartekoaren funtzioa da herritarraren kexua jaso, aztertu, eta ikusten badu administrazioaren jokabidea zuzena ez dela, hari eskatzea jokabidea aldatzeko». Arartekoaren eskakizunak ez dira bete beharrekoak. Horregatik, Lamarcari iruditzen zaio garrantzitsua dela Arartekoak «sinesgarritasuna» izatea, «autoritatea» izatea eta bere lana «zorroztasunez» egitea.
Nafarroan, Arandaren aurreneko sei urteen ostean, Francisco Javier Eneriz izendatu zuten ararteko, 2007ko martxoan. Jarduneko ararteko gisa dago orain, eta Nafarroako Parlamentuak izendatu behar du hurrengoa. Izendapen horretarako, ordea, 50 parlamentaritik 30ek bat egin behar dute. Enerizek nabarmendu du arartekoak ez duela bakarrik jokatu behar herritarren kexuei erantzunez. «Ofizioz ere joka dezake, ikusten bada administrazioak herritarren eskubideak urratu dituela». Funtzio gehiago ere baditu: «Zerbitzu publikoak defendatzeko helburua dugu, ideiak, proposamenak eta ekinbideak aurkeztuz. Herritarren proposamenak jasotzen ditugu, ordenamendu juridikoa hobetzeari begira. Interesen arteko bitartekari lana ere egiten dugu».
Informazio praktikoa ematen du Arartekoaren bulegoak. Eskubideen inguruan herritarrek dituzten zalantzak argitzen edo bideratzen ditu. Bulegoan zuzenean, telefonoz, postaz edo Internet bidez jo dezakete herritarrek Arartekoarengana. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan daude bulegoak.
Giza eskubideekin lotuta
Espainiako Konstituzioak arartekoaren figura giza eskubideen bermearekin lotzen duela gogorarazi du Lamarcak. «Autonomia erkidegoetako herri defendatzaileek lotura izan dute giza eskubideekin, baita Latinoamerikako herrialdeetan sortu diren Arartekoaren erakundeek ere». Erakundeak herritarren kexuak aztertzeaz harago jo behar duela uste du EAEko arartekoak: «Gizartean dauden errealitate ezberdinak aztertu, eta horren arabera politika publikoak hobetzeko gomendioak egitea dagokigu».
Agundezek, halaber, gogorarazi du Arartekoaren erakundeak azkeneko urteetan txosten «mamitsuak» aurkeztu eta jardunaldi «interesgarriak» antolatu dituela. «Sektore ahulenak direnak eta erakundera jo ezin dutenak presente egon dira ekinbideetan». Iruditzen zaio Arartekoak gizarteko sektore ahulenekin ardura berezia izan behar duela. «Gaur, inoiz baino gehiago, eskubideak bermatzeko erakunde baten beharra dago. Krisialdi ekonomikoko garaietan murrizketa gogorrak daude, eta herritarrek zailtasun handiagoak dituzte haien eskubideak defendatzeko».
Azkeneko bi urteetan, erkidegoetako arartekoak kentzearen aldeko iritziak zabaldu dira. 2012ko irailean, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak iragarri zuen Arartekoaren erakundea desagerrarazteko asmoa zuela, «egoera ekonomikoak hobera egiten ez zuen bitartean». Iaz, Administrazio Publikoen Erreformarako Espainiako Batzordeak egindako txosten batek jaso zuen «diru asko» aurreztu litekeela erkidegoetako arartekoak kenduta. Nafarroan PP ere erakundea desagerraraztearen alde azaldu da. Enerizek, aldiz, ohartarazi du pauso asko eman behar dituztela erakundeek Arartekoa kentzeko: «Horretarako, foru hobekuntza aldatu beharko litzateke, eta hor sartuko lirateke Nafarroako Gobernua, Espainiako Gobernua, Nafarroako Parlamentua eta Espainiako Gorteak. Nafarroako Parlamentuak gaia landu den guztietan adierazi du ez duela erakundea kendu nahi».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoa kentzea ere «oso-oso zaila» litzatekeela iruditzen zaio Lamarcari: «Eusko Legebiltzarrean soilik UPDk defendatu duherri defendatzailea kentzea. Zilegi iruditzen zait planteamendu politiko hori. Baina 75 legebiltzarkideetatik bakarrak nahi du. PPk EAEn ez du Arartekoa kendu nahi». Administrazio Publikoen Erreformarako Espainiako Batzordearen txostenaren inguruan Lamarcak uste du kontuak gaizki eginda daudela, erkidegoetako arartekoek egindako lana ez dutelako aintzat hartzen. «Gainera, proposatzen du Espainiako Arartekoaren aurrekontua handitzea, merkeena delakoan, hain justu estatuko administrazioakduenean zor handiena. Europan ez da ulertzen gobernu batek proposatzea parlamentuek sortutako erakunde bat kentzea».
Enerizen ustez, Arartekoa«oso figura ona» da herritarrentzat. «Demokrazia bat zenbat eta aurreratuago izan, gehiago sinesten du herritarren eskubideen defentsan. Eta horretarako mekanismo bizkorra da Arartekoarena». Lamarcak erakundearen eraginkortasuna defendatu du: «Administrazioak oker jokatu duela ebatzi dugun auzien %86an administrazioak jokabidea aldatu du». Lamarcaren iritziz, Arartekoak gaiak «tentuz» aztertzen dituela ikusten dute herritarrek.
Eskubideen defendatzaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu