Euskal presoak. Bilboko eta Baionako mobilizazioak

Eskubideak lehenesteko garaia

Beste espetxe politika baten alde, manifestazioak egingo dituzte gaur Baionan eta Bilbon. Eragile askok babestu dituzte martxak. Madrilek esan du presoak «normaltasunez» gerturatzen ari direla

jon olano
2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Lelo bat, ordu berean, bi hiritan: Orain presoak. Euskal presoen eskubideen eta bestelako espetxe politika baten alde, buruan lelo hori eramango duten bi manifestazio egingo dituzte gaur Baionan eta Bilbon, 17:00etan. Errepublikako plazatik hasiko da Lapurdiko hiriburukoa, eta Casillatik Bizkaiko hiriburukoa. Urtarrilero presoen eskubideen alde egiten diren martxetan lehena izango da ETA desagertu zenetik, eta, hori horrela, antolatzaileek uste dute presoen eskubideei heltzeko tenorea dela, Euskal Herriratzeen, gradu progresioaren eta zuzenbide arruntaren aplikazioaren bidez, bakegintzan eta bizikidetzan sakontzeko.

Izan ere, «eskubideak eskubideak» dira, Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakariaren arabera. Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak France Bleu irratian esandakoez galdetuta. Belloubetek adierazi zuen Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin abiatutako elkarrizketa ez dagoela «hautsita», eta atea «irekia» duela. Funosasek positibotzat jo zuen Belloubetek presoen auziaz hitz egin izana manifestazioen bezperan, eta itxaropentsu azaldu zen mobilizazioen ondoren preso gehiago gerturatzeko aukeraz. Iparraldeko ordezkaritzak 2018 amaieran azaldu zuen «etenda» zegoela Frantziako Justizia Ministerioarekiko mintzaidetza, urteko lehen erdialdean 25 preso Mont-de-Marsango eta Lannemezango kartzeletara gerturatu eta gero. Hortaz, martxa akuilu izatea nahi dute antolatzaileek.

Sarek ere hizpide izan zituen Belloubeten adierazpenak. Plataformak agerraldi bat egin zuen atzo Bilbon, bi manifestazioetara joateko deia egiteko, azken aldiz. Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarraga bozeramaileek uste dute Belloubeten hitzak «ikaragarri positiboak» direla, eta mobilizatzearen garrantzia azpimarratu zuen Aldezabalek: «Badakigu elkarlan hori ez litzatekeela posible gizartea aktibatu izan ez balitz. Horri esker izan da posible puntu honetara iristea». Halaber, eskerrak eman zizkien gaurko martxetan parte hartuko duten eragileei, eta errespetua adierazi zien batuko ez direnei.

«Oraingoz, hitzak»

Hegoaldean, PSOEren gobernua mugiaraztea da asmoa, Aldezabalen hitzetan, «espetxe politika berriaren inguruko mezu itxaropentsuak» gauza daitezen: «Oraingoz, hitzetan besterik ez dira geratu». Presoen gaia «normaltasunez» garatzen ari dela uste du, ordea, Angel Luis Ortiz Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak: «Albiste onena da ez dagoela albisterik. Lekualdaketak bakarkako azterketen bidez egiten ari dira, eta, horiek jakinarazi aurretik, biktimei ematen zaie horren berri».

Bi hirietan batuko den jende kopurua ikuskizun, eragile ugarik babestu dituzte martxak. Iparraldean, 150 hautetsik —tartean Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza, Alfontxo Idiart Donibane Garazikoa eta Mixel Etxebest Maulekoa—, zortzi alderdi politikok, 78 sindikalistak, kultur arloko 63 sortzailek, 40 apaizek, Bizi mugimenduak eta LDH Giza Eskubideen Ligak azaldu diote babesa Baionakoari.

Atzo, zerrenda horretara batu ziren Ipar Euskal Herriko gazte antolakunde ugari: Azia, Euskal Herria Zuzenean, ELBko gazteak, Aitzina antolakundea eta Donapaleu, Donibane Garazi, Makea, Luhuso, Itsasu, Kanbo, Hazparne, Baiona, Azkaine, Donibane Lohizune, Sara eta Miarritzeko gaztetxeak. Deialdi bateratua egin zuten guztiek biharko, «gatazka armaturik eta horrek dakarren sufrimendurik gabeko herri batean» bizitzeko: «Horretarako, euskal presoak etxeratzeko bidean, ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bukatzea da gakoa». Berezko blokea osatuko dute Baionako martxan, eta, horretarako, 16:30ean jarri dute ordua hiriko presondegiaren aitzinean biltzeko.

Hegoaldean ere plurala izango da ordezkaritza; sindikatu guztiak, EH Bildu eta Ahal Dugu batu dira Bilboko martxara. Sarek harrera ekitaldi bat prestatu du 16:00etarako. Goizean ere izango da deialdirik: 11:30erako, mahai inguru bat antolatu dute La Bolsan: Bel Pozueta Adur Ramirez de Alda preso altsasuarraren ama, Laura Masvidal Quim Forn Kataluniako presoaren bikotekidea eta Maider Viso Harriet Iragi euskal presoaren bikotekidea arituko dira hizketan.

«Biktimek ez dute erabakitzerik non atxiki presoak»

Salbuespenetik bizikidetzara

«Presoen gaia desblokeatu da, baina itxaropenak ez dira bete»

«Madrilek ez ditu kontuan hartzen osasun irizpideak»

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.