Hizkuntza eskubideak. Donostiako protokoloa

Eskubideak babesteko zimendu

Alorrez alor eskubideak bermatzen direla ziurtatzeko, 185 neurri jaso dituzte protokoloan. Horrekin batera, 11 printzipio ere txertatu dituzte agirian, hizkuntza eskubideen deklarazioa oinarri hartuta; besteak beste, lehentasun politikak eskatu dituzte. Hona hemen, alorka antolatuta, neurri nagusiak.

BERRIA.
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun

Administrazioa.



Administrazioek hizkuntza gutxituan (idatziz zein ahoz) ematen dizkiete beren zerbitzuak herritarrei.

Jendaurrean diharduten langileek hizkuntza gaitasun egokia dutela bermatzen dute administrazioek.

Zerbitzuak hizkuntza gutxituan emateko, hizkuntza plangintza orokor bat aplikatzen dute Administrazioko alor guztiek.

Instituzio guztiek (udal, lurralde, erkidego, estatu nahiz beste edozein mailatakoek) plangintza betetzeko egutegi bat zehaztu dute.

Osasun arloa: Egoiliarrei hizkuntza gaitasun egokia eskatzen zaie.

Justizia: Tratamendu berdintasunaren printzipioari jarraikiz, hizkuntza komunitateko kideek eskubidea dute ahoz nahiz idatziz zuzenean jarduteko, interpreterik gabe.

Polizia: Administrazioak neurriak hartzen ditu Poliziako kideak hizkuntza gutxituan aritzeko gai direla bermatzeko.

Araututa dago edozein dokumentu zein argitalpen ofizialek balio juridiko osoa izango dutela, soilik hizkuntza gutxituan egon arren.

Hezkuntza.



Haur Hezkuntza: Zuzenean edo zeharka finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztietan haurrei hizkuntza gutxituan irakasten zaie.

Lehen eta Bigarren Hezkuntza: Bada murgiltze eta mantentze sistema orokor bat hizkuntza gutxituan.

Lanbide Heziketa: Lanbide heziketa eta trebakuntza hizkuntza gutxituan eskuragarri dago eskatzen duten ikasleentzat. Lantokiko prestakuntza eta praktikak eskuragarri daude hizkuntza gutxituan.

Unibertsitatea: Unibertsitate mailako ikasgai guztiak hizkuntza gutxituan eskuragarri daude. Ebaluazio agentzia eta instituzioek ez dituzte hizkuntza gutxituan egindako ekarpen zientifikoak gutxiago baloratzen.

Hezitzaileek (kirol eta aisialdikoek) hizkuntza gutxituan aritzeko gai izan behar dute titulazioa eskuratzeko.

Hizkuntza gutxitua ikastea: Hizkuntza gutxitua ikasi nahi duten herritarrek dohainik ikasteko aukera dute. Hizkuntza gutxitua irakasten da langabeentzako trebakuntzan. Hizkuntza gutxituan alfabetatzeko ikastaroak dohainik ematen dira.

Eremu sozioekonomikoa.



Behar bezala araututa dago hizkuntza gutxituko kontsumitzaileen eskubideen aitortza.

Produktuen osasun eta segurtasunari buruzko mezuak, hala nola sendagaien jarraibideak, produktuen arriskuei buruzko informazioa eta abar, hizkuntza gutxituan ere eskuragarri daude.

Errotulazioa eta merkataritza informazioa eskuragarri daude hizkuntza gutxituan.

Legez babestuta dago langileek lantokian hizkuntza gutxituan lan egiteko duten eskubidea.

Enpresek hizkuntza gutxituaren erabilera bultzatzen dute.

Sindikatuek hizkuntza gutxituari buruzko klausulak sartzen dituzte negoziazio kolektiboan, langileen hizkuntza eskubideak eta gizarte erantzukizuna bermatzeko.

Hedabideak eta teknologia berriak.



Komunikazio sistema hedabide publikoetako eta herri ekimeneko hedabideetako ordezkariek kudeatzen dute modu osagarrian, eta elkarrekin lan egiten dute, baldintza berberetan eta elkarren lana errepikatzea saihestuz.

Bada programazio osoa hizkuntza gutxituan ematen duen jabetza publikoko irrati kate bat.

Bada programazio osoa hizkuntza gutxituan ematen duen jabetza publikoko telebista kate bat.

Bada eduki guztia hizkuntza gutxituan argitaratzen duen eta finantzaketa bermatua duen egunkari bat.

Administrazioarekin kontraturen bat duten edo harengandik zerbitzu, laguntza edo prestaziorik jasotzen duten jabetza pribatuko hedabideek hizkuntza gutxitua bultzatzeko kuota eta neurri batzuk bete behar dituzte.

Programazio osoa hizkuntza gutxituan duten hedabideek laguntza bereziak jasotzen dituzte.

Inbertsio politika jarraitu bat aplikatzen da, hizkuntza gutxituko hedabideen eskaintza normalizatzeko, diskriminazio positiboaren bidez.

Administrazio publikoek neurriak hartzen dituzte hizkuntza gutxituko hedabideen ikusgarritasuna sustatzeko, komunikazio kanpainen bidez, hizkuntza gutxituko prentsa leku publikoetan egoteko laguntzen bidez eta abar.

Irrati edo telebista lizentzia berriak ematen direnean, lizentzia batzuk gordetzen dira programazio osoa hizkuntza gutxituan ematen duten irrati eta telebista kateentzat.

Administrazio publikoen softwarea hizkuntza gutxituan lokalizatuta edo hizkuntza gutxitura itzulita dago, eta herritarren esku jartzen da.

Kultura.



Administrazio publikoek aurrekontu orokorretan kontu sail berezi batzuk dituzte hizkuntza gutxituko kultura sustatu eta kultura unibertsala hizkuntza gutxituaren bidez jasotzeko aukera bermatzeko.

Bada laguntza sistema bat hizkuntza gutxituko sortzaileentzat.

Bada kuota bat instituzioek antolatutako edo haiek diruz lagundutako kultur programazioetan hizkuntza gutxituan sortutako kultur adierazpideak bermatzeko.

Zuzenean nahiz zeharka diru laguntza publikoak jasotzen dituzten hedabideek hizkuntza gutxituko kultur sorkuntza berriei buruz eman beharreko informazioa arautzen duen kuota bat ezarri da.

Filmak hizkuntza gutxitura itzultzen dira (azpidatziekin nahiz bikoiztuta).

Hizkuntza gutxituan eman beharreko kuota bat ezartzen zaie zinema aretoei.

Onomastika.



Entitate autonomo bat (hizkuntza akademia bat, esaterako) arduratzen da hizkuntza gutxituko izenak estandarizatzeaz, hizkuntzaren aniztasuna errespetatuz.

Erregistroek aukera ematen diete herritarrei beren izen-abizenak hizkuntza gutxitura itzuli edota hizkuntza gutxituaren grafiara aldatzeko.

Hizkuntza gutxituko leku izenen estatus legala bermatzen du legeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.