Eskubideak aitortu ordez, mugatu

Frantziak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu ahal izan dezan, lege proposamenak aztertuko ditu parlamentuakEskubideak mugatuko dituzten artikuluak baztertzeko eskatu du EBLUL Francek

Frantziaren mende diren hizkuntza gutxituetako ordezkariek babesa eskatu zioten iaz Unescori. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Konstituzioa aldatzea helburu duten artikuluen idazkerak garrantzi handia du, eta kontrako interpretazioei atea ixteko eskatu du EBLUL-France elkarteak. Taldeko kide da Euskal Konfederazioa. Oharrak egiazko arrangura plazaratzen du. Frantziako Parlamentuak konstituzioa aldatzeko lege proposamenak aztertu behar ditu. Bat ez, bost. Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berrestea dute xede. Alta, hizkuntza gutxituen aldeko militante eta taldeen beldurrak iratzarri dituzte.

Familia politiko bakoitzak bere proposamena ondu du, baina, indar politikoen banaketari begira, sozialistenak du aukera gehien. 53-3 artikuluan kokatuko litzateke, eta diputatu-senatari frantsesak uzkurtzea saihesteko asmoz, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak frantsesez egin beharko dituztela dio proposamenak. EBLUL-Francek proposamenaren formulazioa gaitzetsi du: «Dagoen bezala onartuko balitz, klausula mugatzaileak sartuko lirateke konstituzioan». Orain artean, testu zehatzik ez dagoenez, hainbat talde edo erakundek hizkuntza gutxituak baliatzen dituzte. Ipar Euskal Herrian, adibidez, Euskararen Erakunde Publikoak euskara erabiltzen du hainbat agerralditan. Baita estatuaren ordezkariak diren prefeta edo suprefetaren aitzinean ere.

Ustez hizkuntza gutxituen aldeko urratsak, formulazio horrekin, orain arteko ohitura edo askatasunari muga ezarriko lioke: «Hizkuntz aniztasunaren printzipioa sartu behar da konstituzioan, eta ez eskualdeetako hizkuntzen erabilpenari mugak ezartzen dizkioten neurriak,» dio EBLULek. Muga horiek saihesten dute hizkuntza gutxituen aitortza, eta ez dute neholako aitzinamendurik baimentzen, elkartearen arabera. «Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna ezin da izan zepo bat, egoera larrian dauden hizkuntzen egoera oraindik ere larriagoa bihurtzeko».

53-3 artikulua erarik xumeenean idaztea hobesten du EBLULek. Hau da proposamena: «Frantziako Errepublikak Hizkuntza Gutxituen edo Eskualdeetako Hizkuntzen Europako Ituna berrets dezake, 1992ko azaroaren 5ean Estrasburgon izenpetua». Konstituzioaren aldaketak, proposamena bere horretan onartuko balitz, eremu pribatura mugatuko luke hizkuntza gutxituen erabilpena. Politika eraginkorra nahi badu, babesa emanen dien legea onartzeko eskatzen dio Frantziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.