«Eskubidea eta betebeharra daukagu»

Goizetik igarri da hauteskunde giroa EHUko fakultateetan; kanpainak izan duen aparteko oihartzunak eragina izan du, eta hautagaitza biren artean hautatzeko era izateak ere bai.

Botoa emateko tokietako bat, gaur, Donostiako campusean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Botoa emateko tokietako bat, gaur, Donostiako campusean. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2024ko azaroaren 26a
14:20
Entzun

Fakultate bakoitzak erabakitzen du non jarri hautestontziak. Donostiako campusean gaur ibilera azkar bat aski zen horretaz jabetzeko. Informatika Fakultatean, atarian bertan jarri dituzte botoa emateko mahaiak. Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, batzar aretoan, goiko solairuan; Zuzenbide Fakultatean, sarreraren ondoan eskuinetara dagoen gela batean. Guztietan, tantaka-tantaka, jendea ibili da. Goiz mugitua izan da.

Xabier Goenaga ikertzailea da Informatika Fakultatean, eta botoa eman eta gero keinuaren garrantzia nabarmendu du: unibertsitateko eragile guztiek erakundearen gidaritza izango duten horiek aukeratzeko «eskubidea eta betebeharra» dutela esan du. Kanpainari erreparatu diola azaldu du. Badaki oihartzun handia eragin duten albisteak izan direla tartean, eta polemikaren lorratzak estali dituela horietako asko, baina horietaz aparte ere hautagaitza bakoitzaren asmo eta nahien berri izateko era izan dela uste du.

Bi errektoregaiek nabarmendu dute unibertsitateko sektore guztietara hurbiltzeko egin duten ahalegina: batzar ugari egin dituzte erakundeko sektore askotarikoekin, eta eragina izan dutela dirudi. Fakultateetako paretetan-eta ere, ageri-agerikoa da kanpaina; hautagai bien kartelak edonon ageri dira. Fakultateetako korridoreetan-eta asko izan dira, hala ere, martxa arruntean ibili direnak.

Hain zuzen ere, botoa ematera joan diren hainbatek ere onartu dute ia ahantzia zutela gaurko egunaren berezitasuna. Horixe hizpide zutela hurbildu dira hauteskunde mahaira, beste askoren artean, Informatika Fakultateko bi ikasle: Haizea Bermejo eta ikaskide bat. «Oraintxe azterketa bat egin dugu, eta ez dakigu burua non dugun ere». Bermejok aitortu du «ikusia» zuela gaur bozak zirela, baina ahantzia zuela. «Lagunak esan dit, eta orduan gogoratu naiz». Botoa eman dute biek.

Kontrara, propio hurbildu da botoa emateko tokira Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako ikasle Garazi Fernandez. «Kanpainari erreparatu diot nik», nabarmendu du. Unibertsitate «feministagoa eta euskaldunagoa» izateko proposamenak entzun ditu, ikasleen premiak aintzat hartzeko asmoz berariaz egindakoak ere bai, eta horren arabera erabaki du botoa.

Mahaian

Hauteskunde mahaiak eratzeko, hauteskunde orokorretan-eta erabiltzen den sistema bera darabilte. Fakultateka, zozketaz, mahaian egoteko deia jasotzen dute hainbat pertsonak. Horra Informatika Fakultatean, adibidez, gaur mahaiaren ardura noren esku egon den. Dekanotzako idazkaria da Arantxa Vazquez, Hitz Hizkuntza Teknologiaren Euskal Zentroko ikertzailea da Oskar Sainz, eta fakultateko irakaslea Idoia Berges.

Beren eguneroko jardunbideak albora utzi, eta hiruren ardura izan da gaur fakultatean jarri dituzten hautestontzietako martxa ona gobernatzea. «Aparteko ezusterik gabe» joan da dena, eta ondo jardun dute. Mahaien inguruan ibili dira bi hautagaitzetako ikuskatzaileak ere.

Boto haztatua da hauteskunde hauetakoa; alegia, boto guztiek ez dute berdin balio. Lau taldetan banatuta daude boto emaileak, eta lau hautetsontzi jartzen dituzte horregatik mahaietan. Irakasle iraunkorrena eta doktoreena da bat, ez-iraunkorrena beste bat, unibertsitateko bestelako langileena hirugarrena, eta ikasleena laugarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.