Eskubide zibilak aldarrikatzeko jaia egingo dute Bat Egin egunean

Altsasuko eta Urdiaingo zelaietan izango da, eta 'Udalbiltza auziko' auzipetuei adieraziko zaie elkartasuna

Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarrikapenak egitea eta ongi pasatzea eskutik helduta joan daitezke. Horregatik, iganderako, hilak 26, Bat Egin eguna antolatu dute Altsasu eta Urdiain arteko harizti eta zelaietan, Nafarroan.

Udalbiltza auziko auzipetuei elkartasuna adierazteko eguna izango da aurtengoa. Aurreko aldietan Euskal Herrian irekita zeuden beste hainbat epaiketatako auzipetuak izan ziren ardatza, hala nola Haika eta Segikoak, 18/98koak, Amnistiaren Aldeko Batzordekoak, Askatasunekoak eta Egunkaria-koak.

Pailazoak, kontzertuak...

Ondo pasatuko du Altsasu aldera joango den orok. Goizean, Pirritx eta Porrotxek irribarre bat baino gehiago aterako dute euren emanaldiarekin. Gainera, ikusleak animatzeko prest egongo dira bertsolariak, trikitilariak eta joteroak ere.

Ekitaldi nagusia bazkaldu aurretik egingo dute antolatzaileek, eskubide zibil eta politikoen aldeko eguna dela adierazteko. Bazkalorduan inor ez da gosez geratuko, antolatzaileek 1.200 lagunentzako jana prestatu baitute. Paella edo babarrunak izango dira aukeran. Horrez gain, sardinak, taloak eta otartekoak ere egongo dira.

Bazkalostean Esne Beltza eta Izargi musika taldeek jendea dantzan jarriko dute, eta Kukubiltxo-Kukubel taldeak Kukubel 2.0 antzezlana emango du.

Sarrera doakoa da, eta eguraldi txarra egingo balu antolatzaileek «B plana» prest dutela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.