Eskubide zibil eta politikoak aldarrikatuko dituzte larunbatean Gasteizen, manifestazio batean. Ekaitz Samaniego gazteari elkartasuna adierazteko sortu den mugimenduak egin du deialdia, Ekaitz Etxean! izenekoak, eta, gazte gasteiztarraren egoera salatzeko ez ezik, eskubide zibil eta politikoen alde ere egin nahi du mobilizazioak. Matrioska Martxa izenburupean egingo dute manifestazioa, eta Iparralde gizarte etxetik abiatuko da, 19:00etan.
Samaniego une batetik bestera atxilo dezakete, zortzi urteko kartzela zigorra ezarri berri baitio Espainiako Auzitegi Gorenak, Segi gazte erakundeko kide izatea eta kale eraso batean parte hartzea egotzita. Gazteak ukatu egin ditu akusazioak, eta defentsak esan du haren aurkako frogarik ez dagoela. Haren kontrako zigorra ezagutu zenetik, elkartasun adierazpen ugari jaso ditu gazteak, gizarte eragile, kultura, politika eta sindikatuetako ordezkarien aldetik. Abenduaren amaieran Gasteizko Los Angeles elizan itxialdia egin zuten 70 bat lagunek, gaztea han zela. Ondoren, baina, Samaniego ezkutatu egin zen, atxilo ez zezaten.
Samaniegoren alde osatu duten plataformak salatu du ez dela «bidezkoa» gazteari egiten diotena, baina ezta «epaiketa politikoen ondorioz 120 pertsona baino gehiago kartzeletan gatibu egotea ere». Larunbatekoa, beraz, «urrats handiago bat egiteko deia» dela nabarmendu dute plataformako kideek, agerraldi jendetsu batean. «Gonbita egiten diogu eskubide zibil eta politikoen defentsa guztion ardura dela uste duen orori, nahikoa dela uste duen orori», azaldu dute. Mobilizazioa eskubide ororen defentsaren aldeko «hasiera» baino ez dela gaineratu dute, «ez bukaera».
Jakinarazi dutenez, manifestazioaren amaieran «lekuko sinbolikoa» emango diote parte hartze politikoa aldarrikatzeko ekimen batengatik 88 urteko kartzela zigor eskaera jaso duten Laudioko (Araba) 21 lagunei.
Eskubide zibil eta politikoen aldeko martxara deitu dute
Ekaitz Samaniegoren aldeko mugimenduak antolatuta, manifestazioa egingo da larunbatean Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu