politika

Eskubide zibil eta politikoen alde mobilizatzeko deia egin du Udalbiltzak

Auzipetuek gonbitea egin diote erakundearen kontrako bidegabekeria salatzeko prest dagoen orori, eragile sozial, kultural, politiko eta sindikal guztiei, maiatzaren 21ean egingo den batzarrera joan daitezen, Andoaingo Martin Ugalde parkera.

2010eko maiatzaren 15a
20:07
Entzun
Udalbiltzaren kontra uztailean hasiko den epaiketaren aurrean makina gauza egiteko eta salatzeko dagoela uste du udalen erakundeak, eta hori dela eta, herritar guztiei, eta baita alderdi politiko eta hautetsi abertzaleei ere, euren esku dauden eremu orotan epaiketa salatzeko deia egin diete, giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen defentsan.

Horrekin batera, bidegabekeria honen kontra lan egiteko prest diren guztiei, eragile sozial, politiko, kultural eta sindikalei, maiatzaren 21ean egingo den batzarrean parte hartzeko deia egin die. Batzarra 10:30ean izango da.

Epaiketa uztailean hasiko da

Udalbiltzaren aurkako epaiketa uztailaren 15ean hasiko da, eta hil bereko 16, 22 eta 23an ere saioak izango dira, eta irailean jarraituko dute -7, 8, 9, 13, 14 eta 15ean-.

Madrilen izango da epaiketa, Auzitegi Nazionalean, Javier Gomez Bermudez dela epaimahaiburu, Egunkaria-ko itxiera kasuan bezala.

22 auzipetu daude, eta Fiskaltzak 240 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu haien aurka, 10 eta 15 urte artekoak. 2007ko irailean egin zituen eskaerak.

2003ko apirilaren 29an egin zuten Udalbiltzaren aurkako operazioa, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. ETArekin harremanak izatea egozten diote. Espainiako Poliziak zortzi lagun atxilotu zituen egun hartan. Halaber, Udalbiltzak Oiartzun eta Astigarragako udaletxeetan zituen bulegoak itxi zituzten, diru kontuak blokatu zizkioten, eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondorako batuta zituen 400.000 euroak ere bai.

Lizarra-Garazi garaian, 1999ko irailaren 18an sortu zuten Udalbiltza Euskal Herriko udalen erakundea EAJ, EA, ezker abertzaleko eta ABko hautetsiek; hautetsi independente batzuk ere baziren. ETAk 1999 bukaeran su-etena hautsi ondoren, Udalbiltza zatitu egin zen: EAJ eta EA batean geratu ziren, ezker abertzalekoak bestean; Garzonek honen aurka egin zuen 2003an.

"Ez dute frogarik aurkezten"

Auzipetuek absoluzioa aldarrikatuko dute berriro. "Egunkaria auziko absoluzio epaia oso epai esanguratsua izan da, ez baita absoluzio soila izan, hori baino gehixeago esan du epaimahaiak. Sententzia horren barruan badaude ideia interesgarriak. Esaterako, akusazioek lehenengo delituaren berri eman zutela eta ondoren saiatu zirela frogak aurkitzen, baina epaimahaiak dio ez dagoela deliturik. Gure kasuan ere ETAkoak garela esaten dute, baina baieztapen horren froga bezala ez dute ezertxo ere aurkezten. 2003ko gauza bera esaten jarraitzen dugu: ez dagoela deliturik, Udalbiltzak guztiz jarduera instituzional publikoa eta gardena egin izan duela. Baina, jakina, bultzada politikoaren ondorioz eraman dute aurrera hau dena. Egunkaria auzian politikoa izan zen prozedura eta Udalbiltzaren kasuan ere bai", esan zion Maribi Ugarteburu auzipetuak BERRIA.INFOri joan den apirilaren 29an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.