Eutanasia arautzeko legea. Bizipenak. Mario Unamuno

«Eskubide zibil bat irabazi dugu»

Aurretiazko borondateen agirian jasoa zuen eutanasia egiteko era nahi lukeela legezkoa balitz; orain, legea onartua izateak «lasaitu» egin duela esan du.

Jone Bastida Alzuru.
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Nik jasoa dut eutanasia nahiko nukeela, eta uste dut inor ez dela gauza hori ukatzeko. Orainarte, legeak ukatzen zuen, baina iruditzen zait hori ez dela justua». Argi du Mario Unamuno EAEko DMD elkarteko kideak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1966). 55 urte ditu, baina dagoeneko hausnartua eta pentsatua du nolakoa nahiko lukeen izatea bere bizitzaren amaiera; zer nahi duen eta zer ez. 2014an egin zuen aurretiazko borondateen agiria, eta dokumentuan bildu zuen ezen, inoiz legezkoa izango balitz, eutanasia egiteko era nahi lukeela. Hasieratik izan zuen argi: «Bai, dudarik gabe».

Hainbat izan ziren agiria egitera bultzatu zuten arrazoiak. Ramon Sampedroren kasua ekarri du gogora, eta, amorruz, azaldudu nola behin eta berriro ukatu zioten eutanasia aplikatzea. «Oso gogorra egin zitzaidan, eta halako jakin-min bat piztu zitzaidan DMD elkartearen gainean». Urratsa, ordea, lagun baten aita hil ondoren egin zuen; aurrena lagunak egin zuen dokumentua, eta, jarraian, berak. Bazuen tartean beste kezka bat ere: 2013an kiste bat diagnostikatu zioten, buruan, «oso leku txarrean». «Momentu hartan, ikusten zen kistea txikia zela, eta ez zirudien arazo handirik emango zidanik. Handitzen bazen, agian bai. Baina bueno, hor bazegoen kezka bat».

Eta azaldu du: «Batetik, argi adierazi nahi nuen zer nahiko nukeen azken momentuetan, eta, bestetik, eutanasia legezkoa bada eta halako egoera batean banago, nik niretzat nahi nuela».

Medikuek kistea atzeman ziotenetik, hazten joan dela esplikatu du, eta aurten ebakuntza egin behar izan diote. Bazituen arriskuak operazioak berak ere. «Egundoko lasaitasuna ematen dit, ikaragarrizkoa, operazio horren aurrean jakiteak eutanasia legeztatu dutela. Ebakuntzara bestelako lasaitasun batekin joaten lagundu dit. Irtenbide bat emango lidake zerbait gaizki atera balitz».

Orain agiria berridazteko asmoa duela argitu du, nahiz eta bertan jasoa izan eutanasia nahiko lukeela. «Ja legezkoa da, eta moldatu egingo dut; hori eta beste detaile txikiago batzuk». Dokumentuak hausnarketarako bidea ireki diola adierazi du. «Guk ulertzen dugu heriotza bizitzaren gertakari bat dela; azkena, baina bizitzaren zati bat da».

Unamunok azpimarratu du norberaren askatasunak izan behar duela oinarri. «Gaixotasunaren gainetik, aldarrikatzen dugu askatasuna dagoela. Eutanasia eskatzeko zilegitasuna ez du ematen gaixotasunak: nire askatasun pertsonala da. Uste dugu norberaren askatasuna dela norberaren duintasunaren oinarria, eta, horrexegatik, agur esan nahi badut, alde egin nahi badut, onartu egin behar didatela».

Legea, aurrerapausoa

Eutanasia arautuko duen legea onartzea«aurrerapauso ikaragarria» dela iritzi dio Unamunok. «Poza sentitu nuen, eskubide bat irabazi dugulako. Eskubide zibil bat irabazi dugulako». Dena den, abiapuntu bat baino ez dela dio, «asko kostatu dena». Eta argi esan du: «Askorentzat berandu iritsi da».

Legea lorpentzat jo duen arren, hauteman dizkio ahuleziak ere. «Ez zaio ematen behar besteko garrantzia eskatzen duenaren eskaerari, eta gehiegizko bermeak jartzen dira prozesua aurrera eramateko. Espero dut denborarekin, pixkanaka, arintzera egingo duela, eta gero eta gehiago onartzera eskatzen duenaren askatasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.