Juan Ibarrondo. Argituz elkarteko kidea

«Eskubide politiko eta zibilek adinako munta dute eskubide sozialek»

Argituz elkarteak asmoa du eskubide ekonomiko eta sozialen behatoki bat eratzeko. Sumatu dute gizarte mugimenduak «kezkatuta» daudela eskubide urraketekin, eta topaketa batean lantzen hasi dira gaia, atzotik.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Eskubide ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenarekin lotura dutenak Gasteizen zenbateraino betetzen diren jakin nahi du Argituz giza eskubideen alde lan egiten duen elkarteak, eta, horretarako, behatoki bat sortzeko asmoa plazaratu zuen astelehenean, jardunaldi batzuk aurkeztearekin batera. Jardunaldi horiek behatokiaren oinarri izatea nahi du elkarteak, Juan Ibarrondo kideak (Gasteiz, 1962) azaldu duenez. Atzo hasi eta larunbatera bitartean egingo dituzte topaketak.

Eskubide Ekonomiko eta Sozialen Behatoki bat sortu nahi duzue Gasteizen. Nondik dator ideia?

Kezka batetik dator; hedabideen eta Gasteizko gizarte mugimenduen bitartez, atzematen ari gara atzeraldi bat dagoela eskubide sozial batzuetan hirian. Batzuetan hiri eredugarritzat jotzen bada ere, ikusten ari gara Gasteizek arlo batzuetan ahultasunak dauzkala. Kasu honetan, nabaritzen ari gara oinarrizko eskubide batzuk urratzen ari direla, eta oso kezkagarria dela hori. Argituz-en, gure gogoeta zera izan zen: Gasteizen sare sozial handia dagoela, aberastasun hori baduela, eta behatoki bat eratzea tresna interesgarri bat izan zitekeela, mugimendu sozial eta kolektibo horien proposamenei eta salaketei ikusgaitasuna emateko.

Hasiak zarete hizketan ehun sozial horrekin?

Bilerak egiten hasi ginen eskubide ekonomiko, sozial, kultural eta ingurumenekoen arloan lan egiten duten kolektibo eta pertsona ugarirekin. Beste leku batzuetan badaude horrelako tresnak: Bartzelonan, Latinoamerikan... Atzeman genuen bazegoela interesa kolektibo horien aldetik, tresna gisa erabilgarria izan dakiekeelako. Interes hori ikusita erabaki genuen hurrengo pausoa ematea: ostegun eta ostiral honetan egingo diren jardunaldiak antolatzea.

Zeintzuk lirateke behatokiaren helburuak?

Xede nagusia da erreminta baliagarria izatea eskubide ekonomiko eta sozialen defentsan diharduten kolektibo, elkarte eta abarrentzat, beren proposamenak bideratu ahal ditzaten. Alor batzuetako eskubideen urraketan aparteko kezka nabari dugu: adibidez, etxebizitzan, lan prekaritatean, lan osasunean... Baina ikusten ari gara pobrezia areagotzen ari dela gure hirian eta Euskal Herrian. Horiek guztiak giza eskubideen nazioarteko corpus legegilearen parte dira, eta bete beharrekoak dira estatuentzat. Zentzu horretan, uste dugu ahalegin handiagoa egin beharko litzatekeela nazioarteko hitzarmenak bete daitezen, pertsona guztien eskubide sozialak bermatzeko.

Zertan izan dakieke baliagarria elkarteei?

Oraindik pentsatzen ari gara, baina ideia da urtero txosten bat egitea, erradiografia bat, urte bakoitzean gai esanguratsuren baten inguruan arreta jarrita; asmoa ez da hainbeste ikuspegi kuantitatibo bat ematea, estatistikak egitea, kualitatiboki lantzea baizik, eskubideak urratu zaizkien pertsonei aurpegia jartzea. Hain zuzen, jardunaldietan aurkeztuko dugu Manzanares-Cortesi buruzko txosten bat, eta horrek pista bat eman dezake urteroko memoriak nondik nora joan daitezkeen.

Gasteizerako behatoki bat da. Baduzue zabaltzeko asmorik?

Argituz-ek beti behetik gora egin du lan, tokian tokitik, pixkanaka. Lehen pauso bat eman nahi dugu Gasteizen, bertan lan egiten dugulako, hori delako ezagutzen duguna, eta oraingoz hau egonkortu nahi dugu. Gero, aukerarik balego Arabara zabaltzeko, edo jenderik balego lekukoa hartzeko... Ez du zertan Argituz-ek izan. Ez dugu nahi Argituz-en behatoki bat izatea; Argituz-ek sustatzen du, lehen pausoak ematen ditu, baina gero behatokiak independentea izan beharko luke, bizitza propioa izan. Gizarte mugimenduekin sarean lan egin beharko luke, eremu zabal batean; bai geografikoki, baina baita lan arloen zabaltasunari dagokionez ere.

Esan duzu ideia hau eskubideen urraketekiko kezka batetik sortu dela. Aspaldikoa da kezka hori, edo areagotu egin da azken hilabeteetan?

Gai batzuk landuak genituen: arrazakeria, memoria partekatua... Beti izan dugu eskubide sozialak lantzeko bokazio bat. Giza eskubideak bi multzo handitan banatzen dira: eskubide zibil eta politikoak, batetik, eta ekonomikoak eta sozialak, bestetik. Eta iruditzen zaigu agian bigarren multzokoak modu bidegabean baztertuak izan direla. Eskubide zibil eta politikoak bezain garrantzitsuak dira eskubide sozialak. Edonork uler dezake mugimendu askatasuna edo nahi ez duzun leku batean ez bizitzeko askatasuna ezin dela bermatu ez badituzu gutxieneko baliabide batzuk horretarako. Oso lotuta daude biak.

Nazio Batuen Erakundeak berak bereizi zituen bi multzoak, eta horren garapen legegilea ezberdina izan da.

Jardunaldian, Iñaki Lasagabaster irakasleak oso ondo azalduko du hori ikuspegi historiko batetik; zergatik sortzen den ideia hori, inolako oinarri juridikorik ez duena baina historiarekin zerikusia daukana: eskubide sozial eta ekonomikoak bigarren mailakoak direla. Nola, orduko indar korrelazioagatik, lerrokatu gabeko herrialdeek uste zuten eskubide zibil eta politikoak, eskubide liberal klasikoak zirenak, osatu egin behar zirela eskubide sozialekin. Orain, nire ustez, indar korrelazioa ez da hain onuragarria eskubide sozialentzat; neoliberalismoak gogor jo du, eta eskubide sozialak bigarren mailakotzat jo dira, eta praktikan ez dira gauzatzen ari.

Eperik jarri duzue behatokia sortzeko?

Ideia da 2022rako lehen txostena egin ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.