«Eskubide demokratikoak» beharrezko direla dio Aralarrek

Bakea eraikitzeko erronkez aritu dira Zabaleta eta Ubera, ETA armagabetu ondorengo egoera aintzat hartuta

2017ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Bakea eraikitzeko, beharrezkoa da «eskubide demokratikoak onartzea». Hala nabarmendu dute Patxi Zabaleta Aralarreko ohorezko presidenteak eta Rebeka Ubera idazkari nagusiak, Donostian, ETAren armagabetzearen osteko egoeraz egindako agerraldian. Orain, kontakizunaren auzia dago mahai gainean, eta Aralarrek ohartarazi du gertatuaren kontaketa atzera begira ez ezik aurrera begira ere egin behar dela: «Kontakizuna etorkizunera begira egin behar da. Ez da soilik iragana aztertu behar».

Alderdiaren iritziz, badira baztertu ezin daitezkeen puntu batzuk. Adibidez, Uberaren eta Zabaletaren hitzetan, ez da ahaztu behar ETAk «arrazoi politikoengatik» jardun zuela. Kontakizun bat baino gehiago egotea ez da arazoa haientzat: «Gizartearen aniztasunaren isla da».

Biktima guztien aitortza behar dela ohartarazi dute, eta ezinbestekotzat jo dute «preso politiko denen askapena». Haiek Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea ez da nahikoa, Aralarren irudiko: «Amnistia aldarrikatzen dugu berriro». Amnistia emateko eragozpena «borondate politikoa» dela azpimarratu du Zabaletak, eta ez legedia. «Era askotara ezar daiteke amnistia: indultuak...».

ETAk iragarri du gogoeta prozesu bat hasi duela. Zabaletak esan du «eztabaida publikoa eta irekia» egin behar dela, ez soilik etakideen artekoa. Halaber, Aralarreko kideak esan du euskal presoak dauden bitartean ez litzatekeela egokia izango ETA desegiteaz hitz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.