Gaur 46 urte bete dira Juan Paredes Manot Txiki, Angel Otaegi Etxeberria eta FRAPeko hiru kide fusilatuta hil zituztela, eta haien oroimenez ekitaldiak egin dituzte haien hilerrietan, Zarautzen eta Nuarben (Gipuzkoa), hurrenez hurren. Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak adierazpenak egin ditu Txikiren hilerrian: adierazi du «behar-beharrezkoa» dela «nondik gatozen oroitzea», eta gogoratu du Txiki eta Otaegi ez ezik «1936tik gaur arte Euskal Herrian bakea eta askatasuna lortzeko ahaleginean bizitza galdu duten herrikideak» izanen dituztela gaur gogoan.
Gaurko egunez «eskubide guztiak, biktima guztiak, memoria guztiak» aldarrikatu ditu Sortuk, «bizikidetzan aurrera egiteko ezinbesteko printzipio» gisa. Izan ere, ezker abertzaleko alderdiak uste du «soilik kontakizun inklusibo batetik eraiki ahal izango» dela «elkarbizitza demokratikoa» Euskal Herrian: «Horrexegatik da garrantzitsua erantzukizunez jokatzea, faxismoari eta faxismoa ezartzen ari den agendari bizkar emanez, horrek ondorio latzak dakartzalako. Eta horri buruz zerbait badakigu hemen gaudenok».
Larunbatean ekitaldia egin zuen Sortuk Oiartzunen (Gipuzkoa), eta gaurko elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. 30 protestatik gora eginen dituzte, Euskal Herria bihotzean, independentzia! lelopean.