Demokrazia hitzak herritarren gobernua esan nahi du, grezieratik hitzez hitz itzuliz gero. Errealitatean, ostera, bestelakoa da gizarteak duen ikuspegia. Uste orokortua da herritarrek ezin dutela parte hartu lurralde bat administratzeko erabakietan. Hiru herritarretik bik uste dute aukera gutxi edo batere ez duela sistema politikoan eragina izateko. Urte hasieran egindako Demokraziari buruzko ulermenak gurean ikerketak azaleratu ditu datu horiek. Arantzazulab-ek ondu du ikerketa, EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan.
Era berean, herritarrei egotzi izan zaie gero eta atxikimendu txikiagoa dutela. Hori azken urteetan gizarteak jasan dituen aldaketen ondorio dela uste du Arantzazulab-eko zuzendari nagusi Naiara Goiak: «Gero eta gizarte indibidualistagoa daukagu, lotura komunitario ahulekoa. Erabateko arrakala ikusten da herritarren eta sistema politikoaren artean». Igor Ahedo soziologo politiko eta Parte Hartuz taldeko ikertzaileak ere ideia hori berretsi du: «Utopietan sinesteari uztea eta dena azkar ibiltzea ezaugarri dituen garai honetan, kaltetua suertatu da parte hartzea».
Ahedok dio, zenbakiei erreparatuta, posible dela herritarren atxikimenduak «behera» egin izana, baina uste du ikuspegi kualitatiboak eta gizartean izandako aldaketak ere aztertu behar direla. Zygmunt Bauman soziologo eta filosofoak modernitate likidoa terminoa erabiltzen zuen azken hamarkadetako gizarte aldakor eta indibidualista deskribatzeko. Iraganeko mundu solidoa, ostera, egonkorragoa zela esaten zuen, eta kolektiboak indar handiagoa zuela. Definizio horiekin bat egin du Ahedok: «Gizarte klaseek eta sindikatuek indar handia zuten garai batetik gatoz. Egun, mundua azkarrago doa, eta gazteen konpromisoa ez da orduan bezalakoa».
Halere, gogorarazi du herritarren partaidetza murriztea bera ez dela «gaixotasuna», baizik arazo larriagoen «sintoma». Horregatik, haren ustez, «beharrezkoa» da diseinu estrategiko argia duten parte hartze prozesuak abian jartzea; «gizarte sareen egituraketari itzuli bat eman eta benetako arazoei aurre egiteko». Gainera, jakinarazi du parte hartzeko moduak birplanteatu eta berriak ere sortu direla. Bide horri jarraitu behar zaio, ikerlariaren ustez: «Gaurko munduari egokitutako parte-hartze prozesuak planteatu behar dira».
Kolektibismoaren oasia
Partaidetza prozesu egokiek ezaugarri hauek izan behar dituztela uste du Ahedok: «Prozesuaren logikari jarraitu behar diote, eta ez momentuarenari; ongi definitutako estrategia eta orientazio politikoa behar dute; eta helburu eraldatzaileak izan behar dituzte, baina praktika egingarriak erabiliz». Ipar Euskal Herriko hainbat dinamika aipatu ditu adibide egoki gisa. Haren hitzetan, «Bizi, Alda, Eusko» eta antzekoek «pragmatismo iraultzailea» planteatzen dute. «Zer da hori? Bada, mundua aldatu nahi dute planteamendu pragmatikoetatik abiatuta; ortzi-muga bistaz galdu gabe, baina lorpen txikiei garrantzia emanez».
Alda mugimendua auzoetako kolektiboak eta erabiltzaile kolektiboak osatzeko asmoz sortu zuten, herri xehearen eguneroko arazoei erantzuteko. Gaur egun, etxebizitzaren arloan nabarmendu da. Mugimenduko lehendakari Ainize Butronek jakinarazi du zein den Aldaren helburu nagusia: «Ulertaraztea herritarrak beraien hitza entzunarazten eraginkorragoak direla kolektiboki eta antolaturik. Eta, egungo gizarte indibidualistak eguneroko arazoei aurre egiterakoan ekar dezaken bakardadean eta fatalismoan erori baino, kolektiboki indartsuak garela erakustea». Uste du Ipar Euskal Herrian «antolatzeko gaitasuna» lortu dela «ezagupen instituzionalik» ez dutelako: «[Horrek] bultzatu ditu herritarrak, bereziki abertzaleak, egiturak beren kabuz sortzera; botere publikoen bidez ez baitzen deus lortzen».
Ahedoren arabera, dinamika horiek «frogatu» dute posible dela urte gutxian «ehunka herritar batzea». Butronek azaldu du eurentzat ere «sorpresa» izan dela lortutako arrakasta: «Bi urteren buruan, bost urteko eperako aurreikusiak genituen helburuak bete ditugu». Kide kopuruari erreparatuta, 30 baino gutxiago ziren 2020an; egun, 760 baino gehiago dira, horien artean 455 «laguntzaile aktibo». Butronen ustez, gizarteak kolektiboki antolatzeko duen beharraren «froga» da Alda: «Erran izan didate aro modernoko Robin Hood modukoak garela. Ez dakit hala den, baina argi dagoena da herritarrek itxaropena behar dutela, are gehiago egungo gizarte indibidualistan». Gainera, Aldak baditu harremanak «tokiko instituzioekin —Euskal Elkargoarekin eta herriko etxeekin— eta hautetsiekin». Mugimenduko lehendakariak adierazi duenez, «helburu bat lortzeko, partaidetzak egiten jakin behar da».
Erakundeek bultzatuta
Ipar Euskal Herriko egungo egoerarekin edo Hegoaldean duela hogei urte zegoenarekin alderatuta, Ahedok dio Hego Euskal Herrian parte hartzea «instituzionalizatuta» dagoela. Hau da, herritarrek sustatutako ekinaldiez gain, erakunde publikoek ere jarduten dute herritarren partaidetza bultzatzen. Izan ere, agintariek ikusi dute gizartearen zati batek parte hartzeko aukera handiagoa izatea aldarrikatzen duela. Arantzazulab-ek bultzatutako ikerketak argitara eman duenez, hamar herritarretik seik hobesten dute bozen bidez agintariak aukeratzea. Heren batek, ordea, demokratikoagotzat jotzen ditu beste antolaketa modu batzuk—«autoantolaketa, herritarren zozketa edota boto asanblearioa»— ordezkaritzazkoa baino.
Herritarren eta erakunde publikoen arteko harremanak eraldatzeko sortu zuten Arantzazulab, 2021ean. Hala jakinarazi du gizarte berrikuntza laborategiko zuzendariak: «Orain arte inoiz izan ez ditugun erronkak ditugu, eta demokraziaren krisiaz eta atxikimendu faltaz hitz egiten da. Egoera horretan, ikusi zen lankidetzarako espazioak sortu behar zirela». Proiektuen artean, besteak beste, bi herri batzar sustatu dituzte: bata, Tolosan egin zuten; eta bestea, Gipuzkoa mailan. Bietan parte hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ere.
Aldundiak 2016an abiarazi zuen Etorkizuna Eraikiz lankidetzazko gobernantza proiektua. Mikel Pagola Herritarren Partaidetzarako zuzendariak adierazi du herritarren parte hartzea beharrezkoa izango dela etorkizunean: «Aldundia jakitun dago bakarrik ezin diezaiekeela aurre egin etorkizuneko erronkei». Horregatik, herritarren batzarrez gain, beste zenbait prozesu garatu dituzte: «Aurrekontu irekien proiektua litzateke garrantzitsuena, baina ez bakarra: Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu eta zerbitzu askotan, urtero, partaidetza proiektuak sustatzen dira, ez soilik Gobernantza Departamentutik bideratuak».
Bestalde, Gipuzkoako Eskola Irekia ere sortu dute; partaidetza prozesu batean, herritarrek «beharrezkoa duten formakuntza eta ezagutza» izan dezaten. Eusko Jaurlaritzak ere badu antzeko proiektu bat: Open Eskola. Halere, Jaurlaritzako Gobernantza Publikoaren eta Autogobernuaren Sailetik OGP Gobernu Irekirako Aliantza proiektua nabarmendu dute; «bere osotasunean partaidetza sustatzen baitu». OGP nazioarteko erakunde bat da, helburu duena zenbait tresna garatzea eta ebaluatzea, hartara gobernu «irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko sentikorragoak» sustatzeko. 2018tik, aliantzaren parte dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusiak. Nafarroako Gobernuak ere bultzatu ditu zenbait parte-hartze prozesu.
Gabeziak eta erronkak
Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arantzazulab-ek balorazio «positiboa» egin dute aurrera eraman dituzten partaidetza prozesuen inguruan. Arantzazulab-eko zuzendariak prozesu horiek «sistematizatzeak» duen garrantzia azpimarratu du: «Demokrazian sakondu nahi badugu, tresna horiek egonkortu behar ditugu».
Halere, euskal erakundeek sustatutako prozesu parte hartzaileek badute zertan hobetu. Batetik, herritarrek sarri ez dute prozesu horien berri: «Nik uste dut ez direla ezagutzen. Gizartea oso aldenduta bizi da, orokorrean, administrazio publikotik. Eta instituzioek ere beren harremantzeko moduak birpentsatu behar dituzte», adierazi du Goiak. Eta gehitu du: «Erronka da nola inplikatu urrunen daudenak, normalean parte hartzen ez dutenak, gizartearen aniztasuna bermatzeko».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendariak ere sumatu du gabezia hori: «35 urtetik beherakoena da prozesu horietan parte hartze txikiena duen adin tartea. Eta, datu zehatzik ez badago ere, ziurtatu daiteke egoera ekonomiko eta sozial zaurgarrian daudenek ere gutxiago parte hartzen dutela». Gainera, jakinarazi du herri mailako prozesuetan parte hartzeko «ohitura handiagoa» dagoela Gipuzkoa mailan egiten direnetan baino. Ahedok ere aniztasun falta nabaritzen du erakundeek sustatzen dituzten «goitik beherako edo gonbidapenezko» partaidetza prozesuetan: «Parte hartu behar dutenak ez dira soilik eliteak, baizik baita herritarrak eta herri mugimenduak ere». Pagolak ere nabarmendu du herritarren artetik sortutako ekinaldien garrantzia,elkarteena batez ere. Eta jakinarazi du aldundiak aholkularitza eta laguntza ekonomikoak eskaintzen dizkiela «partaidetza sustatu nahi duten elkarteei».
Era berean, «goitik beherako eta behetik gorako» partaidetza prozesuak konbinatzearen alde egin du Goiak: «Zilegitasuna dute boto bidez ordezkaritza lortu duten agintariek; beraz, horiei lidergo bat eskatzen zaie gizartearekin harremantzeko estrategiak bideratzeko. Baina horizontalagoak izan behar lukete». Askotan parte hartzearen «erabilera kosmetikoa» egiten dela ere salatu du: «Herritarren ahotsa bilatu izan da oso garrantzitsuak ez diren gauzetarako». Bestalde, uste du herritarrek ere badutela «aktibo izateko ardura», eta «aldarri hutsaren erosotasunetik erantzunkidetasunera» egin behar dutela jauzi. Ahedok honela laburtu du parte-hartze prozesuek duten erronka nagusia: «Partaidetza ez da soilik herritarrek eskua altxatu ahal izatea, baizik eta elkarri eskua eman eta parte hartzea».
Herritarren parte hartzea
Eskua altxatzeaz gain, eskua eman
Hego Euskal Herriko erakundeak partaidetzazko gobernantza sustatzeko proiektuak martxan jartzen ari dira. Orain, haien erronka da herritarrak elkarlanera batzea, iritzia emate hutsetik harago. Iparraldean, indar handia dute herritarren ekimenez abiarazitako proiektuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu