Kantitatean eta kalitatean, bietan izan du eragina COVID-19aren izurriak Osakidetzako lehen mailako arretako administrarien lanean. Gasteizko Zabalgana auzoko osasun zentroan ari dira Ana Carracedo eta Rosa Aginako, eta argi esan dute lehendik zeuden egiturazko gabeziek txarrera egin dutela pandemiarekin: «Murrizketek eta izurriaren ondorioek zamatuta lan egiten dugu».
2020an izurria iritsi zenean, lan egiteko era aldatu behar izan zuten, aurrez aurreko arta murriztu eta arreta telefonikoa lehenetsita. Eta azken bi urteotan lan zama izugarri handitu zaie administrariei, ohiko jarduerei izurriari lotutakoak gehitu zaizkielako. «Dozenaka dei jasotzen ditugu egunero, baina esku nahikorik ez dago horiek hartzeko». Zortzi administrari daude osasun zentroan, eta «ezinean» ari direla azaldu du Aginakok. Egoerari neurria hartzeko datu bat eman du: «Joan den astelehenean, adibidez, aurrez aurre 400 pertsona artatu genituen; telefono bidez, beste 240. Basakeria bat». Lehen arretako administrariak «ahituta» eta «gaindituta» daude, fisikoki eta psikologikoki, «estres handiarekin» lan egin behar baitute. «Ezin dugu gehiago».
1-1-1 ratioaren alde
Osasun profesionalen gabezia da lehen mailako arretako arazo nagusietakoa, eta langile eskasiaren ondorioak administrariek ere pairatu behar izaten dituzte. Carracedo: «1-1-1 ratioa eskatzen dugu, hau da, mediku bakoitzeko erizain bat eta administrari bat. Egun, oso urrun gaude parametro horietatik». Hala, osasun langileen eskasiak eta telefono bidezko arreta lehenesteak ondorioak ditu pazienteen arretan, Aginakok ohartarazi duenez: «Arta telematikoaren bitartez, pazienteek ez dute kalitatezko arretarik jasotzen, gaixotasun bat telefonoz diagnostikatzea oso zaila delako. Bestalde, osasun zentro batzuetan aurrez aurreko ordua lortzeko, gutxienez bi aste itxaron beharra dago, eta, horrez gain, mediku bakoitzak, batez beste,40 pertsona ikusten ditu egunean».
Egoera hau guztia arrastoa uzten ari da gaixotasun askoren segimenduan. Orain, birusarekin kutsatutakoek dute lehentasuna, gainerako eritasunen kaltetan.Carracedok esplikatu duenez, horrek ondorio larriak ditu: «Gaixotasun asko diagnostikatu gabe geratzen ari dira, gaixo kronikoen jarraipena egiteari utzi zaio, bi urtetik gorako umeen azterketak atzeratu egin dira...». Horren guztiaren ondorioak «luzera begira» sumatuko direla uste du Aginakok. Egoera dela eta, gero eta suminduago daude herritarrak, eta osasun zentroko langileei ordainarazten dietesarritan. Kexu da Carracedo: «Jendea oso haserre etortzen zaigu, kontu eske. Baina gu ez gara egoera honen errudunak. Guere nahastuta gaude; komunikabideen bidez jakiten ditugu Osasun Sailaren protokolo aldaketak».
Osasuna. Lehen mailako arreta
«Esku nahikorik ez dago telefono deiak hartzeko»
Rosa Aginako eta Ana Carracedo. Lehen arretako administrariak dira: «ahituta» daude, arta behar duten paziente denen eskeei erantzun ezinik. Lan karga eta langile eskasia salatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu