«Lanerako bidean urduri noala konturatzen naiz». «Zerbait gertatzen bada, ez daukat argi zer egin. Protokolorik ba al dago?». «Normala al da nire lanpostuan segurtasunik gabe sentitzea?». «Lan istripu bat izan dut, eta enpresak ez dit agiria ematen mutualitatera joateko; familia medikuarenera joateko esan didate». Esku hartze sozialeko langileen testigantzak dira, ELA sindikatuak argitaratu duen gidan bildutakoak. ELAk kanpaina bat abiarazi du Bizkaian, Zure burua zaintzea lanaren parte da goiburupean, sektore horretan aritzen diren beharginen lan arriskuez ohartarazteko, eta horren harira gida bat argitaratu; gainera, inkesta bat egingo die 3.800 langileri.
ELAko ordezkari Vanessa Nuñezek eta Andrea Gonzalezek salatu dutenez, hainbat arazo daude esku hartze sozialeko langileen eguneroko jardunean: gehiegizko lan kargak, eskakizun kontrajarriak eta eginkizunak argi ez egotea, langileari eragiten dioten erabakietan parte ez hartzea, antolaketan gaizki kudeatutako aldaketak egitea, lan prekaritatea, jazarpen psikologiko eta sexuala, eta abar. «Horrek guztiak, gure buru osasuna arriskuan jarri ez ezik, gure lana zaildu ere egiten du».
Xeheago aletu dituzte sektorean izaten dituzten lan baldintzak. Esan dutenez, askotan hamar ordu baino gehiagoko lanaldiak izaten dituzte, beharra txandaka egiten dute, asteburuetan eta gauez lan egitea ere egokitzen zaie, ez dago ordezkapenik langileen gaixoaldietan eta oporretan, kontziliazioa lortzeko «ezintasunak» daude, laguntza psikologikoko lanpostuak ezabatzen dituzte, eta abar. «Baldintza horiek normalizatzen ari gara», salatu dute; «ematen du bokazioak dena estali dezakeela».
Borondate politikorik ez
Arazo horiei erantzuteko orduan, «axolagabekeria» erakusten dute patronalek eta erakunde publikoek, ELAko ordezkariek esan dutenez: «Bai kargak eta lan erritmoak areagotzeak eta bai arreta ereduaren gabeziek agerian uzten dute arrisku psikosozialei dagokienez ez dagoela benetako neurririk». Haien ustez, ez dago arazoa konpontzeko «borondate politikorik», ezta «baliabide nahikorik» ere: «Eskakizun horietako asko lan hitzarmenetan jasota daude, baina, gero, ez dago horiek gauzatzeko neurri zehatzik».
«LAN HONETAN, GURE GORPUTZA DA LAN TRESNA»
Vanessa Nuñezek T4 elkartean behar egiten du, eta, dioenez, askotan antzematen dituzte lan arriskuak eguneroko jardunean.
Nolakoa da zuen lana?
Guk arazoak dituzten pertsonekin egiten dugu lan; gaixotasun mentalak dituzte, kontsumo arazoak, menpekotasuna, eta, oro har, ibilbide latza izan dute. Beraz, egunerokoa konplikatua izaten da batzuetan.Zertan dira zailtasun horiek?
Nik 20 urte daramatzat pertsonekin lan egiten, eta hori beti da zaila. Azken finean, gure gorputza eta gure burua dira lan tresna. Ez dago makinarik tartean. Orduan, egoera kaskarrak sor daitezke: eraso fisikoak, irainak, presioa eta abar.Lan karga handia izaten dela salatu duzue agerraldian.
Bai, lan karga handia izaten da, eta horrek antsietatea eta estresa sortzen ditu. Emozioen arloari dagokionez, gure lana oso exijentea da. Egun txarra daukazunean, ezin duzu muga bat jarri, pertsonekin harremanetan baitzaude eta berdin-berdin erantzun behar baitiezu laneko zereginei. Horrek eragin handia dauka gure osasun mentalean. Gainera, ratioak askotan ez dira betetzen, gaixo dauden langileak ez dituzte lehenengo egunetik ordezkatzen, eta beste hainbat arazo izaten ditugu.
Horregatik, «premiazko neurriak hartzeko» eskatu diete Gizardatz eta Geroan patronalei, Eusko Jaurlaritzari, Eudel Euskal Udalen Elkarteari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Sindikatuaren iritziz, beharrezkoa da lan osasuneko protokolo eta dekretu guztiak berrikustea eta, egoerak hala eskatzen badu, beste batzuk sortzea; aldizkako kontratu finkoak amaitzea; profesional gehiago kontratatzea; zerbitzu eta zentro publikoen sarea handitzea, eta, azken buruan, zerbitzua publiko bilakatzeko urratsak egitea: «Zaintzarako beste eredu bat behar dugu, eta pausoak eman behar ditugu hori lortzeko».
ELAren iritziz, arazoari heltzeko beharrezkoa da «diagnostiko zuzena» egitea, eta, horregatik, inkesta bat eramango dute Bizkaiko esku hartze sozialeko lantoki guztietara: «Gure asmoa da langile bakoitzak bere egoeraren ebaluazioa egitea, diagnostiko orokorra zirriborratzen eta eskaerak zehazten laguntzeko».