«Esku hartze irmoa» eskatu dute suizidioaren prebentziorako

Hainbat elkartek eskea egin dute agiri baten bidez. Espainiako Gobernuari prebentzio plan bat eskatzeko batu dira beste hainbat elkarte

Prebentzio gida baten aurkezpena, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO /FOKU.
arantxa iraola
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Gaur da suizidioaren gainean ohartarazteko nazioarteko eguna. Badira horretarako motiboak. Datuak aski esanguratsuak dira. Munduan ehun heriotzatik bat suizidioak eragindakoa da. INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuak egokiak dira suizidioaren errealitate gertukoenari neurria hartzen saiatzeko. Horra: Hego Euskal Herrian 2018an 201 pertsonak egin zuten beren buruaz beste; 2019an, 183 izan ziren; 2020an, 225; 2021ean, 211; iaz, 218. Gorabeherak daude urtetik urtera, baina datua, oro har, iraunkorra da, eta kezkarako zioa. Gaiaren gaineko kontzientzia handitzen ari da urteotan, eta, gaurko egunaren harira, hainbat elkartek manifestu bat atera dute elkarrekin: prebentziora begira, eta suizidio kasuren bat gertuan bizi izan dute pertsonen arta egokira begira, «esku hartze irmoa» eskatu dute.

Manifestu hori sinatu dutenen artean dago Biziraun elkartea, suizidioak gertu izan dituzten Euskal Herriko hainbat familiaren topagunea. Herrialde Katalanetako hainbat elkarterekin egin du bat manifestuan, eta bada Madrilgo talde bat ere. IASP da suizidioaren prebentzioaz ohartarazteko nazioarteko elkartea, eta haren leloarekin bat egin dute gaurko egunerako: Ekintzaren bidez, itxaropenak sortuz. Eta eragiteko eskatu dute: «Politika aktiboak behar ditugu, gizarte osoa prebentzio eragile handi gisa ikusteko eta, horrela, ondoez emozionala duten pertsonei arreta emateko sarea hobetzeko».

«Guztiok» egiteko lana

Gogora ekarri dute jokabide suizida eragiten duten faktoreak eta kausak «askotarikoak eta konplexuak» izaten direla, kasu bakoitza «bakarra eta indibiduala» dela, baina, hala ere, badirela aintzat hartu beharreko «arrisku faktoreak» eta horiei erreparatzeko ahalegina egin behar dela. Eta uste dute gizarte osoari begirako neurriak hartu behar direla: «Guztiok egin dezakegu prebentzio lan bat, bertan egotearen, behatzearen eta entzutearen premisatik abiatuta», esan dute. Bide horretan, gaiaren gaineko «estigma» apurtzea da xedeetako bat.

Aidatu euskal suizidiologia elkarteak, berriz, beste manifestu batekin egin du bat gaurko egunarekin; estatu osoko hainbat elkartek ondu dute, eta helburu du Espainiako Gobernuari eskatzea plan bat egiteko suizidioaren prebentziorako. Gaiaren inguruan ikuskera «osoa, bateratua, kohesionatua eta koordinatua» izatea erraztuko lukeela iruditzen zaie.

Besarkatu elkartearen izenean, bertako kide Agustin Erkiziak azaldu du ez dutela begi txarrez ikusten eske hori, baina egun dauden baliabideen garapenean ardaztu nahi dutela beren jarduna.Gogora ekarri du, hain justu ere, Eusko Jaurlaritzak 2019an ondu zuela suizidioaren prebentziorako estrategia, han ezarritako hainbat helburu ez direla bete oraindik, eta horietan jarri nahi dutela, bereziki, indarra. Izan ere, estrategian proposatutako hainbat neurriren garapena «hankamotz» ikusten dute.

Hobetu beharreko arloen artean dituzte Besarkada elkartean hezkuntzan suizidioaren gaineko prebentzioa sustatzeko egin diren ahaleginak. Izan ere, egin dira irakasleei begirako trebakuntza saioak, baina, iruditzen zaie, oro har, haien gain jarri dela «erantzukizun» handia, eta ikuskera zabalago baten falta sumatu dute. Hain justu ere, ikasleekin ere egin behar da lan: «Eta gurasoekin». Eta lanketa hori biribiltze aldera, «zerbitzu psikologikoak» ere bermatu behar dira, ondoez emozionala atzematen denean, jendea horietara bideratu ahal izateko. Usu erreparatu izan diete elkartean, behin suizidioak gertatu «ondorenean» suizidioa edo suizidio ahalegina egin duten pertsonek eta haien familiartekoek eta gertukoek izaten dituzten beharrei ere. «Eta hor ere asko dago egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.