Eskoziako erreferendumera ordezkaritza bana bidaliko dute EAJk eta EH Bilduk

Ortuzar presidentea izango da jeltzaleen ordezkari bat, eta koaliziokoak zehaztu gabe daude bJaurlaritzak ez du esan ordezkaririk bidaliko duen

2014ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Irailaren 18an egingo dute galdeketa Eskozian eta azaroaren 9an Katalunian. Begi bat egun batean eta bestea bestean jarrita daude Euskal Herriko alderdi abertzaleetako kideak. EH Bilduko eta EAJko ordezkaritzak Eskoziara bidaiatuko dute prozesuari babesa ematera, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eskatuta. EAJtik Andoni Ortuzar alderdiko burua joango da, Joseba Aurrekoetxea eta Iñaki Goikoetxea alderdikideekin batera. EH Bilduk ez du oraindik zehaztu nortzuk joango diren, baina Oskar Matute legebiltzarkideak adierazi du «Euskal Herriko, Eskoziako zein Kataluniako erabakitzeko eskubidearen alde egiten duen apustuaren erakusgarri» izango dela EH Bilduk bidaliko duen ordezkaritza. Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, berriz, ez da Eskoziara joango, gai «politiko» bat dela argudiatuta; baina, dena dela, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du argitu norbait bidaliko duen ala ez.

EAJko eta EH Bilduko ordezkariekin batera Eskoziara bidaiatuko dute Kataluniako ERCko eta CIUko alderdikideek ere. Funtsezko ezaugarri batek bereizten ditu Eskoziako eta Kataluniako prozesuak: Eskoziak Erresuma Batuko Gobernuarekin adostu du erreferenduma, bere etorkizun politikoa eta Erresuma Batuarekin izan nahi duen harremana erabakitzeko. Bide hori da Eusko Jaurlaritzak «Euskadiko estatus politikoa» eraikitzeko nahi lukeen bidea: Espainiako Gobernuarekin «hitzartutako» galdeketa bat. EAJk Eskoziako prozesua jarri du Kataluniakoaren aurretik. Gobernuarekin adostasuna lortzeari garrantzia ematen dio EAEko lehendakariak.

Arantza Quiroga PPren EAEko presidenteak hizpide izan zuen atzo EAJk eta EH Bilduk Eskoziara ordezkaritza bana bidaltzeko hartutako erabakia. «Joan nahi duena joan dadila», esan zuen Quirogak, «errespetatzen» duela alderdi horien erabakia, baina Eusko Legebiltzarrak ez lukeela ordezkaritzarik bidali beharko. «Han gertatzen ari denak ez du zerikusirik Espainian eta Euskal Herrian gertatzen denarekin».

Euskal Herrira begira

EAJko eta EH Bilduko ordezkaritzak Eskoziara bidaiatu aurretik Katalunian izango dira irailaren 11n ospatuko duten Diada egunean. Antolatzaileek orain arteko jendetsuena izatea espero dute. «EH Bildu presente egongo da Euskal Herriarentzat horrelako garrantzia duten gertaeretan. Gu ere antzeko egoeran gaude», esan du Matutek Efe albiste agentziari egindako adierazpenetan.Diada pasatu eta astebetera, eskoziarrek erabakiko dute herrialdearen etorkizuna, eta hilabeteren buruan, Kataluniak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.