Irakasle eta zuzendaritza taldeei ez ezik, ikasturte hasierak zer pentsatua eman die gurasori ere. Familien kezkak ulertzen ditu Lurdes Imaz (Azkoitia, Gipuzkoa, 1973), EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioko koordinatzaileak, baina nabarmendu du eskolak ireki beharra dagoela.
Ikasturtea hasteko egun gutxi falta dira. Nola zaudete familiak?
Alde batetik, arduratuta: oraindik zalantza asko daude, egoera berri batean gaude eta familietan kezka bat badago. Baina eskolak ireki beharra ere badago.
Hezkuntza presentzialaren alde egin duzue ikasleen gurasoen konfederazioan, baina, egungo datuak ikusita, segurua al da une honetan haurrak ikasgeletara eramatea?
Egia esan, eskoletan ez da erraza izango segurtasuna bermatzea: ikasle asko biltzen dira, espazioak itxiak dira, eta horrek zailtasunak dauzka. Baina argi daukagu eskola presentziala ezin dela ordezkatu konfinamenduan egin zenaren bidez. Ahalik eta presentzialtasunik handiena izan behar dugu.
Guraso batzuk hasi dira esaten ez dituztela haurrak eskolara eramango. Zuei zer iruditzen zaizue?
Kezka horiek ulertzen ditugu, baina uste dugu lortu behar dugula eskolak seguruak izatea. Beti izan dira seguruak familientzat, eta lortu behar dugu berriz hala izatea. Garrantzitsua da ikastetxeek planak egitea, eta horiek eskola komunitate osoaren onarpena behar dute. Garrantzitsua da [Eusko Jaurlaritzako] Hezkuntza Sailak eta administrazioak ikastetxeen beharrei erantzutea ere.
Nahikoa iruditzen al zaizkizue Hezkuntza Sailak hartu dituen neurriak?
Orokorrean, beste leku batzuetan jasotzen diren neurri berdinak jasotzen dira: segurtasun distantziak, aireztatzea eta higiene neurriak. Egia da ez dela erraza izango neurri asko eskolan praktikan jartzea.
Familiei garaiz iritsi al zaizkizue argibideak?
Oraintxe ari dira informazioa jasotzen. Garrantzitsua da, behin betiko erabakiak hartzerakoan, familiak kontuan hartzea.
Hasieran ezetz esan arren, mila irakasle kontratatzea aztertzen ari da Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Zein behar daudela uste duzue?
Garrantzitsua da ikastetxe bakoitzeko egoera begiratzea. Zer behar den? Jantoki zerbitzua emateko, gelak edo beste espazio batzuk erabiltzea; ratio handia daukaten gelak hainbat gelatan banatzea; jantoki batzuetan, begirale gehiago beharko dira; irakasleak beharko dira, ikasgeletan distantzia mantendu ezin denean gelak banatzeko, patioan eta sarreretan ere seguru behar direla irakasle gehiago...
Informazio nahikoa izan al duzue gurasoek?
Askotan, guk aurretik egindako proposamenak ez dira kontuan hartu. Uste dugu Hezkuntza Sail berriak harreman etengabea izan behar duela eragileekin, horrelako erronka handi bati modu egokian aurre egiteko.
Ikaskideren batek positibo eman eta haurrak bakartuz gero, gurasoei baimen ordaindua ematea aztertzen ari zirela esan zuen Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak. Zer iritzi daukazue? Hezkuntza Sailetik zerbait jakinarazi dizuete?
Guk eskatu dioguna da ikasle batek etxean geratu behar badu, arreta behar duela, hezkuntza prozesua jarraitu behar duela. Familiek ere behar dute laguntza, seme-alabekin etxean egoteko. Baina hori ez dagokio Hezkuntza Sailari.
Eta erantzunik jaso al duzue?
Ez, momentuz ez.
Nolakoa izan behar du hezkuntzak irailetik aurrera?
Uste dut osasun eta hezkuntza neurriak bateratu behar ditugula. Eskolak ikasteko, sozializatzeko eta pertsona moduan garatzeko espazioak dira, eta hori izaten segi behar dute. Irakasle oso onak dauzkagu, eta konfiantza osoa daukagu horiengan, baina baliabide egokiak beharko dituzte.
Konfinamenduaren ondorioz, haurrek gabeziak izango dituztela uste duzue?
Bai, noski. Egin beharko den lehenengo gauza da ikasle bakoitzaren egoera aztertzea. Kasu askotan, izan daiteke, curriculumaren aldetik, eduki batzuk ez dituela jaso; euskara ere gai garrantzitsua izango da; eta arlo emozionala ere landu beharko da.
Konfinamenduan, gurasoek protagonismo handia hartu zenuten haurren hezkuntzan. Berriz etxetik hasi behar balute, zein aldaketa egin beharko lirateke?
Uste dut erronka handia daukagula digitalizazioan. Baliabideak beharko genituzke, baita formakuntza ere. Askotan planteatu izan dugu ondo legokeela ikastetxe publiko guztientzat plataforma bakarra egotea ere.
Egoera honek erakutsi du kontziliaziorako ere ezinbesteko pieza bat direla eskolak, ezta?
Bai. Eskola da ikasi, sozializatu eta pertsona garatzen den lekua, baina aitortu behar da, gaur egungo gizartean, familientzako kontziliazio tresna bat ere badela.
Koronabirusa. Lurdes Imaz. EHIGEko koordinatzailea
«Eskoletan segurtasuna bermatzea ez da erraza izango»
Eskola presentzialak ezinbestekotzat ditu Imazek, baina, 2020-2021eko ikasturtearen berezitasunak ikusita, uste du zenbait ikastetxek baliabide gehiago beharko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu