Eskoletan eskuko telefonoen erabilera debekatzearen alde egingo du gaur Espainiako Hezkuntza Ministerioak, autonomia erkidegoetako ordezkariekin egin duen bileran. Estatuko Eskola Kontseilua da gai hauen inguruan aholku emateko Espainiak duen aholku organo garrantzitsuena; lehengo astean eman zuen gaiari buruzko iritzia, eta horren gaineko irizpideak emango ditu, hain zuzen ere, ministerioak.
Horra, laburrean, zein den Estatuko Eskola Kontseiluaren proposamenaren muina: Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan eskuko telefonoak debekatzea, salbuespen kasuetan bakarrik baimentzea horien erabilera, eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan eskuko telefonoak eskola barruan itzalita edukitzea.
Estatuko Eskola Kontseiluak lehengo astean zabaldu zuen oharrean onartu zuen ikasleek «eskuduntza digitalak» lortze aldera aintzat hartzekoa dela eskuko telefonoen erabilera ikastetxeetan, baina gailu horien «erabilera okerrak» eragindako «arazoei» ere erreparatu behar zaiela, eta horregatik dela ezinbestekoa erabilera «arautzea». Hain justu ere, autonomia erkidego gehienak, hezkuntzaren eskuduntza duten heinean, hasiak dira erregulatze horretarako irizpideak ematen, eta eskola askotan ere ezarriak dituzte barne araudiak erabilerari muga jartzeko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, esaterako, berriki adierazi du zer asmo duen. Urtea amaitzerako, ikastetxeek barne araudi bat sortu beharko dute sakelakoaren erabilera erregulatzeko, baina propio galarazteko asmorik ez du. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak ere erabilera arautzeko irizpideak emateko asmoa du; han ere zentro gehienek barne araudiak dituzte egun erabilera arautzeko, eta debekuaren aldeko hautua dute egina askok.
Propio debekuaren aldeko hautua egin ez duen gobernu autonomiko bakarra da egun Jaurlaritza.
Badira esperientziak
Debekuaren ideia ez da berria. Frantziako legedia, esaterako, aitzindaria izan zen: 2018an debekatu zuen eskoletan haur eta nerabeek eskukoak erabiltzea. Espainiako Estatu Kontseiluak, lehengo astean plazaratu zuen oharrean, bide urratzaile jokatu duten herrialde gehiago ere aipatu zituen: Italia eta Portugal, adibidez.
Hezkuntza digital «arduratsu» baten alde ari dela esan du Espainiako Estatu Kontseiluak, eta horregatik dela beharrezkoa «muga» batzuk jartzea eskuko gailuen erabilerari. Arautze prozesu horretan hezkuntza komunitate guztiak parte hartu behar duela adierazi du: «Lankidetza estuan jardun behar dute ikasleek, familiek eta irakasleek».
Ikusi gehiago