Ikastetxeetan sukaldeak jartzeko eskatua dute 55 zentrok

Gure Platera Gure Aukera plataformak Jaurlaritzari eskatu dio eskoletako jangeletan «eredu publiko, jasangarri eta pedagogikoagoa» abian jartzeko, tokian tokiko produktuak lehenetsita.

Gure Platera Gure Aukera ekinbidea
Endika Eibar eta Lurdes Imaz, Gure Platera Gure Aukera ekinbideko kideek inguratuta, Bilbon egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko abenduaren 14a
16:00
Entzun

Gure Platera Gure Aukera plataformak eskari zehatza egin dio Eusko Jaurlaritzari: aurrerantzean eraikiko diren ikastetxe publiko guztiek sukaldea eduki dezatela, eta sukaldea izateko eskaera egin duten ikastetxe guztietan ere aukera horren bideragarritasuna azter dezatela. Imazek eta Eibarrek jakinarazi dutenez, 55 ikastetxek eskatua dute euren eskola eta institutuetan sukaldea egiteko: hamarrek Araban, 32k Bizkaian eta hamahiruk Gipuzkoan.

Hezkuntza arloko eta lehen sektoreko zenbait eragilek osatzen dute Gure Platera Gure Aukera ekinbidea, eta haren helburua da eskoletako jangela eredu «osasungarriagoa, bertokoagoa, bidezkoagoa eta hezitzaileagoa» sustatzea. Norabide horretan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari aspaldiko eskaera berretsi diote: abian jar dezala «eredu deszentralizatu berria eraikitzeko prozesua», inplikatutako eragile guztiekin.

Endika Eibar eta Lurdes Imaz plataformako bozeramaileek gogorarazi dute 2019an Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta zeuden alderdi guztiek eskatu ziotela Jaurlaritzari jangelen kudeaketari buruzko agiri berriak kontrastatzeko inplikatutako eragile guztiekin, eta beste eredu deszentralizatu batzuk aztertzeko; hori guztia lau hilabeteko epean egin behar zuen Jaurlaritzak: «Ez dute ez bata ez bestea egin», azaldu dute. Egungo araudia 2000. urtekoa da, eta catering enpresa handien esku uzten du jantokien kudeaketa. Hezkuntza Lege berriak ere «ez du inolako aurrerapausorik proposatzen» arlo horretan, Eibarren eta Imazen esanetan.

Hala ere, badaude beste eredu batzuk lantzen saiatu diren eskolak. Gernika-Lumon, Urduñan, Laukarizen eta Markinan (Bizkaia) proiektu bana landu dute, eta han otorduak «bertako elikagai ekologiko eta sasoikoekin» egiten dituzte: «Lehen esperientzia abian jarri zenetik zazpi urte pasatu diren arren, oraindik ez da zabaldu aukera hau gainontzeko ikastetxeetara». Beste eskola batzuetan ere proposamen berritzaileak egiten ari dira, oraindik gauzatu ez dituzten arren: hori da, esaterako, Salburuak Bere Sukaldea egitasmoa, Gasteizko auzo horretan dauden hiru ikastetxe publikoei zerbitzua emango liekeen sukalde bat sortzea aurreikusten duena, edo Durangaldeko eskolek, Zeanuriko eskolak (Bizkaia) eta Bergarako San Martin ikastetxeak (Gipuzkoa) proposatutakoak.

Onura ugariak

Ekinbide horiek guztiek antzeko oinarriak dituzte: «kudeaketa publikoa» proposatzen dute, langileei dagokienez ere; elikadura eredua «garapen jasangarrirako helburuekin» uztartzen dute; jangela ikasleak elikadura osasuntsuan heziko dituen gune pedagogikotzat jotzen dute; eta ikastetxeen erabakitzeko ahalmena handitzea proposatzen dute.

Plataformaren ustez, abantaila ugari ditu ikastetxeko eraikinean bertan sukaldea edukitzeak: bazkaria zerbitzatu baino apur bat lehenago prestatzeko aukera ematen du, otorduak elikagai fresko, sasoiko, tokian tokiko, jasangarri eta kalitatezkoekin egitea errazten du; eta askoz elikagai gutxiago galtzen dira alferrik.

Gainera, janaria ikastetxean bertan prestatzea «tresna pedagogikoa» izan daitekeela uste du Gure Platera Gure Aukera ekinbideak: «Elikadura pedagogia oinarrizko balioa da, eta sukaldaritza balio asko ikasteko hezkuntza gunea izan daiteke. Garraiatutako menuen sistemarekin, berriz, menuak erretilu anonimotan iristen den janari bihurtzen dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.