Eskoletan indarkeria lantzeko planean aldaketak iragarri ditu Jaurlaritzak

"Terrorismoaren legitimazioa iradoki dezaketen teoriak" kenduko ditu Herenegun unitate didaktikotik. Urtebetez atzeratu du programaren inplementazioa.

Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko presidentea, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria, egitasmoaren aurkezpenean, iazko urrian. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 29a
07:50
Entzun

Euskal Herriko azken ia 60 urteetako historia biltzen duen Herenegun material didaktikoan aldaketak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak. ETBren Oinatz galduak dokumentala da hezkuntza programa horren oinarria. Besteak beste, hor azaltzen diren giza eskubideen urraketen biktimen soslaiak "zabalduko" ditu, eszena batzuk "birplanteatuko" ditu, "ñabardurak" gehituko ditu "zenbait gairen tratamenduan", eta, bereziki, kendu egingo ditu "terrorismoaren legitimazioa iradoki dezaketen teoriak". Aldaketa horiei buruzko zehaztasun gehiago ez ditu jakinarazi Jaurlaritzak.

Bizikidetza idazkaritzak eman du horren berri, komunikabideetara bidalitako ohar batean. Azaldu duenez, aldaketa horiek egingo ditu egitasmoaren oinarri den ikus-entzunezkoan eta horrekin loturiko ikas materialetan, eta berriz abiatuko dute programa, proiektu pilotu gisa. Iazko urrian aurkeztu zuen egitasmoa Bizikidetza Idazkaritzak, eta aurtengo Aste Santu ondoren zuten martxan jartzekoa, zortzi ikastetxetan. Urte hasieran, baina, geldiarazi egin zuen Jaurlaritzak, horren inguruan sortutako ika-mika politikoa dela-eta: EAJk ez beste talde politiko guztiek eskatu zuten aldatzeko.

Hala, gobernuak urtebetez atzeratu du programaren ezarpena. Eta urtarriletik orain arte elkarrizketa prozesu bat abiatu du edukiari ekarpenak egin zizkioten erakundeekin —besteak beste, Euskadiko Eskola Kontseiluarekin eta Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluarekin—. Hartu-eman horietatik atera dituzten ondorioetako batzuk dira ezagutarazitakoak, eta horiek zehaztu beharko dituzte orain.

Ebaluazio "zorrotza"

Material didaktikoan ez ezik, programa ezartzeko orduan ere aldaketak iragarri ditu Jaurlaritzak. Esperientzia pilotua "baldintza egokietan garatzen dela bermatzeko" eskoletan landuko diren edukiak ez dira jendaurrean erakutsiko; ez, behintzat, horren ebaluazio "zorrotza" egin arte. Horren arabera baloratuko dute, gainera, programa beste ikastetxe batzuetara zabaldu ala ez. Egitasmoaren garapenean parte hartuko duten irakasleei, halaber, formakuntza eskaintzea beharrezkotzat ikusten du Jaurlaritzak.

DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleei zuzenduta dago unitate didaktikoa. Oraingo aldaketekin gobernuaren asmoa da historia eskoletarako ez ezik ikas material hori erabilgarri izatea etika eta filosofia ikasgaietan edota tutoretzetarako. Edukien proposamena hiru lagunek ondu zuten: Mari Carmen Garmendia Jaurlaritzako bozeramaile ohiak, Mariano Ferrer kazetariak eta Juan Pablo Fusi historialariak. Haien "zorroztasuna eta pluraltasuna" nabarmendu zuen gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.