Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroko zuzendari Florencio Dominguezek erakundeen arteko akordio bat nahi du, EAEko hezkuntza programetan eragiteko. Akordio horren xedea izanen litzateke ETAren jarduna «deslegitimatzeko» hezkuntza programak indartzea, eta horiek ikasgeletan zabaltzea. Izan ere, Dominguezen irudiko, «Euskadiko historiaren pasarterik ilunena» ezagutu behar lukete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteek.
Gasteizen egin ditu adierazpenak Dominguezek, Memoriaren Egunaren karira zenbait erakundek egin duten ekitaldi batean. Bertan izan dira, besteak beste, Gasteizko alkate Maider Etxebarria eta Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia. «Alderdikeriarik eta patrimonialismorik gabeko oroimena» aldarrikatu dute biek ala biek.
Terrorismoaren Biktimen Oroimenaren Zentroko buruak, berriz, hezkuntzan egin du azpimarra: «Esfortzu handiagoa behar dugu hezkuntzaren esparruan, irakasleak eta hezitzaileak inplikatzeko eta terrorismoak Euskadin izan zuen eragina ezagutarazteko; bestela, indarrean diren programek emaitza apalak izanen dituzte».