Eneko Marin. Hezkuntza Laikoa taldeko kidea

«Eskoletan doktrina zabaltzea ezin da lagundu diru publikoz»

Erlijioen irakaskuntzak eskoletan dituen «pribilegioak» salatu ditu Hezkuntza Laikoa elkarteak Eusko Legebiltzarrean; «fedean hezi» nahi dutenek hezkuntza formaletik at egin dezatela eskatu dute.

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Kontua ez da Erlijioa ikasgaia debekatzea edo ez, baizik eta zein espazio izan behar duen horrek hezkuntzan». Eneko Marin (Portugalete, Bizkaia, 1980) Hezkuntza Laikoa elkarteko kideak doktrinen irakaskuntza eskoletatik ateratzeko eskatu zuen joan den astean Eusko Legebiltzarrean, Arantxa Kerexeta eta Begoña Morote kideekin batera. Halaber, Erlijio irakasleen «pribilegioak» salatu zituzten. Marinek gogorarazi du EAJk, PSE-EEk eta PPk legez besteko proposamen bat egin dutela kontratu mugagabea duten erlijio irakasleen lanposturik gal ez dadin.

Hezkuntza arloko ituna eztabaidagai izan da azken hilabetetan. Aukera ikusten duzue zuen eskaerak txertatzeko?

Ez dugu esperantza handirik, oraingoz. Ez dugu nabaritu laikotasuna lortzeko norabidean doazenik erabakiak. Are gehiago, laikotasuna gutxitan agertzen da eztabaida publikoan. Gizartean ere ez du presentzia handirik gai horrek. Faltan dugu gaiari buruzko hausnarketa bat. Gure ustez, estatu batek laikoa izan behar du, demokratikoa izango bada. Hain zuzen ere, laikotasunak aniztasuna eta kontzientzia askatasuna defendatzen ditu.

Aurrez ez zuen garrantzia eman zion LOMCEk erlijioari, eta Heziberrin ere islatu egin zen. Atzerapausorik gertatzen ari al da?

Guretzat erokeria da Erlijioa ikasgaiak espedienterako balio izatea. Aurretik nota batekin ebaluatzen zen, baina ez zuen balio batezbestekorako. Hots, ez zuen eragiten diru laguntzak eskatzeko notan, unibertsitate sarbiderako kalifikazioan... Astakeria iruditzen zaigu sinesmenetan oinarritutako ikasgai baten ebaluazioak eragina izatea espedientean. Bakoitza librea da nahi duen sinesmenak izateko, noski, baina espedientean eragin gabe.

Eskola laikorako bidean, egungo itunpetze sistema traba al da? Itunpeko ikastetxe asko konfesionalak dira, kristauak.

Galderak beste bat izan beharko luke. Zergatik ez da hezkuntza publikoaren alde gehiago egiten? Itunpekoek desagertu egin beharko lukete denborarekin. Segregazioa sortzen duen eskola bat guztion diruarekin finantzatu behar da? Familiek eskubide osoa dute seme-alabak erlijioetan hezteko, noski. Eskola, ordea, ez da horretarako esparrua. Erlijio ikasgaiak, sinesmenen hedapena den heinean, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetatik desagertu beharko luke. Eskoletan doktrina erlijiosoak zabaltzea ezin da lagundu diru publikoz. Ordea, Hezkuntza Sailak gero eta diru gehiago jartzen du ikastetxe pribatuak itunpetzeko.

Eskolan Erlijioa irakastea «baztertzailea» eta «diskriminatzailea» dela argudiatu duzue.

Batetik, ikasleak banatzen dituzte eskola ordu horietan. Are, DBHn aukeratu egin behar da: edo Erlijioa edo Hezkuntza Zibikoa. Zergatik? Bestetik, Erlijioa ikasgaiak dituen baldintzak ikaragarri onak dira, beste hautazko ikasgaiekin alderatuta.

Zeintzuk dira pribilegio horiek?

Hautazko bat ateratzeko, hamabost ikasle inguruk matrikulatu behar dute irakasgai horretan, gutxi gorabehera. Erlijioko taldeetan ez da hori gertatzen. Badaude talde handiak, baina badaude lau edo sei ikasle dituztenak ere. Hori ez litzateke gertatuko beste hautazko batean.

Nola eragiten du horrek Erlijioa ematen duten irakasleengan?

Irakasle horien baldintzak, ordezko beste irakasleekin alderatuta ere, askoz hobeak dira. Pribilegio batzuk dituzte. Derrigorrezko hezkuntzan, astean batez beste hamar eskola ordu inguru ematen dituzte. Ikasle taldeak txikiagoak izan ohi dira, eta lanaldiak ere laburragoak. Ordea, lanaldi osoan daude kontratatuta kasu batzuetan, objektiboki horretarako beharrik ez badago ere.

Horrek nolabait eragiten al du beste lantaldean?

Lanaldi osoa betetzeko falta zaizkien orduak beste eginkizun batzuekin betetzen dituzte: laguntza moduan hezkuntza berezian, tailerretan... Hori egiten dute missio canonica ez duten beste irakasleen kaltetan. Alegia, horretarako prestatu direnen kalterako.

Erlijioa irakasgaia kenduz gero, zer geratuko litzateke irakasle horiekin?

Ez lirateke langabezian geratuko. Beste herritar guztiak bezala, lan eskaintza publikoetan aurkez daitezke. Eta beste herritar guztiek ez bezala, puntu asko lortu dituzte «misio kanonikoei» esker. Alegia, lan poltsen bitartez non lan egin izango lukete.

Intrusismo argia dela argudiatu duzue Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Batetik, Erlijioa ikasgaiko irakasle izateko, tokian tokiko elizbarrutiak erabaki behar du egokia zaren edo ez. Bestetik, Eliza Katolikoak erabakitzen du zein den curriculuma: ikasi behar dituzten edukiak. Alegia, derrigorrezko hezkuntzan ikasgai bat dugu, non gotzainek erabakitako edukiak ematen diren, haiek aukeratutako pertsonen bidez, baina guztia diru publikoarekin ordainduta. Horrek ezbaian uzten du Elizaren eta estatuaren arteko banaketa.

Gure gizartean erlijio askotako fededunak daude. Zer egin beharko litzateke horiekin?

Eskolaz kanpo eskaini beharko lirateke. Guztiak. Hezkuntzak ez-konfesionala izan behar du, ez konfesio anitzekoa. Erlijio ikasgaiak eskolatik kanpo egon behar du, hezkuntza formalean ez baitira sinesmenak hedatu behar. Beste ikasgai batzuetan hitz egingo da erlijioen inguruan.

Erlijioa ikasgai moduan kentzeko eskatu arren, beste ikasgai batzuetako curriculumean dagoena gogorarazi duzue.

Historian, Filosofian, Literaturan, Artean... Hainbat ikasgaitan agertzen da. Gure historiaren zati bat da. Gure eguneroko bizitzan dago. Are gehiago, Balio Sozial eta Zibikoak ikasgaian ere ateratzen dira erlijioak, gure errealitatearen zati bat direlako. Baina gauza bat da erlijioaren inguruko ezagutzak izatea, eta beste bat erlijioaren doktrina zabaltzea edo sustatzea. Hori ez da eskolaren betebeharra. Familiek beste espazio batzuk dituzte, hori sustatu nahi badute: elizak, meskitak...

Aipatu duzue behin betiko kontratua duten 247 irakasle daudela erlijio katolikokoak, eta bi erlijio islamikokoak.

Ikastetxe batean Erlijio Islamikoa emateko, gutxieneko ikasle kopuru bat egon behar da. Horrek are segregazio handiagoa sor dezake gure eskoletan. Gutxieneko ikasle kopuru bat behar denez, arriskua dago seme-alabei islama irakatsi nahi dieten familia musulmanek eskola horiek lehenesteko beste batzuen aurrean.

Hezkuntzako egoera administrazio publikoen beste alorretan ikusten denaren isla al da?

Harrigarria da zenbat alkatek eta ordezkari publikok parte hartzen duten ospakizun erlijiosoetan. Ez gizabanako gisa, baizik eta herritarren ordezkari moduan. Hedabide publikoek ematen dituzten mezak... Esan bezala, gaiari buruzko eztabaida falta dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.