Eskola segregazioa amaitzeko aldarria oinarri hartuta, ostiral honetan kalera ateratzeko deia egin dute, Gasteizen. «Denona eta denontzakoa» izan behar duela gogora ekarrita, eskola publikoaren aldeko «mobilizazio erraldoi» batera deitu du Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak. Arazoari aurre egiteko «berehalako neurriak» galdegin ditu. Izan ere, larritzat dute egoera: «Eskola segregazioa handituz doa, eta eskubideen urraketa eta gizarte haustura ere bai». Agerraldi bat egin zuten atzo mobilizaziora deitzeko.
Plataformako bozeramaileek adierazi zuten bi urte «luzez» salatu dutela egoera, eta orain artean jasotako erantzunak «azalekoak, zehaztugabeak edo hutsalak» izan direla. «Etengabeko utzikeria» egozten diete erakundeei; Eusko Jaurlaritzaren jarrera «bereziki larria» dela ohartarazi dute. Horiek horrela, gaur egungo hezkuntza sistemak desberdintasunak «errepikatu eta areagotu» egiten dituela pentsatzen dute. «EAEn, baliabide urriko familien edo etorkinen %75 eskola publikoan daude. Gasteizen, kasurako, portzentaje hori %92 da Haur eta Lehen Hezkuntzan».
Egoera iraultzeko hainbat neurri proposatu dituzte plataformako ordezkariek. Besteak beste, eskoletan izena emateko udal bulegoak sortzea, diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztien benetako doakotasuna bermatzea, sare guztian heziketa laikoa jasotzeko eskubidea ziurtatzea, edota ikasleak segregazio egoeretan dauden ikastetxeentzat egitasmo bereziak abiaraztea. Horrez gain, bereziki «beharrezkotzat» jo dute hezkuntza itunen orokortzearen politikak amaitzea.
Atxikimendu andana
Ostiraleko manifestazio deialdiak atxikimendu askotarikoak jaso ditu. Mobilizazioarekin bat egingo dute hainbat eragile sozial, alderdi politiko eta sindikatuk. Orotara, 50 baino gehiago dira deialdiarekin bat egitea erabaki dutenak.
Eskoletako segregazioa salatzeko aterako dira kalera Gasteizen
«Mobilizazio erraldoi» batera deitu du Gasteizko Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, ostiralerako. Jaurlaritzaren «utzikeria» salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu