EHIGEko koordinatzailea

Lurdes Imaz: «Eskolen bat egiteak ezin dira aprobetxatu publikoan murrizketak egiteko»

Eskolak batzeko prozesuetan «alde bakarrez» jokatzea egotzi dio Imazek Hezkuntza Sailari, eta informazio nahikorik ez ematea.

Lurdes Imaz. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Lurdes Imaz. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Hezkuntza komunitateari entzutea eta haren hitza errespetatzea. Horrexen falta sumatzen du Lurdes Imazek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1973), EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak, ikastetxe publikoen bat egiteen aferan. Eskola publikoa indartuta atera dadin, ezinbestekoa da bide orria zehaztuta edukitzea, haren ustez.

Eusko Jaurlaritzak eskola publiko batzuk elkartuko ditu. Zer dakizue prozesu horien inguruan?

Aldebakarreko prozesuak izan dira. Hau da, Hezkuntza Sailak hartu ditu erabakiak, eta, nolabait, ikastetxeetan inposatzen ari dira erabaki horiek; erabakiak inola ere ez dira hartu hezkuntza komunitateak kontuan izanda, eta familia batzuek prentsaren bidez jakin dute. Gardentasuna ere faltatu da, zeren guk baditugu berme batzorde batzuk, federazio moduan parte hartzen dugu, eta eskola maparen jarraipena egitea da batzorde horien eginkizunetako bat. Hor ere ez da informaziorik eman; prentsan atera eta gero eman da informazioa. Beraz, aldebakarreko erabakiak izan dira, eta gardentasuna ez da izan; horrek haserrea sortu du ikastetxeetan. 

Ados al zaudete erabakiekin?

Kontua ez da ados egotea edo ez egotea. Hezkuntza Sailak erabakia hartu du, eta guk lagundu bakarrik egin dezakegu, prozesuak ahalik eta modu egokienean egiteko. Ondo iruditzen zaigu eskola publikoak proiektu indartsuak izatea auzoetan, eta hori lortzen lagunduko dugu. Hau ezin da inolaz ere aprobetxatu murrizketak egiteko eskola publikoan. Garrantzitsua da, adibidez, ikaspostuak ez galtzea, eta ez daukagu horren bermerik. Gainera, garrantzitsua da baliabide guztiak eta ikaspostuak mantentzea eta gehitzea, baita azpiegiturak mantentzea ere; hau da, eraikin horiek aprobetxatzea proiektu berrirako. Gero, era berean, garrantzitsua da bi komunitateen arteko elkarlana, eta uste dut familiek eta federazioek asko lagun dezakegula.

Zer informazio jaso duzue?

Ez daukagu informaziorik. Guraso elkarteek ere ez dakite zein izango den ibilbidea eta zer pauso emango diren; horrek mesfidantza sortzen du. Ikusten baldin baduzu helburua benetan dela proiektu indartsu bat egitea eta mantentzea, bada, bai, baina, oraingoz, ibilbidea ez da ezagutzen: erabakia goitik hartu da, eta eskolei inposatu zaie.

Zer ondorio izango dituzte?

Momentuz, ez dakigu. Gu kezkatzen gaituena zera da: horrelako prozesu baten ondorioz, eskola publikoak galtzea baliabideak, ikasleak eta azpiegiturak. 

Jaurlaritzaren esanetan, eskola bereizkeriari aurre egiteko neurriak dira. Ados al zaudete?

Helburua bada benetan ikastetxe publiko kohesionatuak egitea, hori ondo dago. Baina prozesua egiten denean jakingo dugu hori. Egia da ikastetxe horietako batzuk oso segregatuak direla, eta ikastetxe segregatu batean ez da lortzen kalitatezko hezkuntza ikasle guztientzat, baina horren ondorioa ezin da inondik inora izan ikaspostuak edo baliabideak galtzea.

Zer neurri hartu behar dira segregazioari aurre egiteko?

Argi daukagu hartzen ari diren neurriak, oraingoz, ez direla nahikoa. Gure ikastetxeetan leku batzuk erreserbatzen dira, eta ikasle gutxi batzuk mugitzen dira, baina aldaketa handirik ez da egin. Segregazioa goitik eta behetik dago: ikastetxe batzuek ikasle zaurgarriak dituzte, eta beste batzuek ez dute bat ere. Orduan, hartzen ari diren neurriak ez dira nahikoa. Lortu behar da auzoetako eskola publikoak egitea, bertan eskolatzea auzoko ikasleak eta guztiek aukera berdinak izatea. Azkenean, ikastetxe oso segregatuetan, haurrek ez dauzkate aukera berdinak.

Jaurlaritzaren esanetan, bi bat egite izango dira 2025erako; LAB sindikatuaren arabera, hiru. Ba al duzue kasu gehiagoren berri?

Ez, informazioa falta zaigu. Gure informazioaren arabera, Bizkaian hiru egingo dira, eta Araban bat, baina informazioa oso-oso eskasa da. Eta guk eskubidea daukagu informazio hori izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.