Eskolara itzuli dira Ipar Euskal Herriko ikasleak

55.000 ikasle inguru bueltatu dira hiru lurraldeetako ikasteetxeetara. Baionan, eskola publikoko sail elebidunean diren guraso eta ikasleak laguntzeko desmartxa abiatu dute.

Haur talde bat, Baionako Oihana ikastolan. GUILLAUME FAUVEAU
Haur talde bat, Baionako Oihana ikastolan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko irailaren 2a
15:52
Entzun

Mugimendu anitz izan da astelehen goiz honetan Baionako Oihana ikastolan. Gurasoak eta irakasleak kafe baten inguruan bilduak diren bitartean, haurrak alde guzietara saltoka eta korrika aritu dira, irriz eta oihuka, elkarrekin jostetan. Udako oporrei bukaera emanik, eskola sartzea izan dute Ipar Euskal Herriko ikasleek, lehen mailatik lizeoraino. 55.000 ikasle inguru itzuli dira hiru lurraldeetako ikastetxeetara. 

Baionako ikastolan, 08:30ean ireki dituzte ateak haurrei eta gurasoei harrera egiteko. 155 ikasle izanen dituzte aurten, 118 familia ezberdinetakoak. «Dena ongi joan da», Xabi Etxegarai 4. eta 5. urteetako irakaslearen hitzetan. «Garrantzitsua da kafe eta bixkotx artean gurasoekin momentu hauek antolatzea. Irakasle taldean aldaketak izaten dira urte batetik bestera, badira guraso berriak ere, eta jakin nahi dute beren haurra noren eskuetan uzten duten». 

09:00ak jo dituenerako, inork agindurik eman gabe mailaka antolatu dira ikasleak, bakoitza bere ikasgelara sartzeko prest. «Badute gogoa, iduriz», komentatu du Etxegaraik. Zakua bizkarrean dutela edo errotaduna arrastaka daramatela, bakoitza bere irakasleari segika abiatu dira azkenean, guraso batzuk sakelako telefonoarekin momentua grabatzen aritu diren bitartean. Gaur berezia zena egunerokoa bilakatuko da hemendik aitzina. 

Baionakoa ez da gaur ateak ireki dituen ikastola bakarra. 39 ikastetxe izanen ditu aurten ere Seaskak, 34 ikastola, lau kolegio eta lizeo bat. Aurten ez dute egoitza berririk sortu, baina jadanik zituzten egiturak garatzen segitzen dute. Izan ere, azken urteetako joerari jarraikiz, kopuruak maila guzietan emendatu dira. Frantziako Estatuarekin duen hitzarmena berritu —azterketak euskaraz egitearen auzia dago jomugan, besteak beste— eta Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolaren dosierra ixtea izanen ditu aurtengo erronka nagusiak ikastolen federazioak —herriko etxe berriarekin elkarrizketak abiatuak dituzte—. Asteazkenean eginen dute ikasturte hasierako prentsaurrekoa.

Publikoan, oztopo artean

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Baionako Aristide Briand eskola publikoan emana zuen hitzordua eskola sartzearen harira agerraldia egiteko. Izan ere, sail elebiduna ireki dute eskola horretan lehen aldiz, eta 28 ikaslek eman dute izena. «Orain dela urte batzuk Brana eskolan sail elebiduna ireki genuenean zortzi ikaslerekin abiatu zen. Agerikoa da gurasoen eskaera badela», azpimarratu du Christin Martin-Dolhagarai hezkuntzarako axuantak. Baiona ekialdean den Prisse eskolan ere ireki dute sail elebiduna aurten.

Orotara, Baionan diren 21 eskola publikoetatik zortzitan eskaintzen dute euskarazko irakaskuntza segitzeko aukera. Aurten onartu duten Euskara planean hiriko auzo guzietan sail elebidunerako aukera eskaintzea eman dute helburutzat. Etxegaraik erran du dinamika horretan segitu nahiko luketela, baina iradoki du zaila izanen dela, eta salatu Frantziako Hezkuntza Ministerioak ikasgela berriak irekitzeko trabak ematen dituela. «Denek dakigu behar handia dagoela hizkuntza politikarako baliabideak emendatzeko», adierazi du Martin-Dolhagaraik. EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean segituko dutela erran du, ikasgela berriak irekitzeko helburuarekin. Baionan eskola publikoetan diren 2512 ikasleetatik 516k segituko dute irakaskuntza elebiduna. 

Euskarazko irakaskuntzaren Ipar Euskal Herriko datuak ez dira ezagunak. Udazkenean argitaratu ohi ditu zenbaki osatuak EEPk, eta Frantziako hezkuntza administrazioak ere ez du deus zabaldu. Cecile Etxebarne Ikas Bi guraso elkarteko kideak Euskal Irratietan erran du lehen mailako ikasle kopurua azken urteetakoaren parekoa dela: 5.700 ikasle inguru izanen dira ikasturte honetan. 110 eskola publiko daude Ipar Euskal Herrian, eta horietarik %60tan dago ikasketak bi hizkuntzetan egiteko aukera. Haatik, bigarren mailetan apaltzea izan dela nabarmendu du Etxebarnek. 

Ikasleei laguntza berezitua

Adinean aitzinean joan ahala ikasle anitzek irakaskuntza elebiduna uzten dutela jakitun, horiek laguntzeko beharrean eman du azpimarra Martin-Dolhagaraik. «Ikasgela elebidunak irekitzea ez da aski, gurasoak lagundu behar dira. Lanean ari gara ikusteko nola egin bidean ikasleak ez galtzeko». Batetik guraso kafeak abiatuko dituzte: elebidunean diren gurasoei elkartzeko aukera eskainiko diete, elebitasunaren puntu baikorrak aipatu eta bizi dituzten zailtasunez mintzatzeko aukera izan dezaten. «Hobetzeko aukera emanen digu».

Horrez gain, eskolaz kanpoko laguntzan ere indarrak eginen dituzte. «Urtero lan berezia egiten dugu hiriko gazteekin, sari baten truke eskolaz kanpoko jarduerak animatzen parte har dezaten», esplikatu du. Ikasturte honetan, gazte euskaldunengana joko dute, sail elebidunean diren ikasleei eskolako lanak egiten lagundu diezaieten. «Nahi dutenei eskola sostengua eskaintzea da asmoa, guraso erdaldunek maiz zailtasunak izaten baitituzte elebidunean diren haurrei etxean laguntzeko».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.