Begira, irakasleek ez dute metroa errespetatzen!», «matematikan etxeko lan anitz eman ditu!», «noiz da azken autobusa?». Banan-banan lerroa osatuta, Baionako Estitxu Robles Arangiz kolegiora sartzeko esperoan ziren dozenaka ikasle atzo goizeko 8:00etan. Bi hilabeteko konfinamenduaren ondotik, ez zuten elkarrizketarik falta, eta umore onean ari ziren elkarren artean, Mañolo Espellet zuzendariak kontsignak ematen zituen bitartean. Bi hilabete, asteburu bat izan balira bezala; baina berezia zen atzoko itzulera.
Egun bakoitzeko bi maskara behar dituzte ikasleek; inork ahanzten badu, badituzte batzuk prest kolegioan. Ikasleek bezala, irakasle bakoitzak soinean zeraman berea atzo goizean. Banan bana eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu, eta ikasgeletara bideratu zituzten, hemendik aitzina egunerokoa bilakatuko den martxari segituz. «Goiza ala egun osoa?» galdetzen zieten, alde batera ala bestera zuzendu aitzin; «zoaz handik, segitu marra». Lurrean, distantziak atxikitzeko marrak, espraiarekin markatuak.
Seigarreneko eta bosgarreneneko 89 ikasleetatik 56 itzuli ziren atzo klasera —maila horretakoen bi herenak, gutxi gorabehera—; Laugarren eta hirugarrenekoak etxean gelditu dira oraingoz. «Momentuko, ez dakigu noiz arte, ez dugu eperik». Hala ere, ez dituzte klase normalak berriz hartuko. Telelanean bezala arituko dira, etxean direnen plangintza berarekin, baina horiek ikasgelan eginen dituzte ematen dizkieten lanak, irakasle baten laguntzarekin. Eguerdian, etxera itzuliko dira gehienak. «Hemendik ateratzean, eskola eguna bukatua izanen dute; ez dute etxera lanik eramanen», esplikatu du Espelletek. Nahi dutenekin eta bestela ezin dutenekin tailerrak eginen dituzte arratsaldez, euskararen erabilpena lantzeko, besteak beste.
Nehor ito gabe
Konfinamendu garaian, hiruzpalau ikasle egon dira kolegioan; osasun langileen seme-alabak. Gainerakoak etxetik aritu dira, irakasleek ematen zizkieten lanak egiten. «Irakasleek sekulako lana egin dute. Lehenik kantitateak eta egin-moldeak berrikusiz, plangintzak osatuz ikasleak ez itotzeko. Goizetik arrats ikasleekin harremanean egon dira, bakoitzarekin banakako lana eginez, sostengua eta azalpenak emanez», kontatu du Espelletek. Oporretan pausa hartu dute denek.
Konfinamendua «aspergarria» gertatu zaiola kontatu du Laurentxek. «Etxeko lanez aparte ez genuen egiteko ezer». Irudimena lantzen aritu da 11 urteko mutikoa: «Ematen zituen ideiak gauzak eraikitzeko, egurrarekin adibidez». Irudimena aipatu du Ibai Aizager hezkuntza aholkulariak ere: «Zaila da eskola bizitza antolatzea, usaiako tresna guziak berriz pentsatu behar baititugu».
Atzokoa «aurre-sartze» baten gisakoa zela esplikatu du Aizagerrek. Gela guziak berriz antolatu behar izan dituzte, eta protokoloak prestatu: harrera, ateratzea, aire hartzeak, komunak, ikasgelak, jangela... «Entseatu gara gogoetatzen ikasle batek nola biziko zuen».
Goizean mintzagune bat antolatu zuten ikasleekin, Seaskako eskola psikologoek lagunduta. «Lehenik, inportantea da sar daitezela protokolo erdi kartzelario-erdi militar horretan; ez dakit nola deitu behar den. Gelan jarririk, eta lasai, zentzua emango diogu egoerari». Ondotik, ikasleei eman nahi izan zieten hitza, izan zitzaketen kezkak eta ezinegonak entzuteko: eskolarekiko larritasunak, programa, berantak... «Uste dut batzuek etxean gurasoen ezinegonak ere jasotzen dituztela», azaldu du Espelletek. «Biziki inportantea da lan hori egitea; Seaskaren pedagogiarekin bat eginez, abegikortasun horri buruz joan nahian, ikasleak dauden lekura joaten saiatuko gara, eta lasaitasunez hartuko ditugu. 'Nola zaudete?', galdetuko diegu. Ez gara hasiko diskurtso alarmistekin; ez dute horrelakoen beharrik».
Espelletek dioenez, guraso batzuei nabari zaie ezinegon hori. Konfinamendu garaian, tutoreek lotura atxiki dute ikasle eta gurasoekin; kasik bi astean behin telefonoz ala bideokonferentziaz dute haien berri: «Uste dut gurasoek eskertu dutela».
Euskara, etxeko erronka
Baionako eta inguruetako ikasleak biltzen dira Estitxu Robles Arangis kolegioan. Euskal hiztunen proportzioa txikia da eremu horretan: «Gure eremua biziki erdalduna da. Bi hilabetez, ikasle batzuek ez dute hitz bat ere entzun euskaraz etxean», esplikatu du Espelletek. Hala ere, Seaskako beste kolegioetan bezainbat euskara entzuten dela dio. «Inplikazio aldetik, gure ikasleek merezimendu handia dute».
Konfinamendu garaian, bideo irrigarri batzuen bidez atxiki dute ikasleekin lotura, Ibai Aizager hezkuntza aholkulariak esplikatu duenez. Ikasleak sorkuntza lanak egitera bultzatu dituzte, izan kantu, bertso, rap... eta lehiaketa gisako batzuk ere egin dituzte puntuaketa sistema bereziekin. «Familiako zenbat eta kide gehiagok parte hartu, orduan eta puntu gehiago lortzen zuten. Ondorioz, familiek ere anitz parte hartu dute. Oharkabean, euskararen erabilpena bultzatu du».
[Youtube]https://youtu.be/Axf9mCx255g[/Youtube]