Eskolan bertan sukaldea izateko jangela eredura egin nahi du Nafarroako Gobernuak

Eskola jangelak arautzeko dekretuaren proiektua argitaratu du Hezkuntza Departamentuak; laguntzak hedatuko dituzte, eta populazio urriko herrietan bizi diren ikasleentzat ere izango dira orain.

ESKOLA JANGELA.
Jangela bat, artxiboko irudi batean. EFE
arantxa iraola
2024ko otsailaren 5a
19:10
Entzun

1993koa da eskola publikoetako jangelak arautzen dituen dekretua Nafarroan, eta araudi berri bat egiteko prozesua martxan da: dekretu proiektu bat argitaratu du Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Gobernuaren gardentasun atarian. «Eskolan bertan» sukaldea izateko jangela eredurako bidean aurrerabideak egin nahi ditu departamentuak araudi berriaren bitartez. Eskolen «autonomia» ardatz hartuta egin nahi du bide hori, eta jakien kalitatearen alde eginda: «Elikagai freskoak, garaian garaikoak eta gertukoak erabilita».

Beste helburu bat ere bada dekretuaren muinean: jangelako orduak ere «ikaskuntza» orduak dira eskola umeentzat, eta jangelen izaera hezitzailea aintzat hartu behar da. 

Jangelarako laguntzak ere ugaritu nahi dituzte araudi berriarekin; zabaldu egin nahi dituzte, eta, premia ekonomikoa duten familientzat ez ezik, populazio urriko herrietan bizi diren ikasleentzat ere emango dituzte laguntzak: «Herri txikietako ikastetxeek irauteko bermeak indartu nahi direla horrela».

Dekretua aurkezteko zabaldu duen oharrean, beste aldaketa bat ere nabarmendu du Nafarroako Gobernuak: jangelarako «eskubidea» lehen aldiz zabalduko da ikasturte hasierako eta amaierako hilabeteetara: irailera eta ekainera. Halaber, eskolaldi jarraitua edo zatitua izan, kasu guztietan izango da laguntzak jasotzeko era. Eta aintzat hartu dituzte zaintza partekatuaren ondorioz bizileku batean baino gehiagotan egoten diren haurren beharrak ere.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoetako jangelak arautuko ditu dekretuak; DBHko ikasleentzat ere izango da, baldin eta ikasle gazteagoekin garraio publikoa partekatu eta haien ordutegiak bete behar badituzte.

Hezkuntza Departamentuak «itunak» hitzartu ahal izango ditu eskola jangelen ardura beren gain hartu nahi duten tokiko erakundeekin. Testuan propio aipatzen bada ere eskolan bertan sukaldea izatearen aldeko hautua sustatzea, ematen dira aukera gehiago gertuko sukaldeetan jakiak prestatu eta gero ikastetxeetako jangeletara «garraiatu» ahal izateko eta jangelako martxa horrela antolatzeko ere.

Menu hautatuak

Dekretu proiektuaren arabera, eskoletarako menuak «nutrizioan eta dietetikan» adituak diren profesionalek egingo dituzte: «Elikadura osasuntsua sustatuko da, iraunkorra eta inklusiboa». Xedeetako bat haurren gizentasunaren kontra egitea izango da, eta horretarako ohitura osasuntsu batzuk irakastea ikasleei.

Nafarroako Gobernuak esan du dekretu hau hilabete askoko lanaren emaitza dela; azaldu du hezkuntza eta osasun eragile askoren iritziak txertatuta idatzi dutela, eta azken ekarpenak jasoko dituztela orain. Gaiari hainbat ikuskeratatik erreparatu diote, zeharkakotasuna ardatz hartuta, eta mahai baten bueltan haurrek ikas ditzaketen gauza asko hartu dituzte aintzakotzat: garbitasuna, nutrizioa, portaera egokia, hezkidetza...

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.