Eskolaldi zatitua ala jarraitua: familien bizkar jarritako erabakia

Gaurtik aurrera, eskolaldi mota hautatzera deituak daude Nafarroako 159 ikastetxe publikotako familiak. Auziak eztabaida mikatza piztu du eredu baten eta bestearen aldekoen artean.

Ikasle batzuk D ereduko ikasgela batean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ikasle batzuk D ereduko ikasgela batean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko otsailaren 19a
16:45
Entzun

Gaurtik aurrera, erabaki garrantzitsua hartu beharko dute Nafarroako 35.500 ikasleren familiek: zer eskola jardunaldi izanen duten datozen lau ikasturteetan. Ez da nolanahiko eztabaida. Seme-alaben sarrera eta irteera orduez harago, eredu bat ala bestea aukeratzeak eragina izan dezake ikasprozesuetan, kontziliazioan, sozializazioan eta ikasleen arteko arrakala sozialetan. Baita euskararen erabileran ere. Eredu baten eta bestearen aldekoek txosten eta ikerketa ugari erabili dituzte argudiotzat, nork bere aukera defenditzeko, eta giroa dezente berotu da azken hilabeteetan ikastetxeetako patioetan eta gurasoen Whatsapp taldeetan. Hezkuntza Departamentuak, ordea, deus gutxi esan du auziaz, eta nahiago izan du erabakia familien bizkar utzi.

Guztira, 170 dira Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak Nafarroan, eta horietatik, 159tan bozkatu beharko dute datozen egunetan. Kasu ia guztietan (152tan), goizeko eskolaldi trinkoa ezartzeko proiektua aurkeztu dute; beste lautan, eskolaldi malgua proposatu dute —gaur egungo bera, baina eskolarik gabe asteazken eta ostiral arratsaldeetan—; eta hirutan bi aukerak dituzte mahai gainean, egun ikastetxe guztietan indarrean den jardunaldi zatituaz gain. Gainerako hamaika ikastetxe publikoetan ez dute proiekturik aurkeztu eskolaldia aldatzeko, eta, hortaz, egungo ordutegiari eutsiko diote: eskolak goizez eta arratsaldez dituenari, alegia.

Zentro gehienetan, gaur abiatu dute bozketa telematikoa, Educa plataformaren bidez. Familiek hiru egunez izanen dute botoa online emateko aukera, eta, horren ostean, bozketa presentziala eginen dute, aste honetan edo hurrengoan. Kasu guztietan, gehiengo kualifikatua behar da eskolaldi eredua aldatzeko —zentro bakoitzeko ikasleen 3/5—, eta behin onartuta, eskola kontseiluak berretsi beharko du erabakia, batzordekideen bi herenen baiezkoarekin. Jardunaldia aldatzeko baldintza guztiak beteta, ikastetxeek martxoaren 1erako jakinarazi beharko diote aldaketa Hezkuntza Departamentuari.

Zer dago jokoan?

Funtsean, bi dira mahai gainean diren aukerak: egungo ordutegi zatituari eustea ala eskolak goizeko ordutegian trinkotzea, jardunaldia 14:00etarako buka dadin. Ordu horretan, gurasoek aukera izanen lukete seme-alabak eskolatik jasotzeko edo jantokian uzteko; eta bazkalostean, aparteko jarduerak eskaini beharko lituzkete zentroek, gutxienez 16:30ak arte.

Nafarroan, plataforma bana sortu da aukera baten eta bestearen inguruan, eta biek ala biek diote eurena dela «haurren bioerritmoetara» hobekien egokitzen dena. «Pertsona bakoitza ezberdina da, baina, orokorrean, iruditzen zait haurrak freskoago daudela goizez, eskolan adi egoteko eta lan egiteko, eta arratsaldea libre izan beharko luketela familiarekin egoteko, eskolaz kanpoko jarduerak egiteko, jolasteko edo beste edozertarako», azaldu du Izaskun Monterok. Eskolaldi jarraituaren aldeko Nafarroako plataformako kide da Montero, eta Iruñeko San Frantzisko eskolara daramatza seme-alabak. Uste du helduentzat eskatzen den kontziliazioa eskaini beharko litzaiekeela haurrei ere: «Nik, aukeran, nahiago dut goizez lan egin eta arratsaldea libre izan familiarekin egoteko, eta, haurren kasuan ere, onuragarriagoa dela uste dut. Gogoan dut zer zen haurra nintzelarik bazkaldu ostean bi orduz klasera bueltatu behar izatea. Etsigarria zitzaidan hori».

Ez datoz bat eskolaldi zatituaren aldeko plataformako kideak, uste baitute egungo ordutegia hobeki egokitzen dela ikasleen beharretara: «Pediatria Elkargoaren eta Nafarroako Eskola Kontseiluaren arabera, umeen arreta goreneko orduak 08:30-09:00etatik 13:00ak arte dira, gutxi gorabehera; hor komeni da etenaldi bat egitea, eta atseden hartu ostean jarraitzea», esan du Patxi Larraintzar ikastetxe publikoko ama batek. Ez ditu izen-deiturak eman nahi, eztabaida publikoa sobera mikaztu baita azkenaldian. Uste du, hala ere, ordutegi trinkoak kalte egiten diela haurrei: «Pandemia garaian, eskola guztietan derrigortu zuten eskolaldi jarraitua, eta orduan konturatu ginen gure alaba txikia lokartu egiten zela parkean, kasketaldiak hartzen zituela, nekatuago zegoela...». Haur helduagoen kasuan, eskolaldi jarraituak loaren kalitatean eragiten duela gehitu du: «Ebidentzia zientifikoak esaten du jardunaldi jarraituan gehiago erabiltzen direla sakelakoak, tabletak eta bestelako pantailak. Horren ondorioz, okerrago egiten da lo».

«Askatasuna» eta «sozializazioa»

Haurren egoeraz harago, bestelako faktoreak nabarmendu dituzte alde batekoek zein bestekoek. Eskolaldi jarraituaren aldeko plataformak gurasoen kontziliazioa jarri du auziaren erdigunean. Argudiatzen dute ezen, derrigorrezko eskolak 14:00etan amaituta, gurasoek aukera dutela seme-alabak 14:00etan, 15:00etan edo 16:30ean jasotzeko, eta horrek «malgutasun handia» eskaintzen diela familiei. «Norbaitek ezin baditu seme-alabak eguerdian jaso, aukera du haurrak jantokian eta eskolaz kanpoko jardueretan uzteko. Eskolaldi zatituak aukera bakarra ematen du: 16:30ean bukatzea; ez dago besterik», esan du Monterok.

Jardunaldi Zatituaren Aldeko Plataformak, aldiz, beste ezaugarri batzuetan egin du azpimarra: arrakala sozioekonomikoetan, esaterako. Azaldu dute eskola dela «klaseen arteko elementu berdintzaile bat», eta eskolaldia murrizteak ez diela denei mesede egiten: «Esaten digute 14:00etatik aurrera eskolaz kanpoko jarduerak eskainiko dituztela, baina egiazki, ez dute edukirik ematen. Haurrak gordetzeko toki bihurtzen da eskola. Nork utziko ditu seme-alabak horretara? Bada, beste aukerarik ez dutenek: guraso bakarreko familiek, egoera prekarioan direnek... Maila ezberdineko ikasleak sortzeko bide bat da, eta eskola publikoak ez luke hori baimendu behar».

Sozializazioa ere nabarmendu dute egungo eskolaldi ereduaren aldekoek. Eskolako patioa «komunitatea josteko esparrua» dela uste du Patxi Larraintzar ikastetxeko amak. «Harremanak sendotzeko tokia da patioa, eta lagunekin ematen duten denbora hori bereziki mesedegarria da alor afektiboan zailtasun handiagoa duten haurrentzat, autismoaren espektroko nahasmenduren bat dutenentzat edo, besterik gabe, lotsatiagoak direnentzat. Hori kenduta, ikasleen eta familien sozializazioa kaltetuko da, oro har». Zatituaren aldeko plataformaren irudiko, sozializazio falta hori are nabariagoa izan daiteke D ereduko ikastetxeetan, sinetsita baitaude euskarazko murgiltzea zailduko duela: «Iruñean, oso-oso gutxi dira euskararen arnasguneak, eta horietako bat da eskola. Haurrei eskola orduak murriztuta, harreman gehienak erdaraz eginen dituzte parkeetan edo etxean, telebistaren aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.