HEZKUNTZA

Eskolako erabilera gora, adina igo ahala behera

Arrue ikerketa aurkeztu dute, ikasleen hizkuntza erabilera ebaluatzen duena. Aurreko ikerketetako joera berretsi du. Batetik, eskola erabilera gune indartsua da, eta igo egin da erabilera urteotan: %80ra heldu da. Bestetik, adinaren araberako aldaketak: 10 urteko ikasleena baino hamazazpi puntu txikiagoa da 14 urtekoena.

Euskara gehien irakasleekin ikasgelan erabiltzen dute ikasleek. IDOIA ZABALETA, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko azaroaren 10a
07:50
Entzun

Eskola giroan ikasleek zenbat erabiltzen duten euskara, aztergai hori du Arrue ikerketak. Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak egiten dute. 2011n egin zuten unibertso zabaleko lehen azterketa, eta bigarrena, 2013an. Orain aurkeztu dute 2015ean bildutako datuekin egindakoa.

Ebaluazio diagnostikoak baliatzen dituzte ikasleei galderak egiteko, bi ikasmailatan: Lehen Hezkuntzako laugarren mailan (10 urte) eta DBHko bigarren mailan (14 urte). Lagin zabala dute, beraz, bi ikasmaila horietan: ia ikasle guztiak. 38.900 ikasleri baino gehiagori galdetu diete euskararen erabilerari buruz.

Txosten mardula osatu dute, hainbat aldagai kontuan hartuta. Hara bost giltzarri:

1. Eskola erabilera gune. Beste esparruekin alderatuta, nabarmena da euskara erabiltzeko eremu nagusia eskola dutela ikasle askok. Erabilera tasa hartuta, LHko laugarren mailan %59ko erabilera du euskarak, eta DBHko bigarren mailan, %42koa. Ondorio argia atera dute ikertzaileek: “Eskolako erabilerak alderatzen baditugu ikasleek eskolatik kanpo egunerokoan dituztenekin, ikusten dugu eskola dela EAEko ikasle gehienentzat eremurik euskaldunena, eta haietako hainbatentzat euskaraz aritzeko aukera eskaintzen dien bakarra”. Etxeko erabileraren eta eskolakoaren artean, adibidez, diferentzia nabarmena dago. Kontuan izatekoa da, gainera, ikasle gehienek, ia hamarretik seik, etxean erdara bakarrik jaso dutela.

2. Igoera. Aurreko ebaluazioekin alderatuta, igoerak ageri dira bi ikasmailetan. 2011koaren aldean, hiru puntu handiagoa da erabilera LHko laugarren mailan (%56 eta %59), eta bi puntu handiagoa DBHko bigarren mailan (%40 eta %42).

3. Ikasgelan gehien. Erabilera lau eremu hauetan aztertu dute: ikasleak beren artean ikasgelan; ikasleak beren artean jolastokian; ikasleak irakasleekin ikasgelan; eta ikasleak irakasleekin ikasgelatik kanpo. Eremu formalenean dago gailurra: ikasgelan, ikasleen eta irakasleen artean. 10 urteko ikasleen artean %80koa da erabilera kasu horretan; 14 urtekoetan, %70ekoa. Irakasleekin euskaraz duten jarduna jaitsi egiten da gelatik irtetean: %67 Lehen Hezkuntzan, %62 DBHn. Ikasleek beren artean dituzten harremanetan ere bistakoa da ikasgelaren eragina. Hara: gelan ikaskideekin euskaraz aritzen dira 10 urtekoen %68 eta 14 urtekoen %38; jolastokian, %41era eta %24ra jaisten da erabilera, hurrenez hurren.

4. Adina. Nabarmena da diferentzia 10 urteko eta 14 urteko ikasleen artean. Hori zergatik gertatzen den, uste dute eskolaz kanpoko egoerak duela eragina, euskararen egoera sozialak. Ikasle umeenekin lortzen duela eskolak “autonomia” izatea, beste baldintza batzuen arabera jokatzea. Ikasleak hazi ahala, ordea, gero eta handiagoa da egoera sozialaren eragina. “Ikasleak helduagotzen diren neurrian, gizarteko hizkuntza erabilerarako arauak gero eta indar handiagoz sartzen dira eskolako errealitatean”. Ohartarazi dute, beraz, bi ikasmailen arteko diferentzia ez dela ikastetxeko jardunarekin lotzekoa, baizik eta handik kanpoko egoerarekin.

5. Loturak. Ikasleen erabileran zerk eragiten duen aztertu dute. Eskola barruari dagokionez, bi faktore seinalatu dituzte: hizkuntza eredua eta irakasleen erabilera. Lehen Hezkuntzan eredua da eragile nagusia. Eskolatik kanpokoetan hauek nabarmendu dituzte: eskolaz kanpoko jarduerak, hizkuntzekiko iritzia eta eremu soziolinguistikoa. Eskolaz kanpoko jarduerek dute eragin handiena DBHn. Hain justu ere, ereduekin lotu dute erabilera handitu izana: D ereduko ikasle gehiago daudenez, horri esker igo da erabilera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.