Koronabirusa

Eskolako atea jo du koronabirusak

Bastidako bi ikastetxeetan bertan behera utzi dituzte eskolak bi astez, haur batek harremana izan duelako birusa duen Haroko lagun batekin. Lasaitasunez, baina tentuz hartu dute badaezpadako neurria herritarrek.

Bastidako eskola publikoaren sarrera itxita egon zen atzo goizean. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Bastida
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Egoerak dena du ezohikotik astelehen goizez Bastidan (Araba). Ikastolako ate nagusia zabalik badago ere, ikasgelak eta jolastokia hutsik daude. Egoera antzekoa da handik 200 metro eskasera dagoen eskola publikoan ere. «Itxi nazazu, mesedez», dio sarreran dagoen idatziak, sartzen den orori kanpoan dabilen gaizkileaz ohartarazi nahi izango balio bezala. Izan ere, ipuin klasiko baten antza hartu du errealitateak Arabako Errioxan: koronabirusak ikastetxeko atea jo du, eta, haren beldur, bertan behera utzi behar izan dituzte eskolak. 200 ikasle inguru etxean geratu beharko dira datozen bi asteetan.

Harriduraz hartu dute herritar gehienek Eusko Jaurlaritzak gaitzaren hedatzea saihesteko hartutako neurria. Igande arratsaldeko azken orduan jaso zuten albistea gurasoek. «Zurrumurru moduko bat zabaldu zen herrian, eta hasiera batean arraroa ere egin zitzaigun orduagatik. Baina berehala baieztatu ziguten», adierazi du Marta Moralesek.

Goizeko lehen orduetan kazetariz bete da herria, eta galderak bata besteari atzetik erantzuten eman dute goiza herritarrek. Baita irakasleek ere. Izan ere, klaseak bertan behera geratu arren, ikastetxeak ez dituzte itxi, eta lanera joan behar izan dute haiek. Iratxe Blanco da horietako bat. Hark azaldu du neurriaren zergatia: «Esan digutenez, Haron [Errioxa, Espainia] positibo eman duen pertsona batekin harremana izan du ume batek. Ikaslea bi ikastetxeetako haurrekin jolasean aritu omen zen, eta horregatik hartu dute erabakia».

Bastidatik bost kilometrora dago Haro, eta hango ikasleak ere jasotzen dituzte herriko bi ikastetxeek egunero. Bi herrien arteko harremana handia da. Asko dira Ebro ibaiaren beste aldera erosketak egitera joaten direnak, esaterako. Oraintxe bertan inguruko infekzio gune nagusietako bat da: 81 kasu atzeman dira bertan, eta horrek kezka sortu du herritar batzuengan, hain zuzen. «Ongi iruditzen zait badaezpadako neurria hartu izana, baina zergatik hemen bai, eta Haron ez? Galdera ugari sortu zaizkigu, eta erantzunak ez ditugu oso argi. Horrek kezka eta urduritasun moduko bat sortu du herrian», esan du Dorleta Floresek. Dozena bat haur elkartu dira ikastolaren alboko frontoian eguerdian. Jolasean eman dute goiza bertan, egoerak haiekin zerikusirik izango ez balu bezala.

Zaintza, kezka iturri

Flores langabezian dago, eta ez du arazorik izan haren 10 eta 9 urteko bi semeen zaintzaz arduratzeko. Zaintzaren zama, halere, aitona-amonen bizkar izan da egun guztian. Mariluz Garciaren kasua da hori. Biloba zaintzen eman du goiza, baina arratsaldean Harora joatekoa zen beste biloba bat zaintzera. «Nire alabek ez dute arazorik, baina ezagutzen ditut zorte bera ez dutenak». Kontziliazioa eztabaidaren erdian kokatu du gaitzak, hain zuzen.

Laura Perez Bastidako alkateak lasaitasunari eusteko mezua igorri die herritarrei, nolanahi ere: «Haurren pilaketa saihesteko neurria da; beraz, guk ezin dugu ezer egin. Dagoenari ahalik eta modu egokienean aurre egin behar diogu, ez dago besterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.