Telmo Lazkano (Zumaia, Gipuzkoa, 1994) usu mintzatu da urteotan sare sozialen eta sakelako telefonoen erabilerak haur eta nerabeen artean duen eragin gaiztoaz. Altxa Burua mugimenduko parte da: gailu horien erabilera mugatzeko eskatzen ari diren familiek eratu dute, halakoek adingabeei eskura jartzen dizkietelakoan haientzat egokiak ez diren aplikazio eta sare sozial asko. Agerraldia egin dute berriki elkarte moduan antolatu direla esateko. 8.000 sinadura inguru batu dituzte ja egiten dituzten aldarrien alde. Gipuzkoan eta Bizkaian daude antolatuen, eta eskari hainbat propio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari egin dizkiote. Proposatzen duten gogoeta, hala ere, gizarte osoak egin beharrekoa da: norberak familia giroan hasi, eta goi erakundeetarainokoa. Lazkanok uste du argi adierazi behar dela, hala ere, familia asko babesgabe daudela instituzioek arlo horri buruz erabaki irmoak hartzen ez badituzte. «Izan ere, auzia ez da ondo erabiltzea edo gaizki erabiltzea: hori iruzurra da. Hori egiten badugu, ardura osoa erabiltzaileengan jartzen da, eta hutsaldu egiten da produktu horien benetako izaera», abisu eman du. Izan ere, ez dira «neutroak». Eta gizartean zabaldu egin egin behar da mezu hori: «Egiaztatuta dago: ez dira produktu egokiak nerabezaroan garapen osasuntsu bat izateko».
Agerraldi bat egin berri duzue zuen asmoen berri emateko. Zein aldarritan jarri nahi duzue indarra?
Hiru helburuk batzen gaituzte, batik bat: mugikorra erabiltzen hasteko adina atzeratzea, heztea eta bidelagun izatea bidean, eta eskolak mugikorrik gabeko arnasgune izatea.
Eta zein dira eskari zehatzak helburu horien inguruan?
Eskolaren inguruan, araudi juridiko bat eskatzen diogu Hezkuntza Sailari, non jarriko duen eskolak mugikorrik gabeko arnasguneak direla. Bi kausa daude horretarako. Lehenengoa: hori ez da eskubide urraketa bat, baizik eta eskubide bat bermatzeko modu bat. Zer eskubide? Garapen kognitibo osasuntsu bat izateko eskubidea. Badakigu eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzen direnean egoerak hobera egiten duela nabarmen, maila oso garrantzitsuetan: irakasleen jarduna errazten du, baita ikasleena ere, hartu-eman gehiago dituzte ikasleek beren artean, jarduera fisikoa hobetzen da, ziberjazarpena murrizten da, eta PISA txostenetan ere hobekuntzak ikusi dira.
«Badakigu eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzen direnean egoerak hobera egiten duela nabarmen, maila oso garrantzitsuetan»
Bigarren motiboa zein da?
Gaur egun, eskoletako profesionalak ere oso egoera zaurgarrian daude, babes legal bat ez daukatelako. Oraintxe bertan, nahiz eta gure eskolako araudian halakoak sartu, ez dago garbi guk bermerik badugun irakasle gisa ikasleei mugikorra kentzeko eta dena delako ondorioak jartzeko. Eta zer gertatzen da ziberjazarpen kasuetan? Niri, eskola moduan, ez didazu uzten gailu hori eskolara ez sartzen, baina sartzen bada, ni naiz erantzulea. Orduan, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu lege bat hori guztia jasotzeko. Hau ez da hemen jaio den zerbait, nazioarte mailan gertatzen ari da, eta Unescok berak adierazia du: eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu behar ditugu.
Eskoletara begirako helburuak dira horiek, administrazioari zuzendutakoak. Beste helburuetara begira, alegia sakelakoa erabiltzen hasteko adina atzeratzeko eta haur eta nerabeei arlo horretan laguntza emateko, zer egin behar dute instituzioek? Zer eskatzen diezue?
Instituzioek lagun dezakete gaiaren gaineko kontzientzia zabaltzen. Adinaren atzeratze eta erabileraren arrazionalizatze horretan, lan ikaragarria, boluntarioa, esfortzu handikoa ikusten dugu familien partetik, eta eskolen partetik ere askotxo. Baina instituzioen partetik ez dugu ikusten babesik, eta zer lagungarria izango litzatekeen Osasun Sailetik, adibidez, hau osasun publikoko arazo bat den neurrian, honen gaineko kontzientziazio kanpaina bat egitea, kalamuarekin-eta egiten den bezalaxe.
«Zer lagungarria izango litzatekeen Osasun Sailetik, adibidez, hau osasun publikoko arazo bat den neurrian, honen gaineko kontzientziazio kanpaina bat egitea»
Eta hirugarren helburuari begira?
Helburu hori heziketa da: eredu izatea. Adina atzeratzeagatik atzeratzeak ez du ekarriko harreman osasuntsu bat mugikorrekin. Adina atzeratzea funtsezkoa da gaitasuna eta heldutasun maila bat behar direlako tresna ahaltsu hau kontrolatu ahal izateko, baina, horrekin batera, baliabideak eman behar ditugu: heziketa bat.
Helduek teknologia horiekin duten harremana berrikustea ere beharrezkoa da hor, ezta?
Hori da. Pantailaren alde berean gaude guztiok, eta ondorioak guztiok pairatzen ditugun, denontzat berdinak ez badira ere. Zenbat eta adin gutxiago izan, ondorioak latzagoak dira: neurogarapenean, osasun mentalean... Baina helduoi ere eragiten digu, eta, zintzotasunez jokatuz gero, esango dugu nahi baino denbora gehiago ematen dugula mugikorrarekin eta horrek eragozten digula osasuntsuagoak diren gauzei arreta ematea. Gainera, gure erabilerak eragin zuzena du gure txikiek egingo duten edo egiten duten erabilerarekin. Eredu gara arlo askotan, eta honetan ere bai, noski.