Generoa, hizkuntza, klasea eta jatorria non gurutzatzen diren pentsatzean, eskola hitza etorri zitzaion burura Amelia Barquin Huheziko irakasleari, atzo Usurbilen (Gipuzkoa) UEUk, Jakin-ek eta udalak gaiari buruz antolatutako ikastaroan. «Lau elementu horiek eskolaren enkarguak dira; planak egiten dira horien inguruan —berdintasunarena, euskararena, kulturartekotasunarena—, eta irakasleak prestatu egiten dituzte».
Trebatu gabe dagoena, ordea, gizartea da: «Oraindik ez da berdinzalea, ez da euskalduna, ezta kulturartekoa ere. Eskolak laguntzeko tresna izan behar du, baina ezin ditu enkargu guztiak bakarrik egin». Barquinen arabera, eskola «aniztasunaren eta parekotasunik ezaren lekua» da, desberdinkeriarena. Hori guztia ikastetxeetan kudeatu behar dela dio, eta, aldi berean, ikasleak prestatu behar direla bizitzarako, «mundu justuago baten alde jokatzeko».
Kontua gehiago korapilatzen da atzerriko ikasleak eskola batean hasten direnean: «Azken hamabost urteetan jende asko etorri da kanpotik, eta hemengoen mesfidantzak, kezkak sortu dira. Generoarena da kezka nagusia: zapiaren gaia dago izozmendiaren puntan, baina onena da denen patriarkatuak eskoletan lantzea». Generoa aipatzean, eskoletako jolastokien adibideari heldu dio: «Patioa beti futbol zelai bat da, eta, patioa handia bada, bi edo hiru zelai izango dira; orain hasi dira puntu hori lantzen».
Orokorrean, hezkuntza sistemak bildu beharko lituzke dimentsio guztiak: «Berdintasunaren aldeko eta genero bortizkeriaren kontrako diskurtsoak oso hedatuta daude hezkuntza sisteman; baina aniztasunaren gaia ez da eskolara heldu, ezta diskurtso moduan ere». LGTBI komunitateak ere ez du eskolan lekurik eta, Barquinen ustez, generoaren eraikuntza eta binarismoa ez dira zalantzan ere jartzen.
Gaiari euskararen dimentsioa gehitzean dago beste koska. Datuei erreparatuta, gogoratu du atzerritik datozen ikasleen erdiak D ereduan daudela, eskola publikoetan. Hortik kezka: «Euskara identitate ikur moduan duten ikastetxeek dei egiten al diete atzerritarrei? Kanpotik datozenak nahi ez diren ikasleak dira. Ez ditzagun ahaztu gizarteko aporofobia eta klasismoa». Ildo horretan, erantsi du A ereduko ikastetxeek eta eskola erlijiosoek hartzen dituztela hobekien ikasle horiek: «Ongi etorriak dira, ikaslerik gabe geratzen ari baitziren».
Dirua ere, arazo
Kontua gehiago zailtzen da itunpeko ikastetxeetako kuotak kontuan hartzen badira: «Geruza oso bat kanpoan geratzen da; pobreak eskola horietatik at geratuko dira; hor sailkapen ekonomiko argia dago». Hortik klasea ere. Ekonomiak zerikusi zuzena du, adibidez, aisialdiarekin: «Klase arrakala handitzeko momentu bat da: ordaindu ahal duena pianora eta ingelesera joango da; ezin duena inora ere ez». Ikasleen emaitzak ere baliabide ekonomikoen araberakoak direla gehitu du: «Lotura dago familiako egoera sozioekonomikoaren eta eskolako emaitzen artean; atzerritar asko emaitza baxuetan daude».
Ildo horretan, Barquinek ohartarazi du hezkuntza sistema ez dagoela klasearen dimentsioarekin kezkatuta: «Ez da eskolaren enkargua, desberdintasunik naturalizatuena da; onartu egiten da, eta ez da zalantzan jartzen, ezta eskolan ere».
Dimentsio horiei guztiei buruz hitz egitean, ikastaro osoan hain presente egon den pribilegio hitzari erreferentzia egin dio Barquinek ere: «Ni bezalako emakumeok —feminista, zuri eta erdiko klasekook—, eta pribilegio honetatik, ez dakit aukerarik daukagun besteez hitz egiteko; agian, haiei eman behar genieke hitza».
Eskolak biltzen duena
Generoaren, hizkuntzaren, klasearen eta jatorriaren gurutzaketa eskoletan nola gertatzen den aztertu du Amelia Barquinek, UEUko ikastaro batean. Ikastetxearen bueltan, hezkuntza sistemaren aldaketa beharra, euskararen eragina eta faktore sozioekonomikoen baldintzatzea izan ditu hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu