Deitu fusio, integrazio edo bat egite. Zenbait ikastetxe publiko elkartu egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bi kasu iragarri ditu datorren ikasturterako: Aita Orbiso eta Umandi Gasteizen eta Zubeldia Maisua eta Virgen de la Guia Portugaleten (Bizkaia). LAB sindikatuak beste bat gehitu du: Anaitasuna eta Ongarai, Ermuan (Bizkaia).
Ikusi gehiago
Ezjakintasuna eta presa. BERRIAk eskola horietako hezkuntza komunitateetara jo du, eta bi sentsazio horiek aipatzen dituzte hitzetik hortzera. Ane Barrasa Portugaleteko Virgen de la Guia eskolako irakaslea da; Ainhoa Zarraga, eskola horretako irakasle ohia eta Zubeldia Maisua eskolako gurasoa. Bi urte egin dute atzera prozesua azaltzeko. Barrasaren esanetan, orain bi ikasturte Hezkuntza Sailak «aldebakarrez» erabaki zuen Virgen de la Guian ez zutela bi urteko umeen matrikularik onartuko. «Hezkuntza Sailekoek planteatu zuten, agian, Virgen de la Guia Zubeldia Maisuarekin elkartuko zela, baina inongo zehaztapenik gabe eta zehaztu gabeko epe batean. Ordutik, besterik ez dugu jakin, ez langileok, ez familiek».
«Korrika eta presaka egiten ari dira prozesua»
IMANOL ARANBURUUmandi eskolako langilea
Azarora arte. Barrasaren hitzetan, Hezkuntza Sailak bilera bana egin zuen bi eskoletako zuzendaritzekin. «Esan zieten, datorren ikasturtera begira, bi eskolen arteko fusio bat egongo dela». Ez besterik: «Funtsean, hori izan da jakinarazi duten guztia». Hezkuntza Sailari «aldebakarrez» aritzea egotzi dio: «Ez da hezkuntza proiektu adosturik egon. Informazio falta orokorra denez, ezjakintasun horrek ikas komunitatean ezinegona, zalantzak, ziurgabetasuna eta abar sortu ditu». Harago doa informazio falta: «Informazioa ahoz helarazi diete zuzendaritza taldekoei, inongo dokumentu idatzirik gabe. Gainera, guk dakigunaren arabera, Portugaleteko Udala ere ez dute behar bezala informatu».
Elkarlan falta sumatu du Zarragak ere: «Ez da adostutako prozesurik egon; fusioaren erabakia hartzeko orduan, gure ikas komunitateak zeharo baztertuak geratu dira, eta Hezkuntza Sailak dena aldebakarrez egin du: gurekin inor ez da kontaktuan jarri, iritzia ez digute galdetu...». Hezkuntza Sailak esana duenez, ikastetxeak apurka-apurka elkartuko dituzte, bi urteko geletatik hasita. Zarragak nabarmendu du, ordea, Zubeldia Maisuaren eta Virgen de la Guiaren bateratzea ez dutela «modu mailakatuan eta denboralizazio batekin» egingo: «Hezkuntzako ordezkariek aipatzen dute gure eskoletan integrazioa guztiz burututa egon beharko litzatekeela irailerako».
«Jangelako langileen, atezainen eta garbitzaileen lanpostuetan ere eragina izango du»
ANE BARRASAVirgen de la Guia eskolako langilea
Beraz, irailera begira, «sekulako antolakuntza lana» dute aurretik, Barrasak nabarmendu duenez. Zer gertatuko da langileekin? «Lanpostuei eta ikasleen ratioei eragingo die. Hala ere, dagoen ezjakintasuna dela eta, zaila da jakitea zeintzuk izango diren benetako ondorioak», dio Zarragak. Barrasak zehaztu du, jakinarazi dietenaren arabera, Virgen de la Guiako irakasle finkoak Zubeldia Maisua eskolakoak izango direla aurrerantzean; ez, ordea, behin-behinean daudenak. Gehitu du: «Ez dira kaltetu bakarrak izango; jangelako langileen, atezainen eta garbitzaileen lanpostuetan ere eragina izango du, eta uste dugu lanpostuak galduko direla. Alde horretatik ere, ezjakintasuna da nagusi».
Eta nola eragingo die ikasleei? Zubeldia Maisuan, maila batzuetan, bi gela izan beharrean hiru izango dituzte aurrerantzean, Zarragaren arabera: «Horrek espazioen berregituratzea eskatzen du. Bi ikastetxeetako hainbat espazioren funtzioak aldatu behar dira, eraikinak erabili ahal izateko egokitzapenak egin behar dira, eta hezkuntza proiektuak ere bateratu behar dira». Eraikinei dagokienez, esaterako, bi eskolak elkarren ondoan daude. Baina: «Momentu honetan, eskola batetik bestera joateko, eraikinak inguratu behar dira, ez daude konektatuta. Horrek eskola bateratu baten funtzionamenduari traba itzela egiten dio, eraikin guztiak erabili ahal izateko era funtzional eta egoki batean. Argi dagoena da fusio on batek espazio guztien berrantolaketa eskatzen duela», azaldu du Barrasak.
«Jolasean ari dira gure seme-alaben hezkuntzarekin eta zenbaiten lanpostuekin»
LUIS ANTONIO RUIZ DE GAUNAUmandi eskolako gurasoa
Umandiko hezkuntza komunitateari ere kezkagarria iruditzen zaio albistea. Imanol Aranburu da bertako langileetako bat. «Korrika eta presaka egiten ari dira prozesua». Azaldu duenez, Hezkuntza Sailak urrian deitu zuen zuzendaritza bilera batera, «esan gabe gaia zein zen»: «Zera esan zieten: ‘Aurten fusionatuko zarete; otsailean, matrikula batera egingo duzue’». Orduan, bi asteko epea eman zieten zer behar zuten adierazteko, ez besterik: «Dekretuz bezala izan da: zuek aurten fusionatu egingo zarete; hori izan da eskolek jaso duten mezua».
Ziurgabetasunez lanean
Horiek horrela, orain otsailera begira lanean ari dira, «jakin gabe oso ondo eskolak zein forma izango duen-edo». Eta «presa» oztopo izaten ari da nahi duten bezalako proiektua marrazteko: «Kontua ez da Aita Orbisorekin elkartu bai edo ez: egoerak hala esaten duelako egin behar bada, egin dezagun ondo, egin dezagun proiektu bat zimendu onak dituena». Aranburuk zehaztu ditu oinarriak: «Garaiz gaude proiektu txukun bat egiteko, polita eta inklusiboa, euskara ardatz izanda».
«Eskola segregazioari ez zaio aurre egiten eskola publiko batzuen fusioak eginez»
AINHOA ZARRAGAZubeldia Maisua eskolako gurasoa
Irakasleek bezala, gurasoek ere informazio eskasia dutela salatu du Luis Antonio Ruiz de Gaunak. Umandiko guraso elkarteko kidea da: «Jolasean ari dira gure seme-alaben hezkuntzarekin eta zenbaiten lanpostuekin». Kritiko mintzo da: «Fusio bezala saldu nahi digute, gero zentro bat ixteko».
Segregazioaren kontra?
Hezkuntza Sailaren esanetan, zera da integrazioen helburua: eskola bereizkeriari aurre egitea. Alabaina, elkarrizketatuen irudiko, prozesuok ez dira balekoak segregazioari aurre egiteko. Aranburu: «Ez dut uste segregazioari irtenbide bat emango zaionik gu korrika eta presaka batuta. Horretarako, beste gauza asko konpondu behar dira; gurean, uste dut segregazioarena %90ean aitzakia hutsa dela». Iritzi bertsukoa da Zarraga ere: «Gure ustez, eskola segregazioari ez zaio aurre egiten eskola publiko batzuen fusioak eginez». Eta zera eskatu du: «Espero dugu ikastetxe publikoak integratzeko prozesuak ez erabiltzea aitzakia bezala euskal eskola publikoko sarea murrizteko».