Iñigo Otxoa: «Eskolak bakarrik ezin du: aisialdia ere beharrezkoa da haurrak euskaraz hezteko»

Sortzen elkarteak 'Jauzi.eus' bilatzailea abiarazi du aste honetan. Iruñerrian euskaraz antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduerak biltzen ditu webguneak, eta D ereduko ikasleentzat prestatu dute. Iñigo Otxoa da proiektuaren arduraduna.

Iñigo Otxoa, Laba elkartean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iñigo Otxoa, Laba elkartean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

«Ez nuen uste hainbeste izanen zirenik», aitortu du Iñigo Otxoak (Iruñea, 1983). Asteotan, galtzak bete lan ibili da Sortzen elkarteko kidea, Iruñerrian euskaraz antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduerak biltzen eta Jauzi.eus atarian banan-banan jartzen. «Jendeak ez daki zenbat gauza antolatzen diren euskaraz haurrentzat, eta horretarako ere bada proiektu hau: eskaintza zabal hori ikusarazteko». Urtebeteko bidearen ostean, egin dute lehen urratsa: webgunea martxan jartzea. Heldu den asteartean helduko da bigarrena, jardueretan izena emateko epea zabalduko baitute.

Zer jauzi proposatzen du 'Jauzi.eus'-ek?

Aspalditik detektatua dugun behar bati erantzuten dio proiektu honek: D ereduan ikastea ez da nahikoa haurrak euskalduntzeko. Hezkuntza arautua beharrezkoa da, noski, baina bakarrik ezin du. Askotan esan izan zaigu gurasooi: «Ekarri seme-alabak D eredura, eta euskaldunduko dira». Bai, baina ez. D eredua duela 50 bat urte ezarri zen Iruñerrian. Bada garaia mezu hori osatzeko.

Nola osatu?

Sortzen-en, hiru ardatz nabarmendu ditugu: etxea, eskola eta aisialdia. Hiru horietan eragin behar da, haurrek euskara eroso ibil dezaten. Eta aisialdiarenak berebiziko garrantzia duela helarazi nahi diegu familiei. Horretarako sortu dugu Jauzi.eus. Funtsean, eskolaz kanpoko jardueren bilatzaile bat da, eta ikastetxe publikoetako guraso elkarteek egiten duten eskaintza eta udaletako eskaintza publikoa koordinatuko ditu. Gure egitekoa da informazio hori guztia biltzea, antolatzea eta kudeatzea, erabiltzaileek erreferentziazko toki bat izan dezaten euskarazko eskolaz kanpokoei buruzko informazioa jasotzeko eta, guraso elkarteen eskaintzari dagokionez, baita izena emateko ere.

Nolakoa izan da orain arteko bidea?

Urtebete baino gehiago daramagu proiektua prestatzen. Hasieran, planteatu genuen bilatzailea 2023-2024ko ikasturterako martxan jartzea, baina proiektu handia zen, eta nahiago izan genuen mantso ibili: D eredu publikoko guraso elkarte guztien atea jo, Sortzen-en normalizazio plana zein den azaldu, egoeraren diagnostikoaren berri eman, eta euskararen transmisioak duen garrantzia helarazi genien. Talde bakoitzaren eskaintza ere ezagutu genuen. Funtsean, sare baten gisara antolatuta dago proiektua: elkarteek Jauzi.eus elikatzeaz gain, eurak ere aberastu daitezke proiektuak eskaintzen duenarekin: besteak beste, ikastaroen eta jardueren kudeaketari lotutako zenbait lan automatizatuko baitira aurrerantzean. Lana erraztuko die honek.

Eta zer moduzkoa izan da guraso elkarteen erantzuna orain arte?

Oro har, ona. Iruñerrian diren D ereduko hogei ikastetxe publikoetako guraso elkarteekin harremanetan izan gara: horietatik, zortzi batu zaizkigu jada (Amaiur, Bernat Etxepare, Ermitaberri, Hegoalde, Irulegi, Patxi Larraintzar, San Frantzisko eta San Migel), eta beste askok interesa adierazi dute. Batzuek oraindik ez dute pausoa eman antolakuntza arazoengatik, eta beste batzuek hurrengo ikasturterako utzi dute, baina begi onez ikusi dute ideia. Uste izatekoa da behin martxan jarrita ikastetxe gehiago batuko direla proiektura.

Baldintzarik jarri al diezue elkarteei 'Jauzi.eus'-en parte hartzeko?

Bai, gutxieneko baldintza batzuk jarri ditugu ikastaro eta saio guztiak koordinatzeko, izena emateko epeak-eta kasu guztietan berberak izan daitezen. Baina, horretaz gain, baldintza gisa jarri dugu jarduerak emanen dituzten monitoreek eta begiraleek formakuntza espezifikoa jaso behar izatea euskararen dinamizazioan. Begirale guztiek jakin behar dute, neska-mutilekin daudenean, euskararen murgiltze metodologia zaintzen eta euskararen erabilera sustatzen.

Eta erabiltzaileei zer ekarriko die 'Jauzi.eus'-ek?

Orain arte, jardueraren bat antolatzen bazen gure auzotik kanpo, ez genuen modurik horretaz enteratzeko. Gure eskolan edo etxetik gertu antolatzen denaren berri badugu, baina hortik harago? Gauza oso interesgarriak eskaintzen dira auzo askotan, eta oharkabean pasatzen zaizkigu gehienetan. 8 urtetik gorako haurrei dagokienez, are nabarmenagoa da desinformazio hori. Horretan lagunduko du bilatzaileak. Oso erraz bilatu daiteke zer jarduera mota nahi dugun: kirola, musika, artea, kultura... Mapa bat jarri dugu webean, jarduera guztiak hor ikusteko, baina badira beste modu batzuk tailerrak eta ikastaroak bilatzeko: besteak beste, ikastetxearen edo auzoaren arabera.

Transmisioaren garrantzia aipatu duzu...

Bai, Sortzen-ek horixe baitauka xedetzat. Egoeraren diagnostikoa egin genuen elkartean, eta konturatu ginen euskararen transmisioa garai berrietara egokitu behar dela. Familia ereduak asko ugaritu dira, eta eskola, ezinbestekoa izanagatik ere, jada ez da nahikoa transmisio hori bermatzeko. Horiek horrela, pentsatu genuen bide egokiena dela euskararentzako eremuak zabaltzea: D ikastetxeen inguruko ekosistema linguistikoa handitu, euskarazko zirkuituak sustatu, murgiltzea zaindu, jantokiko eta patioko orduetarako proposamen berriak egin, saretu... Estrategia horren barruan sartzen dugu eskolaz kanpokoen bilatzailea ere. Helburua argi dago: ikasle guztiek, Lehen Hezkuntzako 6. mailara iritsita, izan dezatela ahozko gaitasun ona, euskaraz eroso aritzeko.

Gaur egun ez dute horretarako gaitasunik?

Gure hizkuntza diagnostikoaren arabera, denek ez. Baldintza positibo batzuk badira: gero eta gehiago dira familia euskaldunak, baita euskaraz bizi den jendea ere. Nabarmen handitzen ari da kopuru hori. Baina ume euskaldun horiek ere ez diote euskarari eusten. Erdarara jotzen dute berehala. Hortaz, zertan da egungo egoera? Bada, D ereduko haur askok ez dute euskara maila egokirik lortzen, eta, lortzen dutenen artean ere, beste asko gaztelaniara pasatzen dira berehala. Hori dela eta, euskaran oinarritutako harremanak landu behar ditugu, gutxieneko maila hori lortzeko: etxean, pedagogia eginez; hezkuntza arautuan, murgiltzea zainduz eta euskararentzako esparruak irabaziz; eta aisialdian, eskolaz kanpokoen euskarazko zirkuituak sustatuz eta oporretan proposamen gehiago eginez.

Hor dituzue etorkizuneko erronka batzuk ere, ezta?

Bai, Jauzi.eus-en etorkizuneko erronketako bat da uda garaiko eskaintzari ere heltzea: ludotekak, tailerrak, kanpaldiak... Horrez gain, adin tartea ere zabaldu nahiko genuke, eta geografikoki hedatu. Izan ere, Iruñerrirako sortu genuen webgunea, bertan bizi direlako Nafarroako euskaldun gehienak eta toki aproposa iruditu zitzaigulako, baina are gehiago zabaldu nahi genuke, eta zerbitzua eskaini beste zenbait tokitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.