LIZARTZA. Eskola Txikien Festa egin zuten herenegun Lizartzan (Gipuzkoa). Ehunka lagun joan ziren herrira: festak hartu zuen. Egun osoko jarduerekin alaitu zuten Lizartza.
Harrera ekitaldiarekin eman zioten hasiera festari goizean, eta bertaratu zirenek ekintza ugariz gozatu ahal izan zuten goiz guztian. Zirku tailerra izan zen plazan, jolasak eta eskulanak Plazasoron, Jon Jokai jolasak Zimitorioan, eta puzgarriak Irabarreneko zelaian. Bazkaldu aurretik, gainera, Isk&Bila txarangaz gozatzeko aukera ere izan zuten Lizartzara joandakoek. Festarekin bat egin zutenak frontoian elkartu ziren bazkarirako, eta, horren ostean, bingo musikatua egin zuten.
Bestalde, Uraren bidea izeneko ibilbidea ere antolatu zuten herrian zehar, herriko txokoak ezagutarazteko asmoz. Herrian margotu zituzten ur seinaleei jarraitu behar izan zieten horretarako, eta, QR kode bat erabiliz, ibilbideko zenbait tokitan zeuden erronkak gainditzeko jolas interaktiboak egiteko aukera ere izan zuten.
Arratsaldean, festak ez zuen etenik izan. Zimitorioan patinatzeko aukera izan zuten, eta plazan eskalada eta slack line ekintzak egin zituzten. Puzgarriak eta aurpegia margotzeko postuak ere egon ziren.
Eskola Txikien Festaz gozatu dute ehunka lagunek Lizartzan
Musikak, jolasek, puzgarriek, eskulanek eta otorduek girotu dute Lizartzako jaia, baita 'Uraren bidea'-k ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu