Eskola txikiak

Eskola txikien balioak goraipatu dituzte Errezilen, Eskola Txikien 34. Jaian

Errezilgo San Martin herri eskolako ikasle, irakasle, guraso eta boluntarioek antolatu dute jaia. Jarduera askotarikoak egin dituzte goizean goizetik.

Eskola Txikien Jaia, gaur, Errezilen (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
Nagore Arin.
2022ko ekainaren 12a
10:11
Entzun

Eskola txikiak bizirik lelopean egin dute beste behin Eskola Txikien Jaia, aurtengoan, Errezilgo (Gipuzkoa) San Martin herri eskolan. Joan den urtean Aizarnako eskola txikiak emandako lekukoari jarraikiz ospatu dute Eskola Txikien 34. Jaia, eta bigarrenez egin dute Errezilen: 1995. urtean ere bertan egin zen. Goizean goizetik askotariko jarduera eta ekitaldiak izan dituzte, eta ehunka lagun bildu dira, guztiak «eskola berezitu diren herri nahiz auzoen biziraupena» sustatzeko aldarrian.

Harrera ekitaldiarekin eman diote hasiera jaiari, eta bertan izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano. Ekitaldian, eskola txikien nortasuna goraipatu du Hezkuntza sailburuak: «Bihotza eta arima dute, aurreratuak dira, eta jasangarriak». Bestalde, herri txikiek Gipuzkoako lurraldearen orekan duten garrantzia nabarmendu du Gipuzkoako Ahaldun nagusiak: «Gure lurraldean, Gipuzkoan, herri txikiek garrantzia dute, lurraldeari oreka ematen diote, eta horri heldu beharra daukagu».

Ondoren, batukada, herriko produktuen azoka, herri kirolen erakustaldia, puzgarriak, trebezia zirkuitua, zirku tailerra, eskalada, sormen tailer askotarikoak eta jolas ugariak egin dituzte goiz osoan zehar.

Arratsaldean ere ekintza ugari izango dituzte. Bazkalostean, adibidez, Andoni Ollokiegiren kontzertua izango dute, eta ondoren Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek antzerki bat eskainiko dute Maria Dolores Agirre euskal idazle, itzultzaile, irrati esatari eta euskara irakasleari buruz. Baserriko porrusalda deituriko clown emanaldi bat ere izango dute ondoren, eta hori amaitzean musikaren txanda izango da berriro: 18:30etik aurrera Argizulo Dub Station taldearen emankizuna izango da.


Gorka Rubio / FOKU

Auzolana, oinarrizko

Beste urte batez, eskola txikiek herri nahiz auzo txikietan duten eragina goratu nahi izan dute jaiaren bidez. «Errezilen dugun eskola txikiari esker, gure haurrek euren herrian hazi eta hezteko aukera dute. Adin askotariko ikasleen arteko harremanetan murgiltzen dira, euren jaioterrian kokatuta abiatzen dira ikaskuntza prozesuan, eta lehen mailako harremanetan sakontzeko aukera ematen diegu herriarekiko harremanetan» azpimarratu zuten antolatzaileek maiatzaren 28an, jaiaren aurkezpenean.

Iazko ekainean hasi ziren prestakuntza lanetan, eta, ordutik hona, jende andana aritu da lanean arloz arlo bereizitako taldetan banatuta. Oihana Trula Errezilgo Toki Alai guraso elkarteko ordezkariak nabarmendu zuenez, auzonala izan da horretarako giltza: «Auzolana gailendu da ikasturte osoan zehar gure artean. Eta pozik gaude egindako bidearekin. Pozik eta esker oneko, gainera, Gipuzkoako eskola txikietako irakasle, ikasle eta gurasoek ere eman diguten erantzun bikainarengatik ere».


Gorka Rubio / FOKU

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.